BILBAO. Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek nabarmendu duenez, “garrantzizkoa da adin goiztiarretatik kontsumo-gaietan prestatzea. Funtsezkoa da herritartasun aktibo bat sortzeko, kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak ezagutu eta horrek duen balioaz jabetu daitezen. Horregatik, Kontsumobidetik 20 urte baino gehiago dihardugu tailerrak eta jarduerak gehitzen, eta ikastetxeekin lankidetzan garatzen ditugu”.

Tailerrak arloka taldekatzen dira: Eskubideak eta Betebeharrak, Elikadura, Kontsumo arduratsua, Aisia, Jokoak eta jostailuak, Publizitatea, Segurtasuna, Etiketatua eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak. Arlo bakoitzaren barruan garatzen diren gaien artean hauek daude: Elikadura osasungarria, Nabigazio segurua internetetik, Bideojokoak, Ura eta energia aurreztea eta abar. Guztira 32 tailer desberdin.

Gainera, datorren ikasturterako lehen aldiz antolatu dira 4 tailer ingelesez “hezkuntzaren eremuan eta gizartearen eskakizunei erantzunez hirueletasunean aurrera egiteko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko planekin bat etorriz”. Hauek dira ingelesez garatuko diren tailerrak: Produktu baten bizi-zikloa eta Frutak eta barazkiak lehen hezkuntzako ikasleentzat eta Elikagaien manipulazio segurua eta Familia-ekonomia jokoan DBHko lehen zikloko ikasleentzat.

2018-2019 ikasturteko datuak (itxi gabe oraindik) dira programa horien arrakastaren erakusgarri: 50.000 ikasle baino gehiago, 125 ikastetxetakoak, eta orain arte 2.600 tailer baino gehiago emanak. Horregatik, Nora Abetek eskerrak eman dizkie ikastetxe guztiei “beren lankidetza eta inplikazioagatik, argi baitago haiek gabe ez litzatekeela posible izango”.

Kontsumobideko gainerako prestakuntza-programak gogora ekarriz amaitu du prentsaurrekoa Kontsumobideko zuzendariak. Programa horiek “era askotako kontsumitzaileei eta erabiltzaileei zuzentzen zaizkie eta eskatzen dituzten pertsonen eta kontsumitzaileen izaera eta ezaugarrietara egokitzen dira”.

Kontsumobidek bere prestakuntza-zentroetan antolatzen du prestakuntza eta beste tailer batzuk adineko pertsonen kolektiboentzat. Azken horiek, adinekoen kolektiboei zuzendutako prestakuntza-programek alegia, ikasturte honetan 2.169 pertsona baino gehiago hartu dituzte, 56 kolektibotakoak, 42 herritan egin diren 120 tailerretan. Jakina, Kontsumobidek antolatutako prestakuntza-programa guztiak doan eskaintzen dira.

Oraingo honetan, irailaren 27ra arte dago irekita adineko pertsonen kolektiboek izena emateko epea. Bestalde, ekainaren 19an amaitzen da Kontsumobide Jolasean programan izena emateko epea. Txiki Txokoa programa, Gasteizen garatzen dena, osatuta dago jadanik eskaintzen dituen 4 txandetan.