Sekulako beroa egin digu pasa den astean, eta beroa, eguzkia eta hondartza irudietan ikusita, zer esango dizuet bada, opor giroa etortzen zait burura. Agian gogo pixka bat dudala ere izango da, zertarako ukatu.

Aurreko artikuluren batean aipatzen nuen oporraldia izan daitekeela Namibian edo Errioxan, Perun edo herriko igerilekuan, estropadak edo pilota txapelketak, musika festibalak edo erromeriak auzoko festetan, baina gozatu, gozatu egin behar da.

Baten batek esango du ez zaiola beroa gustatzen, jende gehiegi pilatzen dela opor-lekuetan edo beste zer edo zer, baina ezin ukatuko digu eguraldi ona gerturatu ahala egunerokoa bera aldatzen zaigula gehienoi. Arratsaldero zerbait egiteagatik ematen digu, ilunabarrak luzatu egiten dira, garagardoren bat agian hartuko dugu,, agian gehiago eta beranduxeago oheratuko gara. Badirudi gure muturreko klima siberiarrak ekainera arte edo ez digula etxetik ateratzen uzten. Artikoa eta gu pare-parean.

Fitxaketa zurrumurruak egunero albistegietan, alerta gorriak, laranjak, horiak, marmokak, banderak ere horiak, berdeak, gorriak, enbatak, kotxe ilarak, kotxeak toperaino beteak, bainujantzi txikiegiak, eguzkitarako krema, betaurrekoak, karramarroak, bi hankadun karramarroak, txiringitoak, errusiar ensaladilla, plastikozko eserlekuak, azken hauek sortutako izerdiak, olatuak, toallak, txibi-errazio bat eta ardo beltza gaseosarekin... aurten ere bikini sasoia goizegi iritsi zait. Gehitu diezaiola bakoitzak arrosarioari gustuko edo gorroto duen hori.

Ez dakit zer izango den, aurretik aipatutako hori guztia edo horietako bakar bat, baina udak ematen digu irribarre txiki bat egiteko beta. Agian izango da lankideak bistatik kentzen dituela baten batek, edo ezer ez egitearen sentsazio hori areagotu egiten dela edalontzia eskuan eta begirada ortzi-mugan galduta dugunean, baina lasaiago ibiltzeak ez dauka preziorik niretzat, gosea daukazunean jan, eta logura zarenean lo.

Hartu tartetxo bat zuekin egoteko, bakarrik, lagunekin, familiarekin, liburu bat irakurtzeko, edo bi, edo bost, paseo bat eman, zerbait berria ikasi, leku berri bat ezagutu, inoiz hitz egin ez duzun norbaitekin hitz egin, harengandik ere zerbait ikasi, baimendu zuen buruari hanka-sartzeren bat, berandu jaiki, haurrekin jolastu, eskua eman norbaiti.

Nahi duzuena egin, benetan, baina betikora bueltatzean mesedez, arren, otoi, sentitu zaitezte munduari larrua jo izan bazeniote bezala, bilatu nork bere asetzea, urte guztian zehar zaila izango baituzue horretarako betarik hartzea.