donostia - Kaltea txikia dela ikusita ere, haurdunaldian amek aire-kutsatzaileekiko izandako esposizioak haurrengan -mutilengan batez ere- eragina duela frogatu du INMA proiektuak. Besteak beste, memorian, hizketan eta kognizio orokorrean atzeman dira kalteak.

INMA proiektuan sartuta dauden hiru eskualdetako datuak aztertu dituzte: Gipuzkoako Goierri, Valentzia eta Sabadell. Aurreneko azterketetan aire-kutsatzaileek jaioberri eta 15 hilabeteko umeengan zuten eragina izan zuten aztergai. Oraingoan, lau eta sei urte bitarteko haurren egoera aztertu dute, sortu aurretik aire horiekiko izan zuten esposizioak haien garapen kognitibo eta motorrean eraginik izan ote duen aztertuz. Lehendabizikoan edoskitzeak haurrak partikula horiek eragindako estresetik babesten zituen; azkenekoan, berriz, lau eta sei urte bitarteko umeei jaioberritan izandako edoskitzeak inolako babesa ematen dienik ez da ikusi.

Baina zein dira aztertzen dituzten aire-kutsatzaile horiek? Nitrogeno dioxidoa (NO2) eta 2,5 mikra baino gutxiagoko partikulak (PM2.5). Bi partikula horiek giza osasunaren hainbat alderdiri eragiten diote, hala nola sistema kardiobaskularrari edo arnas aparatuari, bai eta fetuen garapenari ere, oxidazio-estresa sorrarazten baitute eta partikula eta substantzia batzuk neurotoxikoak baitira.

“Estatu-mailako proiektu bat da INMA, jarraipen-azterketa bat. Emakume haurdunekin hasi ginen, haurdunaldian izan zuten aire-kutsatzaileekiko esposizioak haien garapen fisikoan zer eragin zuen aztertzeko. Eta ondoren hasi ginen haurdunaldiko esposizioak jaiotako umeen garapen fisikoan eta neuropsikologikoan zuen eraginaren jarraipena egiten. Hamahiru urte daramatzagu horretan”, azaldu du INMA proiektuan murgilduta dagoen Aitana Lertxundik, hots, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Prebentzio eta Osasun Publikoa saileko ikertzaileak.

Hasieran aipatu moduan, kutsa-tzaileek eragindako kaltea eskasa da eta emaitzak ez dira estatistikoki oso esanguratsuak. “Dena den, emaitzak sexuaren arabera banatu genituenean, konturatu ginen kutsatzaileek eragin handiagoa zutela mutilengan, eta zenbait alderditan eragina estatistikoki esanguratsua ere bazela, hala nola memorian eta hizketan”, adierazi du Lertxundik.

Mutilek substantzia neurotoxikoekiko duten sentikortasun handiago hori dela eta, kasua sakonago aztertu beharko litzatekeela uste du INMAk.

2006. urtean sortu zenetik hamahiru urte daramatza funtzionatzen INMA proiektuak: Espainiako Estatuko ikerlari talde batzuen sarea da. “Ikerlariok jakin nahi zuten, besteak beste, airean, uretan eta elikagaietan zeuden kutsatzaileek nola eragiten zioten umekiari, jaioberriari eta, azkenik, umearen hazkuntzari nahiz garapenari. Eta, xede hori buruan zutela, INMA proiektua sortu zuten”, azaltzen dute haien webgunean.

Azken urteotan gaixotasunen kopurua handitu egin dela ziurta-tzen du INMA proiektuak eta horrek umeen garapen fisiko, sozial eta intelektualak galarazi egiten ditu.

Azkenean, umearentzat ezinbestekoa da substantzia kutsagarrietatik urrun egotea eta osasuna zaintzea, bestela helduaroan arazoak izango ditu eta.

4-6 urteko mutikoak. Haurrek 4-6 urte dituztela, sortu aurretik Nitrogeno dioxido eta 2,5 mikra baino gutxiagoko partikulekiko izan zuten esposizioak haien garapen kognitibo eta motorrean eraginik izan ote duen aztertu du INMAk. Kaltea oso handia ez dela erakutsi bada ere, mutilengan nagusiki eman dela ikusi dute. Aipatutako partikulek, sistema kardiobaskularra edo arnas aparatua kaltetzearekin batera, fetuen garapenean eragina dute. Izan ere, oxidazio-estresa sorrarazten dute eta partikula eta substantzia batzuk, zentzu honetan, neurotoxikoak omen dira adituen arabera.