hernani - Juan Ignacio Pérez biologoak Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria jaso zuen atzo Hernaniko Chillida Lekun lehendakariaren eskutik. Sari hau curriculum bikainenari ematen zaion horretan, maiatzean Pérez irabazlea zela iragarri zenean, epaimahaiak erabakia hala azaldu zuen: “Zorroztasun akademikotik eta zientzia arlo guztien ezagutza zabaletik abiatuta, euskal gizartean kultura zientifikoa sustatu du”.

Juan Ignacio Pérezen ibilbide profesionalak lotura estua dauka UPV/EHUrekin. 1985. urtetik fisiologia arloko irakasle eta ikertzailea da, eta 1999tik katedraduna; 1998-2009 bitartean erantzukizuneko zenbait kargu bete zituen UPV/EHUn, 2004tik 2008ra bitartean bertako errektorea izan zela ahaztu gabe. Urkulluk, adjektibo bakar batean sar ez daitekeen “maisu” moduan definitu zuen Pérez: “Zabalkunde zientifikoarekin eta gure herriaren aurrerapenarekin engaiatuta dagoen pertsona da, mentalitate kritikoa eta hobekuntzarengatik pasioa daukana, intelektual zientifiko eta praktikoa”. Honekin bat, azpimarratu behar da Perezek euskara Unibertsitatean sustatzeko egindako ahalegina, eta, zientziaren hedapenarekin lotutako saioetan, egindako lana eta baliabide digitaletan bere espezializazio-arloa sakontzen eta ezagutzaren dibulgazio sozial zein zientifikoan eginiko kolaborazioak aipatu behar dira. “Sari hau egin duzun lanaren aintzatespen bat da, zientziarengatik duzun pasio eta ilusioa elikatzen jarraitzeko akuilua; beti hazkunde pertsonalaren eta gizartean dugun bizitzaren hobekuntzaren alde; planetaren azkeneko txokoetaraino demokrazia eta ongizatearen alde”, aitortu zion Urkulluk Perezi.

Aurten ere, sariaren 25. edizioarekin bat, lehen aldiz Gazte Saria banatu da, 35 urtetik beherako gazteen jarduna bultzatzea xede duena. Azken honen irabazlea, Aizpea de Atxa artista nafarra izan da, INpostuRA proiektuarengatik. Epaimahaiak Atxaren garaipena argudiatzeko hurrengo azalpena eman zuen bere momentuan: “Geure buruari sarritan egiten diogun nor naiz? galderaren inguruko hausnarketa modu dinamiko, interaktibo eta berritzaile batean planteatzen du”. Aizpea de Atxa, 21 urteko Arte Graduko hirugarren mailako ikaslea da. 2018an bigarren saria lortu zuen Nafarroako Arte Gazte Topaketetan Gorputzak lanarekin, eta aurreneko urtean hautatua izan zen horietan ere. “Aizpea de Atxak, bere lanaren bidez, berrikuntzari, sormenari eta berdintasunari buruzko haunsnarketa proposatu du, etengabe eralda-tzen ari den mundu ireki batean”, aintzatetsi zuen Urkulluk.