Hernani - Uda Parkean programazio kulturalaren laugarren edizioa prestatu dute Hernaniko Udaleko hainbat sail. Honela, uztailaren azkeneko asteburuan eta abuztuko lehenengoan adin guztietarako antzerkia, zirkua, zinea, dantza, musika eta jolasak izango dira Ave Maria parkean.

Hasteko, uztailaren 25, 26 eta 27an Gure Zirkuaz gozatzeko aukera egongo da. Egunero bi saio eskainiko ditu Iker Galartza aktoreak iaz martxan jarritako zirku ibiltarian. Hainbat disziplinatako euskal artistek lan egin dute bertan. Dagoeneko sarrera gehienak saldu dira, baina oraindik batzuk lortzeko aukera dago www.ticketea.com helbidean edo astelehenetik aurrera, 18.00etan, zirkuan bertan zabalduko den leihatilan.

Ekintza gehienak abuztuaren lehenengo asteburuan burutuko dira. Honela, abuztuaren 1ean, 18.30ean Ttapa-Ttapa ibilaldia Atsegindegitik atera eta Ave Maria parkean amaituko da. 19.30ean El Fedito konpainiaren Oyun ikuskizuna eskainiko dute. Zirkua eta objektuen manipulazioa oinarri, eguneroko tresnak lagun (eltzeak, sokak, pertzak, malabareak), oreka jokoen bidez sortutako emanaldia da. Hainbat sari jaso ditu, tartean, Gasteizko Kaldearte. 20.30ean Económicas antzezlana ikusteko aukera egongo da. Bi emakume hernaniarrek sortutako lana da. Eguna amaitzeko, 22.00etan familia guztiarentzako Horma erlojua duen etxea filmea botako dute.

Abuztuaren 2a haurrentzako jolasekin hasiko da, 18.00etan urezko jolasak izango dira zero eta hiru urte bitarteko haurrentzat eta bost urtetik gorakoentzat egurrezko jokoak izango dira. 20.00etatik aurrera bi dantza saio labur eskainiko dira: Haatik dantza konpainiaren Lau eme eta Ertzaren Meeting Point (2018an Max saria lortu zuen). Amaitzeko folk musikako kontzertua programatu da Korrontzi taldearen eskutik. Emanaldian, Oinkari dantza taldeak ere parte hartzen du.

Azkeneko egunean, abuztuaren 3an, harmonia eta kaosa uztartuta, orekarekin lan handia egiten duen Vaiven Circo andaluziako taldeak Esencial lana eskainiko du 19.00etan eta 20.30ean gazteen-tzat rap kontzertua izango da 2Zio taldearekin.

Afariak Hernaniko Udalak afari-meriendak parkean berreskuratu nahi ditu eta horregatik janaria etxetik eramanda edo bertan erosita (Furgo Farran) egunero afari-meriendak parkean egiteko gonbita egiten du. - A.M.