BILBO. Urtero legez, Gasteizek 'Kazetaritza, bertatik bertara' jardunaldiak hartuko ditu abuztuaren 26tik 30era. Bertan, prentsako profesionalek (kazetariak, argazkilariak...) eguneroko tratamendu informatiboa aztertuko dute. Ekitaldiaren aurkezpenean, Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok jardunaldiak “herritar guztiei irekitako eztabaida eta gogoeta espazioak sortzeko asmoz, informazioaz sakonago eta lasaiago hausnartzearren, urteko beste garai batzuetako presarik gabe” direla azaldu du.

Kazetaritza, bertatik bertara jardunaldiek zazpigarren edizioa beteko dute, azken hilabeteetan nazioartearen arreta erakarri duten gaiei begira: uraren krisia, Ekialde Ertaineko gatazka, populismoak edo ‘fake news’ direlakoak, besteak beste.

Jarduera gehienak Gasteizeko Europa jauregian egingo dira. Funtsean hitzaldi eta mahai-inguruek osatzen dute programa, zeinetan leku gatazkatsuetan lan egiten duten berriemaileak, ordezkari bereziak, prentsa-argazkilariak edo beste profesional batzuk arituko baitira.

Hitzaldi eta solasaldiak 12:00etan eta 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea izango da, lekuak bete arte. Gauez, programan landutako edukiekin lotura duten filmen ziklo bat antolatu da. Florida zinema-aretoetan izango dira proiekzioak, 3 euroan.

Kalean bertan Pedro Armestre prentsa-argazkilari galiziarraren argazki-erakusketa jarriko da, “Haurren ezkontzak” izenburuarekin. Sierra Leonako hegoaldeko neska eta emakumeen egoera ikusarazi nahi du erakusketak. Gasteiz hiribidean ikusi ahalko da, Europa biltzar jauregiaren ondoan, abuztuaren 12tik irailaren 1era arte.

Ospe handiko kazetariak eta prentsa-argazkilariak etorriko dira hirira, informazio mota horretan esperientzia luzea dutenak: Pedro Armestrez gain, Mónica García Prieto, Jesús Nuñez Villaverde, Sandrine Morel eta Karlos Zurutuza.

Aurtengo berritasuna abuztuaren 30ean iritsiko da, 19:00etan ANTÍLOPEZ taldearen musika ikuskizunak emango baitio amaiera programari. Bikote huelvarrak ibilbide luzea egin du, musika eklektikoa eta umore adimentsua nahastuz, eta haien hitz garratzak eta estilo berdinezina gaurko errealitatearen kronika dira.