BILBO. Gipuzkoako bost herrialdek, Arrasate, Eibar, Tolosa, Beasain eta Irun, parte hartuko dute “Gourmet Bag 2.0” proiektuaren bigarren edizioan. 3.125 ontzi ekologiko banatuko dira ostalaritzan dagoen elikagaien xahutzea murrizteko.

José Ignacio Asensio Ingrumeneko diputatuak, Kino Martinez Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkariak eta Xabier Arizmendi Impact Hub Donostiako gerenteak “Gourmet Bag 2.0” proiektua aurkeztu zuten, iaz izen berarekin abian jarri zen proiektu pilotuaren jarraipena, hain zuzen. Proiektu horrek helburu nagusi bat du, hau da, jatetxeetan eskatu eta jaten ez diren elikagai guztien xahuketa saihestea.

Ingurumeneko Departamentuak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen eta Impact Hub Donostiaren lankidetzarekin, sustatu duen ekimen honi esker, Gourmet Bags edo ontziak emango zaizkie bezeroei, soberako anoak etxera eraman ahal izateko, nahi izanez gero. Iazko proiektu pilotuan Donostiako establezimenduak bakarrik parte hartu zuten, baina bigarren edizio honetan Gipuzkoako bost udalerri hauetako 25 taberna eta jatetxek parte hartuko dute: Arrasate, Eibar, Tolosa, Beasain eta Irun.

Gourmet Bags-ak ontzi ekologikoak dira, paper birziklatuarekin egindakoak, eta mikrouhinean sartzeko modukoak. Halaber, tuper horiek konpostagarriak eta erabat biodegradagarriak direnez, erabiltzaileek edukiontzi marroira bota ahal izango dituzte.

Jose Ignacio Asensiok azpimarratu zuen elikagaien xahuketaren kontrako borroka lan lerro garrantzitsu bat dela klima aldaketaren aurkako borrokaren barruan: «Elikagaien xahutzea herrialde bat izango balitz, munduan isurketa gehien sortzen duen hirugarren herrialdea izango litzateke, Txina eta Estatu Batuen ondoren. Horregatik, aurre egin behar diogu elikagaien xahuketari, lehen mailako arazoa baita. Hortaz, “Gourment Bag” proiektua elikagaien xahuketa murrizteko erronkaren aurrean sortu da, eta lurraldeko hiri hondakinen kudeaketari, ekonomia zirkularrari eta hondakinen hierarkiari buruzko plangintzarekin bat eginez. «Uste dugu Gipuzkoan 123.000 tona elikagai xahutzen direla urtero (% 23 alferrik galdutakoa eta % 77 galerak), bereziki etxeetan eta ostalaritza sektorean (hotel, jatetxe eta kafetegietan), leku horiek baitira xahuketaren eragile nagusienak» esan du Asensiok.

Kanpainak kontsumitzaileei zuzendutako kontzientziazio izaera argia du, eta tuperraz gain, informazioa ere emango zaie jatetxeetako bezeroei, elikagaien xahuketaren aurka konprometituta eta kanpainari atxikiak dauden establezimenduak identifikatu ahal izateko.

Gourmet Bag proiektuaren bigarren edizio honetan 3.125 ontzi jarriko dira zirkulazioan, eta, informazioko materialaren kasuan bezala, doan jarriko dira establezimenduen eskura. Halaber, parte hartuko duten establezimenduetako arduradun eta zerbitzariei zuzendutako tailerra antolatuko da, gai honen inguruan sentsibilizatu daitezen eta zentro aktibo gisa koka daitezen elikagaien xahuketaren aurkako borrokan. Gainera, standak eta informazio kartelak jarriko dira establezimenduetan, eta ekimen hori martxan egongo den hiru hilabeteetan, urritik abendura, telefono bidezko eta aurrez-aurreko zerbitzu bat eskainiko da, baliagarria izango dena establezimenduei babesa emateko eta kanpaina garatzen den bitartean haiek behar duten laguntza eskaintzeko.

Gourmet Bag ekimen irekia da, eta proiektu horretan interesa duten establezimendu guztiek harremanetan jar daitezke Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin edo Impact Hub Donostiarekin. Abuztuan egingo da parte hartzaileen azken hautaketa.