BILBO. Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren zirkulazioan jarriko ditu datorren asteburuan. Trenak museotik irtengo dira eta Lasaora zirkulatuko dute larunbatean, abuztuaren 10ean, 12:30ean eta 18:00etan eta igandean, hilaren 11an, 12:30ean.

Euskotrenetik adierazi dutenez, Burdinbidearen Euskal Museoaren ordutegia 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era da asteartetik larunbatera, eta igandeetan eta jaiegunetan 10:30etatik 14:00etara, astelehenak izan ezik.

Joan den abuztuaren 1etik hilabete osorako programatutako lanegunetako diesel trakziozko trenak zirkulatzen ari dira. Azpeitiko Burdinbidearen Museotik Lasaora joateko trenaren irteera orduak 12:30ean eta 18:00etan dira.

"Museoak bere instalazioetan Europako trenbide bildumarik hoberenak erakusten ditu, mota guztietako ibilgailuekin: lurrun, diesel eta elektrikoak diren tren makinak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak. Horrez gain, Euskadiko makina erreminta multzo osoenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekanikoa izandakoaren bitartez, eta XIX. mendearen amaieratik trenetan erabilitako uniformeen erakusketa bikaina eta mundu osoko tren arloko erloju bilduma hoberenetakoa dauzka", adierazi dute Euskotrenetik.

Bestalde, 'Mugikortasun elektrikoak 130 urte Euskadin' dago ikusgai. Historikoki, Euskadi mugikortasun elektrikoaren arloan liderra izan da penintsula osoan. Euskadin jarri zen abian estatuko lehen tranbia elektrikoa, 1896an, Bilbo eta Santurtzi artean, baita lehen tren elektrikoa ere, Ulia mendikoa, 1902an. "130 urteko ibilbidearen ondoren, interesgarria da atzera begiratzea eta Euskadiko mugikortasun elektrikoaren historia aberatsa aztertzea", nabarmendu dute.

Horretarako, Museoko kotxe tokietan banatutako 16 panel jarriko dira ikusgai erakusketan, eta abentura teknologiko honen protagonista izan diren zenbait ibilgailu ere ikusi ahal izango dira. Bestetik, trakzio azpizentralaren ondoko eraikinean, Urolako trenak 1925etik erabiltzen zituen trakzio energia transformatzeko eta artezteko sistema konplexuak ikusteko aukera izango dute bisitariek.