GASTEIZ. Arabako Foru Aldundiak, oreinen marrualdiak babesteko xedeaz, ibilgailuen zirkulazioa murriztuko du Gorbeian eta inguruetan irailaren 2tik urriaren 6ra biitartean. Mugatuko diren eremuak parkearen Arabako aldeko Zuia eta Zigoitiko udalerriak izango dira.

"Neurri honen bidez, eragotziko da oreinak barreiatzea ugaltze garaian dauden bitartean, eta hautespen naturalaren lagungarri izango da, kanpoko perturbazioak minimizatuz. Halaber, aurreko urteetan marrualdian motor ibilgailuen zirkulazioa murrizturik, hobetu egin da espeziea, eta gutxitu egin dira kalteak eremu horretan", adierazi dute Foru Aldunditik.

Egur, larre, luberri edo sasien aprobetxamenduekin edo zientzia ikerketekin zerikusia duten kasu baimenduetan, galarazita egongo da motordun ibilgailuen zirkulazioa. Marrualdian zirkulazioa mugaturik izango duten pista eta bideak behar bezala seinalatuko dira. Era berean, zaldiz eta mendi bizikletaz egiteko ibilbideetarako ere parkeko arduradunen baimena beharko da.

Norbanakoek edo taldeek marrualdi sektorean oinez egiten dituzten ibilaldiak Zidorren Sare Nagusian zehar egingo dira, horietatik inolaz ere aldendu gabe. Marrualdian espeziearekin zuzenean zerikusia duten ekintzak egin ahal izateko, parkeko kudeaketa organoaren berariazko baimena beharko da, eta organo horrek ezarriko ditu lekuei, orduei eta jokabideei buruzko baldintzak.

Parkeko kudeaketa organoak debeku eta muga horien berri eman beharko die kasuan kasuko udalei, administrazio batzarrei eta ehiza esparruei. Perretxikoak batzea ere galarazita egongo da epe horretan marrualdiaren eremuan, eta orobat premiazkoak ez diren basoko ekintzak ere, hala nola inausketa, mehazketa eta abar. Epe baterako murrizketa horrez gain, ezen pertsona baimendunak bakarrik ibil daitezkeela ibilgailuekin Gorbeiako bide eta pistetan (abeltzain, nekazari, finka ugazaba, basozain eta abar).

"Arabako Foru Aldundiak gogorarazten du murrualdia ikusi nahi duten pertsonek horretarako gaitutako gune berezietan egin beharko dutela, alegia, entzuteko, behatzeko, argazkiak egin eta filmatzeko behatokietan. Leku horietan, gainera, beharrezkoa izango da zenbait arau betetzea, hala nola isilean egotea, flashik eta fokurik gabe. Bideetatik kanpo irudiak grabatu ahal izateko, Parke Naturalaren berariazko baimena behar da eta arauak bete behar dira: tokiak, ordutegiak eta jokabide arauak", gogorarazi dute.