europa mailan balio handiko eremua diren Pirinioek, arretaz zaindu beharreko zenbait hegazti-espezie deigarriren habitata osatzen dute. Hain zuzen ere, hegazti horiek, bizileku dituzten habitat naturalen kontserbazio-egoera onaren adierazle dira.

Gaur egun, Pirinioetan, besteak beste, ugatza, sai zuria edo miru gorria eta haien habitatak kontserbazio-egoera larrian daude. Babestea eta zaintzea ezinbestekoa da, eta norabide horretan dabiltza lanean. Datuak oso esanguratsuak dira. Esate baterako, ugatza, ale kopuruari dagokionez, Gipuzkoan ia anekdotikoa da; azken urteotan Aralar inguruan bizi diren hiru ale baino ez daude. Sai zuri ugalketa-bikoteak dozena inguru; kopuru hau Gipuzkoan nahiko egonkor mantentzen da handitzearen aldeko joeran. Miru gorria espezieko bikote-ugaltzaileak hogei inguru dira, eta itxura batean, hauen kopurua ere egonkor dago goranzko joerarekin; oso berri ona da, “desagertzeko arriskuan” dagoen espeziea baita. Miru beltzari dagokionez, nahiko ugaria denez, ez dago espezie honen berariazko erroldarik.

Beste batzuek, sai arreak adibidez, biziraupen egoera hobea dute. Nahiz eta populazioa iraganean arriskuan egon, bai Gipuzkoan bai inguruko eremuetan gora egin du azken hamarkadetan, eta Gipuzkoako Aldundiak 2018an egindako azken erroldan 271 bikote habiagile zenbatu ziren, hau da, populazioa lau aldiz biderkatu da azken hogei urteotan. Hala ere, nahikoa espezie laidoztatua, baztertua da.

Hori dela eta, Pirinioetako bi aldeetako erkidegoek, besteak beste, Euskadik (Gipuzkoako eta Arabako foru aldundien bidez) eta Nafarroak, Europako Ecogyp proiektuarekin bat egin dute, arriskuan dagoen harrapari nekrofago (hildako animaliak jaten dituzte) hauen habitata babesteko. Espezie horiek eta haien habitatek mesede handia dakarte ekosistemen orekarako, eta baita gizakiontzat ere, sortzen dituzten onura ekosistemakoengatik.

Ekoturismoa ere kontuan izateko gaia da. Hegazti hauen hegan egiteko ahalmenak betidanik liluratu gaitu, eta horregatik etortzen dira urtero Pirinioetara milaka europar hegazti horien dotoreziarekin goza-tzera.

Gainera, oso txoko ekologiko berezia dute. Ekosistemetan funtsezko zeregina betetzen dute, abeltzaintzari lagunduz; beste animalia batzuen gorpuak probestu eta jaten dituzte; materia hila proteina bizi bihurtzen dute, kate trofikoetara itzuliz; eta abeltzaintzari zein gizakioi kaltea ekar dakiguken eragile patogenoen ugalketa eta gaixotasunen hedapena mugatzen dute.

Izan ere, putreen jarduerak dakarren aurrezki ekonomikoaren zenbatespenak egin dira, ustiapenetan hiltzen diren abereen hilotzak erretiratzeko kostua murriztu egin baita; eta kopuruak kontuan hartzeko modukoak dira: urtean 800.000 euroko aurrezkia Pirinio Atlantikoetan eta 500.000 eurokoa Nafarroan.

Zoritxarrez, hegazti nekrofago horien populazioa nabarmen ari da jaisten munduan zehar; aldiz, Pirinioetan populazioak maila osasun-tsuan mantentzen dira. Eta, hain zuzen ere, populazio horiek kontrolatzeko sortzen da Ecogyp proiektua. Egitasmo horrekin Pirinioetako erakundeen arteko koordinazioa bultzatu nahi da; informazioa elkarbanatu, esperientziak trukatu eta nazioz gaindiko lankidetza gauzatu.

bioaniztasuna Ecogyp 2017-2019 egitasmoaren bazkide dira Hazi Fundazioa, Arabako Foru Aldundia, Nafarroako Ingurumenaren Gestioa, Aragoiko Gobernua eta Ligue Francaise pour la Protection des Oiseaux/BirdLife; eta hauekin bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Catalunya-La pedrera Fundazioak, eta Nafarroako Gobernuak. Proiektuaren helburuak garbiak dira: eragile guztien arteko elkarlana sendotu, Pirinioetako biodibertsitatearen kontserbazioan lagundu, eta ondare natural eder honetako espezie esanguratsuenak zaintzea.

Jarduera horiekin aztertu eta balioan jarriko dira Pirinioetan harrapari nekrofagoek eta haien habitatek eskaintzen dituzten zerbitzu ekologikoak, ondoren, kudeaketarako mugaz haraindiko estrategiak sortzeko, eta harrapari nekrofagoen eta gizakion jardueren arteko loturak sendotzeko.

2017-2019 epealdiari dagokion egitasmo hau %65ean Europar Batasuneko funtsekin finantzatzen da; gainerakoa, Nafarroako Gobernuak, Kataluniako Generalitatek, Frantziako Ingurumen Ministerioak, eta Akitaniako eta Okzitaniako eskualdeek jarriko dute, besteak beste. Euskal Autonomia Erkidegotik, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesa du.

Aurrekontu orokorra 2,2 milioi eurokoa da, eta horietatik 125.000 euro dagozkio Gipuzkoari.

Azterketa egiteko, Gipuzkoan hamahiru sai arre harrapatu dituzte Arantzazun, eta horiei GPS igorleak jarri zaizkie. Gailu teknologiko horiek 50 gramoko pisua dute, eta bizkar-zorro gisa ipini zaizkie. GPS seinaleak erregularki igortzeko programatuta daude, eta horri esker, putre bakoitzak urteetan egiten dituen mugimendu guztiak ezagutu ahal izango dira. Emaitzak baliagarriak izango dira sai arreen biziraupena, baliabideen aprobetxamendua eta lurraldearen erabilera balioesteko, eta horrek, aldi berean, populazioaren kudeaketa-neurriak diseinatzea ahalbidetuko du. Espezieari buruzko ezagutza zientifikoa areagotzea da helburua, gero hobeto kudeatu ahal izateko.

Gipuzkoako Foru Aldundia hainbat ikerketa eta kudeaketa-lan egiten ari da sai zuriarekin eta miru gorriarekin; GPS bidezko jarraipenak, galtzeko arriskuan diren espezie horien ugalketaren azterketak eta beste hainbat jarduera.

Hazi Fundazioko José María Fernándezen iritziz, “ekintzak burutu ahala lortzen diren emaitzek populazioen diagnostikoak hobetzen eta eguneratzen laguntzen dute, espezie horiek giza jarduerei dakartzaten ekarpenak balorean jartzen dituzte, eta gizarteari mezu informatuagoak helaraztea ahalbidetzen dute”. Hazi Fundazioko teknikariaren ustetan, “espezie hauen babesean lanean dabiltzan Pirinioetako bi alderdietako eragile eta administrazioek informazioa, protokoloak eta sistemak partekatzea erdietsi da; lankidetza estuagoa da eta teknikariek elkar ezagututa errazago egiten dute aurrera hainbat gaietan. Horrekin bakarrik, hobetu egiten da kontserbaziorako perspektiba; bakoitza bere aldetik aritzea eragozten baitu, aurrez besteren batek egindako akatsak ekidinez”, dio José María Fernándezek.

Ugatza. Hegazti hau 2,80 metroko hego-zabalera izatera iritsi daiteke eta zazpi kilo pisa-tzera. Sistema menditsu, malkar-tsu eta barrunbe, haitzulo eta itsaslabar handiak behar ditu habia egiteko. Errunaldiak bikoi-tzak izaten dituen arren inoiz ez dira hazten bi txitak: zaharrenak beti hiltzen du txikiena, jateko..

Sai arrea. Iberiar Penintsulako antzinako gizakia abeltzain izaten hasi zenetik gaurko egunera arte, sai arrea gizakiaren artzain-jarduerarekin estuki lotuta egon da, osasun-lan eraginkorra egiten baitu. Hainbat hamarkadatan burugabeki jazarria, sarraskijale hau galtzeko arriskuan izan zen, baina presioa lasaitu ondoren, izugarri ugaritu da berriro ere.

Sai Zuria. Espainiako hainbat eremutan ugaria zen espezie honek populazio-beherakada larria izan zuen, eta, hamarkada batzuetan, bizirauteko egoera arriskutsua izan da. Arazo honen eragile izan dira elikadura-baliabideen galera eta jazarpen ulertezina; batik bat, hegazti sarraskijale hau legez kanpoko pozoien eraginarekiko bereziki sentikorra delako.

Miru gorria. Hegazti ikusgarria da. Bikaina. Dantzan ibiltzen da Pirinioetako zeruan oso mugimendu arinak eginaz. Galzorian dagoen espezie gisa katalogatuta dago. Ekosistemen egonkortasunerako eta iraunkortasunerako ezinbesteko diren hegazti nekrofago handienen taldea osatzen du.

espezie babestuak. Goiko argazkian, ugatz bat (Gypaetus barbatus) iazko uztailean, Buseun, Lleidako Pirinioetan, harrapatutakoa. Eskubian, sai arre talde bat (Gyps fulvus) Gardelegin (Gasteiz). Goian eskubian sai arre bat (Aegypius monachus) Gardelegin; eta, alboan, beste ugatz bat, hau ere Buseun, Lleidako Pallars Sobarigoko eskualdean. Argazkiak: Mikel Arrazola eta Julen Rekondo