Juan Luis Zabala Idazle eta kazetaria

“Komikiaren ukitu futuristak Euskaltzaindiari buruzko aurreiritziak gainditzen lagunduko du”

Juan Luis Zabala idazle eta kazetariak ‘Euskaltzaindia, euskararen 100 urteko laguna’ komikiaren gidoia egin du, igandean egunkariarekin batera zabalduko dena

10.02.2020 | 05:42
“Komikiaren ukitu futuristak Euskaltzaindiari buruzko aurreiritziak gainditzen lagunduko du”

Bilbo - Kazetari, idazle eta orain komikigile bihurtu da Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963), Euskararen Akademiaren mendeurrena ospa- tzen denean, Amaia Ballesteros irudigilearekin elkarlanean aritu baita gipuzkoarra, Akademiaren historia kontatzen duen komikia ondu baitute biek. Idazleak berak aitortzen duenez, helburua Euskaltzaindiaren historia modu entretenigarrian konta- tzea izan da komikia hasi zuenetik; horretarako "irakurle gehienengana iristeko moduko kontaketa bat egin dut".

Nola hartu zenuen proiektu honen enkargua?

-Harriduraz eta ilusioz. Eta beldur pixka batez ere bai, ez baita erraza hain garrantzi handiko erakunde baten historia modu entretenigarrian kontatzea. Zaila da hori denen gustua asez egitea.

Euskaltzaindiaren historia liburu batean bilduta dago jadanik, baina komiki batean hainbeste informazio biltzea nolakoa izan da?

-Lan handia izan da, eta zalantza asko izan ditut bidean, baina Euskaltzaindiaren laguntza izan dut, Andres Urrutia euskaltzainburuarena eta Erramun Osa idazkariordearena batik bat.

Zein izan da zailtasun handiena?

-Gertaera eszenifikatuak eta biziak bilatzea edo irudikatzea, kontaketa guztia ez izateko datu historikoen eta Euskaltzaindiak egindako lanen pilaketa lehor bat. Horretarako, batzuetan lekukotasun dokumentatuetan oinarritu naiz, beste batzuetan lizen-tzia batzuk hartu ditut, "Se non è vero è ben trovato" esaldian babestuta ("Egia ez bada, ondo ekarria dago").

Horrelako lanik egina zenuen noizbait?

-Ez, komikigintzan ez naiz aritu orain artean, baina beti izan dut fikziorako gidoigintza lantzeko gogoa.

Hainbatetan azpimarratu duzu Euskaltzaindiaren historia modu entretenigarrian kontatu nahi zenuela. Hori izan da helburu nagusia enkargua hartu zenuenetik?

-Bai, ahalik eta irakurle gehienengana iristeko moduko kontaketa bat egitea, Euskaltzaindiaz asko jakin gabe ere interesa izan dezaketen irakurleentzat.

Eta lortu duzula esango zenuke?

-Hori orain ikusi eta baloratu beharko da. Kirolariek esaten duten bezala, nik barruan neukana eman dut egindako ahaleginean, taldekideak ere oso ondo lagundu didate, Amaia Ballesteros gidoiaren ko-egileak eta irudigileak batez ere, eta horrenbestez egindakoarekin gustura geratu naiz.

Akademiaren irudi zaharkitua aldatu nahi zenuela esan duzu ere. Helburu horri dagokiola, lortu duzuela uste duzu? Eta zer prozesu abiatu duzu hori lortzeko?

-Batetik, historiako pasarte garran-tzitsuenekin batera narratiba aldetik erakargarrienak izan daitezkeenak sartzen saiatu naiz. Bestetik, horretan laguntza handia da Amaia Ballesterosek egiten duen kolorearen erabilera. Kolorez jantzi du argazkien bidez ezagututa zuri-beltzekoa iruditzen zaigun Euskaltzaindiaren lehen urteetako historia.

Zergatik erabili duzu zyborg bat Akademiaren historia konta- tzeko?

-Zyborga baino, androidea da. Zyborgak tresna robotikoz hornitutako gizakiak dira; androideak, berriz, gizaki itxurako robotak. Zientzia fikziorako zaletasuna piztu zait azken urteetan, eta pentsatu nuen Euskaltzaindiaren istorioari ukitu futurista emateak lagunduko zuela Akademiari buruz dauden aurreiri-tziak gainditzen.

Beste gidoirik egin duzu noizbait?

-Antzerki baterako testua idatzi nuen behin, aspaldi, eta taulara ere iritsi, oso modu apalean izan bazen ere. Film luze baterako gidoi bat ere idatzi nuen aspaldi, inork eskatu gabe, argitaratu ere bai... Baina inork ez zuen filmatu, jakina.

Zuk zeuk ezagutzen ez zenituen datuak ezagutu dituzu?

-Bai, jakina. Asko. Resurreccion Maria Azkue ezagutzen nuen lehendik, baina lan hau egitean harritu egin naiz. Lehen baino mirespen handiagoa diot orain, bere alde ilunak ere badituen arren. Horietako batzuk ere ageri dira komikian.

Nahiz eta nobelagintzan ibilia zaren, komigintzan lehenengo esperientzia izan da hau... proiektu honek ateak ireki dizkizu etorkizunean lan honetan murgildu ahal izateko?

-Ni prest nago komikigintzarako nahiz zinemarako gidoiak egiteko, baina ez da erraza horretarako aukerak izatea.

Gazteentzat bideratutako produktua dela esango zenuke, edo guztiontzat interesgarria suertatu daitekeena?

-Ez da beren-beregi gazteentzat bideratua, adin guztietako irakurleentzakoa da. Baina uste dut izan daitekeela ikastetxeetan erabilgarri.

Zer iruditzen zaizu Euskaltzaindiaren historia kontatzeko komikia bezalako herraminta bat erabiltzea?

-Oso egokia. Berez, komikiak, literatura idatziak bezala, edozer gauza kontatzeko eta azaltzeko balio du, eta oso erakargarria izan daiteke ondo lantzen denean.

Etorkizunari dagokiola? zertan ari zara lanean?

-Une honetan, itzultzaile, kazetari eta idazle profesional autonomoa naiz, hiru zereginak diru gehien ematen didanetik gutxien ematen didanerako hurrenkeran jarrita. Lan askoko boladak izan ditut, baina azkenaldian, aldiz, lan gutxi daukat... Horrela ibili ohi gara autonomoak. Hollywoodeko aktore handiak bezala, baina beste maila ekonomiko batean, jakina.