JARDUNALDI TEKNIKOa

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak saneamenduaren arau-esparruaren etorkizuna aztertuko du

Jardunaldia azaroaren 5ean egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian

10.02.2020 | 09:15
Jardunaldiaren kartela

Jardunaldia azaroaren 5ean egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian

BILBO. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, Ur Hornidurako eta Saneamenduko Espainiako Elkartearekin (AEAS ? Asociación Española de Abastecimientos de Agua y Saneamiento) lankidetzan, jardunaldi tekniko bat antolatuko du azaroaren 5ean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, estatu osoko ur-kudeatzaileek hartuko dute parte. "Saneamenduaren eta arazketaren arloko lege esparrua.

Operadoreentzako erronka berriak" izenburupean, Europan lantzen ari diren eta datozen urteotan indarrean sartuko diren arauetan jarriko dute arreta.

Izan ere, ur-arazketaren eta saneamenduaren kudeaketa erregulatzen duen araudia etengabeko bilakaera izaten ari da, gizartearen aurrerapenaren eta ezagutza zientifikoaren, sanitarioaren eta ingurumenekoaren bide beretik. Jardunaldi profesional honen helburua honako hau izango da: arlo honetako legeria nagusiaren egungo egoera eta epe laburreko aurreikuspenak aztertzea. Ildo horretatik, arreta berezia jarriko da zailtasun handiko betekizunetan eta betekizun berrietan.

Era horretan, alderdirik korapilatsuenak aztertuko dira, besteak beste: operazioa, isurketa baimenak betetzea, zeharkako isurien arriskuak, isurien erantzukizunak, lehengoratutako urak eta arazketa-lohiak. Horrez gain, araudi berriek hartu duten norabidea azalduko da ?baita izapidetze-bidean dauden araudiena ere?, berehalako erronkak ezagutzera emateko. Izan ere, saneamendu-sistemak kudeatzen dituzten erakundeek ahalegin handia egin beharko dute betekizun berrietara egokitzeko.

Legeriaren analisi hori osatze aldera, kasu errealak ere erakutsiko dira, adituen eskutik, hartara, esperientzia berritzaileak partekatuz beste operadore batzuei hiri-urak kudeatzen laguntzeko. Jardunaldiaren 09:30ean inauguratuko da Fernando Morcilloren, AEAS elkarteko presidentearen, eta Kepa Odriozolaren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidentearen, eskutik.

Une horretatik aurrera eta egun osoan zehar, hainbat adituk parte hartuko dute, besteak beste: Alejandra Puig Infante, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren Uraren Zuzendaritza Nagusiko Kontrol Arloko burua, eta Alejandro de la Sota, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren ordezkaria EUREAU erakundean (Europa osoko ur-operadoreak biltzen dituen erakundea). Horrez gain, URA, EMACSA, ESAMUR, EMASESA eta beste hainbat erakunde publikok esku hartuko dute eta, hala nola, DRACE Infraestructuras eta Cadagua enpresek.

Biltzarrean hainbat gai jorratuko dira. Horien artean, nabarmentzekoak dira: datozen urteetan ordenantzetan eta isurien araudietan indarrean sartuko diren bainatzeko uren eta hondakin-uren inguruko zuzentarau berriak, nekazaritzan erabiltzeko ur lehengoratuen araudi berria, arazketa-lohiei buruko araudiaren bilakaera eta kutsatzaile berriei aurre egiteko erronka.