Bertsolari, poeta eta abeslari plantak egin ditugu Barañaingo Alaitz ikastetxe publikoan, guztiok elkartu eta islatuko gaituen kantua osatzeko. Eta zinez emankorra izan da ereindakoaren uzta. Aste gutxitan bi kanta eder sortu baititugu talde-lanean, gurean hain errotuta dagoen lan-kooperatiboan. Zuek erabaki zein den kanturik onena.

Barañainen ospatutako bertso egunean eratu zen gure lehenengo ereserkiaren enbrioia, Goizean Enkarguz izeneko ekitaldian. Bertan parte hartu zuten guztiekin elkarlanean, Alaitz Ikastetxearentzat propio kantu bat sortu zuten Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Zabala zein Alberto de Abajo musikariek. Sormen prozesua konprimitua, bizkorra, ikusgarria eta gardena izan zen, bi ordukoa. Artistek kantua sortzeko ezinbestekoa izan zen Alaitz Ikastetxeko ikasle, guraso eta irakasleen partehartzea.

Baina Kantu hori gure oroimenetik desagertuko zen Txema Beriain gure eskolako aitak esku hartu izan ez balu. Sortutako “harribitxia” leundu zuen gure Txemak. Partitura atera, musika grabatu eta ikasleak bere estudioan kantan jarrita grabatu zuen abestia. Ikasleen ahotsean eta Txemaren bideo-muntaketaren laguntzaz.

Kantu bat gutxi balitz, bigarrena Gure lehenengo kantuak kitzikatuta, eta auspo horrekin, bigarren kantu bat egiteari ekin zion Alberto Domingo eskolako irakasleak. Euskal Herriko talde ezagun batean ez du alferrik bereganatu Albertok esperientzia, eskarmentu eta talentua. Horregatik, txundituta utzi gintuen bere kantak. Bat-batean, eta ia konturatu gabe, bi ereserki berri zituen Alaitz gure ikastetxeak eta guretzat hunkigarriak biak ala biak!

Lehenengo kantuan koreografia eta abeslari lana ikasleek egin bazuten, bigarren kantuan irakasleak izan dira dantzari eta abeslariak, bi lan-talde berezi sortuta. Honenbestez, musika talde bikaina osatu dugu Alaitz ikastetxean, guztiak elkartu eta ilusioa, bizi-poza eragin digun ekimenean. Eta bi kantuetan izan dugu Txema Beriain gidari. Bereak izan baitira kemena eta eskuzabaltasunarekin batera, moldaketa, konposizio eta grabaketa guztiak, asmoa zena egi eta kantu bilakatu arte.

Beraz, Alaitzen prest gaude herria alaitzeko. Horretarako ari gara entseatzen, musika eta gorputz heziketako saioez baliatuta. Ikasle guztiei kanta ezagutaraztea eta beraiekin bideoklip bat egitea dugu helburu. Bina kantu, koreografia eta ereserki eskaini dizkiogu Barañaingo herriari. Kantatzen duen herria eta eskola ez baita inoiz hilko!

Egunero alaitzen. Aspaldi xamar egin genuen aukera // Hizkuntza asko dira gurea euskara // Barañainen egin nahi genuke aurrera.

Semafororik gabe etorkizunera // Egunero alaitzen, gure herria alaitzen // Zu izatea gurasoen nahia baizen // Bai lehen eta bai orain heziketa zuregain.

Gora alaitxo aupa Barañain // Haize berri bat bazen hemengo eta hango //Zangoak ziren bihotz eta bihotza zango // Gure Alaitz eskola oso sendo dago.

Haizeak ere ez du inoiz eramango // Egunero alaitzen, gure herria alaitzen // Zu izatea gurasoen nahi baizen // Bai lehen eta bai orain heziketa zuregain // Gora alaitxo aupa Barañain.