NIZEtik, D eredu publikoko 70 ikastetxe baino gehiago osatzen dugun elkartetik, 2020ko otsailean abiatuko den aurrematrikulazio garairako kanpaina berria aurkeztu nahi dizuegu.

Aurreko ikasturtean dagoeneko kontatu genizuen eredu zirraragarria garela. Emozioz beteriko eredua garela eta hainbat arrazoi eman genituen baieztapen hori azaltzeko.

Aurtengoan ordea, emozio horiek ikuspuntu ezberdinetatik ezagutu nahi genituen. Horretarako Nafarroan bertan diren errealitate ezberdinen bila joan gara, errealitate horietan D ereduak sortzen dituen emozioak ezagutu nahian.

Nafarroako erriberatik hasi, hiriburuan bi geldialdi egin eta mendialdeko herri bateraino iritsi gara. Lau testigantza jaso ditugu testuinguru ezberdinetan eta horiekin bideo bana egin dugu eredu honek sortzen duen zirrara jendarteari helarazteko. Hauxek dira aurtengo kanpainaren protagonistak:

Cristina Luqui, Caparrosokoa eta irakaslea lanbidez. Bere seme nagusia izan zen D ereduan ikasten hasi zen lehena Caparroso herrian eta horrek emozioz betetzen du. Argi dauka eredu honek eskolatze tarte berean pertsona elebidunak hezten dituen bakarra dela. Eredu hau hizkuntza bat baino gehiago dela kontatuko digu, bere semeentzako nahi duen bizimodua dela, balio batzuk, aparteko inplikazioa duena irakasleriaren aldetik. D eredua emozioz beteriko eredua dela, ilusioa sortzen duelako, jomugak sor-tzen dituelako, beste era batera hartuko ez zenuke bide bat jarraitzera bultzatzen zaituelako.

Kutxi Romerok, Marea taldeko abeslariak, bere jatorri andaluziarraz hitz egiten digu, bere familian hemen jaiotako lehenengoa dela. Bere bikotea Leónekoa izanda ere, erdaldunak biak, euren semea D eredu publikoan matrikulatzea erabaki zuten. Oso argi zuten beraien semeak euskaraz ikasiko zuela, euskara hitz egingo zuela, eta orain bere familian euskaraz hitz egiten lehena da Kutxi Romeroren semea. Horrek emozioz betetzen du Kutxi.

Ghezlane Benali marokoarra da, bere familia guztia bezala, eta duela urtebete Iruñera iritsi ziren. D eredu Publikoan matrikulatu zituen bere hiru alabak, euren Tangerreko irakasleak horrela gomendatu zielako. Bere alabak euskaraz mintza-tzeak berezi egiten dituela dio, hilabete batzutan dagoeneko euskaraz aritzeko gai direla ikusteak emozioz betetzen du Ghezlane.

Gorka Urbizuk, Berri Txarrak taldeko abeslariak D eredu publikoan ikasi zuen, Lekunberriko eskolan eta bere formazio akademiko guztia euskaraz egin du, institutuan eta unibertsitatean egindako magisteritza eta euskal filologia ikasketak barne. Elebakar izateak elebakardadea dakarrela uste du Gorkak. Atzerrian balio erantsi gisa hartu izan dute berak euskaraz kantatzea eta horrek emozioz betetzen du.

Eskerrak eman nahi dizkiegu bihotz-bihotzez lauei euren esperientziak guztiokin partekatzeagatik eta familiak euren seme-alabak D eredu publikoan matrikulatzera animatu nahi ditugu, gure protagonistek behin hartu zuten itsas on-tzi berera igo eta emozioz beteriko bidaia abia dezaten.

Xehetasunak. Matrikulazio epea otsailaren 3tik 7ra izanen da. Izena ematerako orduan, lehenengo aukera bezala hautatu duzun ikastetxera joan beharko duzu eta bertan aurrematrikulazio inprimakia bete. Gogoan izan D ereduaren hautua, berez eskaintza hori ez duten ikastetxeetan ere eska dezakezula. Era horretan balizko lerro berriak irekitzeko informazio zehatza eskaini diezaiokezu Departamentuari.