akingo duzue filosofian, edo zabalago hartuta, giza zientzietan gizakiaren berezko izaeraren inguruan bi korronte nagusi bereiz genitzakeela, eta gero hortik nahi bezainbeste adar atera.

Korronteetako batek esango luke gizakia berez, jaiotzez, ona dela, zintzoa. Rousseau jar genezake honen adierazle gisa, esaten baitzuen gizakia berez ona dela, eta jendarteak berak eramaten duela dekadentziara, pixkanaka gaiztotze aldera. Beste aldean Hobbes jar genezake, eta honek erromatarrei hartutako homo homini lupus esaldia, alegia, gizona otsoa dela gizonarentzat, gaiztoa, eta izate hau bere errotik dela horrelakoa. Nik neure esperientziatik esango nizueke ezagutu ditudala zintzoak eta gaiztoak, onak eta txarrak, baina ez nuke esango jaiotzetik bat edo beste garenik, baizik eta bakoitzak bere bidea egiten duela alde bateruntz edo besteruntz. Tamalez, gaiztotzen denak gutxitan ikusi ohi du bera dela gaizto. Besteengan errazago ikusten baititugu horrelakoak ere.

Eta horretara nindoan, gehienetan perspektibak berak markatzen duela parekoaren jokabidea. Adibidez, jo dezagun X politikarik erabaki bat edo beste hartzen duela. Bada, bere korronteko jarraitzaileek goraipatu egingo dute egindako lana, ausartuko dira esaten, gainera, guztion hobebeharrez egin duela egindakoa. Baina aldiz Z politikariak eta bere aldekoek justu kontrakoa pentsatuko dute, interes pertsonalen araberako erabakiak hartu direla, jendartearen ongizatea alde batera utzita. Batzuentzat kutx, besteentzat pil.

Baina mundu distantziakide honetan, badira gure artean Game of Thrones telesaileko pertsonaiarik maltzurrenak baino sinpatia gutxiago sortzen dutenak ere. Edo esango didazue ozeanoaren beste aldeko pare bat presidentek hitz egiten duten bakoitzean ez duzuela pentsatzen ez dela posible hori esan izana, edo azukrerik gabe, hau tonto hutsa duk! Azal laranja duen ilehoriak eta pixka bat beherago kokatzen den politikari kameleoi portuges-hiztunak asko harritzen gaituzte. Baina bat: ezin dugu ahaztu euren herrialdeetako milioika pertsonen bozkak jaso zituztela, eta ondorioz ergeltasuna ondo banatua dagoela; eta bi: ez daukagu ozeanoaren beste aldera joan beharrik zirkuko pertsonaiak topatzeko.

Agian hori izango da gure benetako pandemia, axuria eta otsoa ez ditugula bereizten, edo artalde lelo xamarretan elkartzea ez zaiela zailegi egiten gure artzainei, euren alde bozkatzeko. Hortzak erakustea ere modaz pasata dago ordea, eta ardi artean bizitzeak ematen digu lasaitasuna eta konforta. Homo hominis lupus hogeita batgarren mendera itzuliko bagenu, "gizakia ar-tzainarentzat ardi" esan beharko genuke. Edo jarri ingelesez hobeto.