020-2021 ikasturtea berezia izaten ari da guztiontzat, baina Baztan Ikastolako 5. mailako Marrazo gelako ikasleondako eta baita ikastolako ikasle zein kide guztiondako ere are gehiago, gure ikastolak 50 urte betetzen ditu eta. Ospakizunez betetako ikasturtea bizitzen ari gara eta oraindik ere hainbat ditugu aurretik. Hau horrela, hurrengo lerroetan ekintza hauen berri eman nahi dizuegu, zuei ere ospakizun handi honetan parte hartzeko gonbidapena luzatuz.

Erran bezala, gure ikastolak berrogeita hamar urte betetzen ditu ikasturte honetan eta urte guzti hauetan egindako ibilbidea laburbiltzen duen dokumentala grabatu da, hasmentako lehen urratsetatik gaur egun arteko bizipenak laburbiltzen direlarik. Bertan, irakasle, ikasle eta gurasoak elkarrizketatu dira eta beraiek eskainitako esperientzietatik, 50 urteetan zehar bidaiatzeko aukera izanen dugu ikusleok.

Baztan Ikastola 1970/71 ikasturtean paratu zen martxan hainbat gurasori esker. Egoera zaila izan arren, geroz eta guraso gehiagok landatutako sustrai horiek ureztatzen jarraitu zuten eta poliki-poliki ereindako hazietatik loreak sortzen hasi ziren. Auzolanak eta batasunak lorez betetako zelai eder bat sortu zuten, hasmentako lore bakartia lagunez inguratu eta Baztan kolorez jantzi zelarik. Egun, lore horiek kimatzen eta zaintzen jarrai-tzen dugu, sortu den dokumentalean ikus daitekeen bezala.

Berrogeita hamar urte ez dira beti betetzen eta ospakizun honek bizipen eta maitasun aunitz ekartzen dizkigu gogora ikastolako kide garen guztioi eta baita izan zirenei ere. Hortaz, dokumentalaz gain, oroitzapen guzti hauek irudi ezberdinen bitartez aurkeztuko dira, ikusleek berrogeita hamar urte hauetan zehar bidaiatu dezaten. Argazki erakusketa udaberrian izanen da, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean ikasleak, irakasleak zein ikastolako bertze hainbertze partaide presente egonen direlarik. Gainera, erakusketan indarrean dauden osasun neurri guztiak bermatuko dira, ikusleek erakusketaz lasaitasunez eta segurtasunez goza dezaten. Ikastolak egindako ibilbidea ezagu-tzeko aukera paregabea izanen da!

Baztan Ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko eta urteurren hau kantuan zein dantzan ospatzeko, abestiz eta irudiz osatutako DVD diska bat eginen da. Honetan, hainbat kantu eta koreografia egongo dira entzungai eta nahi duenak erosteko aukera izanen du kaleratutakoan.

DVD diska honetan hamar bat abesti izanen dira. Abestiek ikastolaren oinarri eta ikastolarendako funtsezkoak diren gaiak landuko dituzte; hala nola, elikadura osasun-tsua, familia, eskuara eta elkarbizi-tza, bertzeak bertze eta urteurren honen ikur izanen den abestia ere bertan izanen da. Gainera, abesti bakoitzak koreografia bat izanen du lagun, abestu bitartean gorputzak dantzan paratzeko.

Abestietan ikastolako ikasle zein ikasle ohien ahotsak entzuteko aukera izanen da eta koreografietan, berriz, gaur egun ikastolan bertan ikasten dabiltzan ikasleak izanen dira protagonista, ikusleari abesti bakoi-tzeko pausuak irakatsiko dizkiotelarik beraiek ere dantzatu dezaten. Erran bezala, diska eskuragarri egonen da nahi duenarentzat udaberrian. Ospatu dezagun urteurren hau elkarrekin kantuan eta dantzan!

Baztan Ikastolan urtero hainbat ekintza burutzen ditugu, gure ohiturak eta eskual kultura bizirik mantentzeko asmoz. Hala nola, Santa Ageda, Orakunde, Inauteriak…. Aurten, ikastolak berrogeita hamar urte betetzen dituenez, gure ohitura eta ospakizun guztietan ikasturte berezi hau gogoan izan dugu eta datozenetan ere gogoan izanen dugu, ikastolaren urteurrena dugula lau haizeetara zabaltzeko eta guztiok elkarrekin ikasturte berezi hau ospatzeko asmoz. Erraterako, ikastola osatzen duten bi eraikinetan gure bidelagun dugun logo berria margotu da eta logo hau eskulan ezberdinetan paratu dugu, gure inguruko guztiei erakutsiz eta bere zergatia azalduz.

Honetaz gain, logo berriarekin ere erronka ezberdinei aurre egin behar izan diegu urte hau osapatzeko asmoz eta erronka hauek ikastolako ikasle, irakasle zein guraso ohiei ere luzatu dizkiegu, beraiek ere ikastolak emandako urrats eta pausu guztien parte baitira.

Ikasturte polita eta berezia izaten ari da, baina COVID-19a dela eta, ez gabiltza 50. urteurrena nahi genukeen bezala ospatzen. Hainbat dira jarraitu beharreko neurriak eta guzti hauek bururatutako hainbat ideia bertan behera utzi dituzte. Hala ere, lerroz-lerro erakutsi eta adierazi dugun bezala, ekintza ezberdinak egiten gabiltza urte berezi hau ospatu ahal izateko eta guztiok elkarrekin ikastola zoriontzeko. Gurekin batera ikastolaren urteurrena ospatzeko gonbidapena luzatzen dizuegu irakurle guztiei.

Ikastolaren ibilbidea laburbiltzen duen dokumentala grabatu da, hasmentako lehen urratsetatik gaur egun arte

Urteko ospakizun eta ohiko ekimen guztietan ikasturte berezi hau gogoan izan dugu eta datozenetan ere gogoan izanen dugu