Zertan datza A eredua eta zer da akademikoki eskaintzen diona ikasleari?

-Eredu hau euskarakiko harremana bermatzen duen eredu bat da. Hurbiltze eredu bat dela esan genezake. Lorpen zehatz bat dauka: nafarren belaunaldi baten erdia baino gehiago lagundu duela euskararekin eta euskal kulturarekin lotura bat izaten. Gizartearen elkarbizitzan lagungarria izan da. Bestalde, A ereduko ikasleetako batzuk bikaintasun maila lortzen ari dira egun, Nafarroako Hizkuntz Eskolekin dagoen lankide-tza programa euskarara luzatu denetik. Ofizialki, ikasleek B1 maila eskuratzen dute DBH-n, eta Batxilergoa bukatzekin B2-a eskuratu dezakete.

A ereduak, beraz, oinarri bat ematen du aurrerago hizkuntzan sakontzeko, ezta?

-Bai. Denok ezagutzen dugu D eredua eta badakigu bertan haurrak hasieratik elebidunak izateko aukera izaten dutela. A ereduan elebitasuna ez da lortzen hasieratik. Ikasleek dena gazteleraz ikasten dute eta euskara ikasgai moduan daukate. Baina pixkanaka, eta institutura igaro ahala, harreman hori estutzeko aukera izaten dute. Askok, behin Batxilergoa bukatuta, Lanbide Heziketa zein unibertsitate ikasketak egiten ari diren bitartean, euskaltegian izena eman eta euskara ikasten jarraitzeko hautua egiten dute. C1 maila 20 edo 22 urtekin lortzen dute, beraz, ez dago batere gaizki. Badakigu D eredua dela murgiltze eredua, baina familien erdiak ematen dute izena bertan, eta beste erdiak G ereduarekiko hautua egin dezakete, non euskarak ez duen inolako presen-tziarik. Alde horretatik, A ereduak badauka paper garrantzitsu bat euskararekiko harremana berma-tzeko.

Zein da A ereduaren baitako ikasleen profila?

-Profil arrunta da. A eredua, Euskararen Legeak “eremu mixto” edo “ez euskaldun” bezala sailkatuak dituen eremuetan garatu zen hasieratik. Mendialdean ere badaude A ereduko gela batzuk baina oso jende gutxi dago hor. Eremu mixtoan eta ez euskaldunean, 16.000 ikasle daude A ereduan, gutxi gora-behera. Erriberako herri askotan dago, eta Iruñerrian eta zonalde mixtoan ere.

Izan daiteke eredu egoki bat euskaldunak ez diren familientzat?

-Bai, dudarik gabe. Nik Errotxapeako itunpeko eskola batean ematen ditut gelak. Soziologikoki, bertako biztanleria gehiena Andaluziatik, Gaztelatik edo Extremaduratik etorritako familiakoak ziren A eredua zabaldu zenean. Ondoren, Afrikatik edo Europa Ekialdetik etorritako asko egondira. Kasu hauetan ere, euskara bereganatzeko inolako arazorik ez dutela ikusi dugu, batez ere elebidunak diren kasuetan.

Kulturaren ikuspegitik ere aunitz eskaini dezake horrek...

-Bai, dudarik gabe. Esan dugu eredu honek ez dituela ikasle elebidunak berehala sortzen. Baina helmuga horretara iristen diren bitartean, euskararen leihora hurbiltzen ditu ikasleak. Euskararen soinuetara ohi-tzen dira, abestiak, olerkiak, bertsoak edo antzerkia euskaraz kontsumitu dezakete, Nafarroa Oinezak edo Korrikak hurbilago dauzkate. Nafarroa anitza eraikitzen laguntzen du, iraganarekin lotuta dagoen Nafarroa bat, integratzailea eta kultura ezberdinekin ulerkorra. Eta hori oso garrantzitsua da.