rriberan euskararen egoera ez da gustatuko litzaigukeena. Geure artean ez da euskara askorik entzuten eta entzuten denean, arraroa egiten zaigu. 2018ko soziolinguistika datuei erreparatuz, Erribera euskaldun eta euskaldun hartzaile gutxien dituen zonaldea da, %1,6 eta %2,8 hurrenez hurren.

Hiztun gutxi izanda ere, Erriberan badaude euskara ikasteko bideak eta aukerak. Erreportaje honetan, Erriberan euskara ikasteko dauden aukerak eta jendearen euskara ikastearen arrazoiak aztertu ditugu. AEK-ko ikasleek, Helduen Prestakuntza Iraunkorreko ikastetxeko ikasleek, Hizkuntza Eskolako ikasleek eta A eta D ereduetako familiek parte hartu dute gure ikerketan.

Erriberan, Argia Ikastolaren eskutik 1984. urtean hasi zen D ereduaren eskaintza zabaltzen. Bost ikaslerekin hasi eta egun berrehundik gora dira D ereduan ikasten duten haur eta gazteak. Ikastolaz gain, 2016. urtetik hasita, lau ikastetxe publikok eskaintzen dute D eredua. Gaur egun, lau zentro horiek Haur Hezkuntzako zikloan 48 ikasle biltzen dituzte. Galdetegi hau 99 familiek bete dute.

D eredua hautatzeko zergatiak aztertzen hasita, ikusi dugu familien %49k “euskara komunikazio-hizkun-tza izanik hezkuntza eleanitza jaso-tzeko” erantzuna hautatu duela beraien aukera arrazoitzeko; %41,8k “Nafarroako hizkuntza da” erantzun du, %25ek “eredua baino ikastetxea hautatu genuen” aukeratu du, eta azkenik, %24,5ek “nik euskara jakinda nire seme-alabek hizkuntza hau ikastea gustatuko litzaidake” aukeratu du beste zenbait erantzunen artean.

Familien %95,9k beraien aukerarekin gustura dagoela erantzun du eta %4,1ek ez du oso argi. Galdera horretan, beraien zergatia idazteko aukera eskaini diegu eta jaso ditugun erantzun batzuk honakoak izan dira: “Erribera bezalako zonalde batean ez da erraza euskaraz ikastea, eta euskaraz hitz egiten dudan arren, nire semeak etxetik kanpo euskara erabiltzeko aukera izatea nahi nuen”. Honako hau ere aipatu dute: “uste dugu garrantzitsua dela bere jaioterriko hizkuntza ikastea eta zenbat eta hizkuntza eta kultura gehiago ezagutu hobe. Gainera, bere etorkizunean erabilgarria izango zaio”. Azkenik, guraso batek bere asetasuna adieraziz honakoa aipatu du: “D ereduan hezkuntza kalitatea ona eskaintzen da eta munduaren ikuspegi zabala jasotzen dute gure seme-alabek”.

BuKatzeko, erantzun diguten 99 familietatik %100ak D eredua beste familia batzuei gomendatuko liekeela adierazi du.

Erriberan 30 ikastetxeetan eskaintzen da A eredua. Familiek egiten duten aukera da eta ez da derrigorrezkoa. Eredu horretan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, 1.399 ikasle daude momentu honetan Euskara ikasgaia ematen dutenak, 22 eskolatan banatuta. A ereduko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, 188 ikasle daude guztira 8 institututan banatuta.

Datuak eskuratzeko A ereduko familiei galdetegi bat bideratu diegu, 1.587 ikasleetatik 135 ikasleen gurasoek erantzun digute, guztira 72 familiak.

A eredua aukeratzearen arrazoien artean % 63,9k “beste hizkuntza bat ikasteko” aukeratu duela dio. %38,9k “Nafarroako hizkuntza da” erantzun du eta %27,8k “hizkuntza berezi hau ezagutzeko” aukeratu du. Beste alde batetik, %18,1ek beraien seme-alabek hizkuntza honetan titulazio bat izatea gustatuko litzaiokeela adierazi du.

Galdetegiarekin jarraituz, bertan egindako galdera bat aztertu dugu jendearen asetasuna eta gomendioak jasotzeko “Egindako aukerarekin gustura zaude?” galderari %93,1ek “bai” erantzun dio %5,6k, berriz, “ez dakit” hautatu du eta azkenik, %1,4k “ez” aukeratu du. “Ez” hautatu dutenek hurrengo arrazoiak eman dizkigute: “irakasle falta”, “euskara ez da ongi ikasten eta ez dago jarraipenik ikasketa plana benetan barneratzeko”, eta azkenik, beste honako erantzun hau ere jaso dugu: “Urte honetan ikastaldeak bateratu dira, eta ez nau batere konbentzitzen”. Goretti Alzuri irakasleak adierazi digunez, Valle del Ebro institutuan 1.100 ikasleetatik Euskara ikasgaia aukeratzen duten ikasleak 30 inguru dira, Lehen Hezkuntzan gehiago izaten dira, baina ondoren ez dute jarraitzen. Beste alde batetik, A ereduan ikasten duten ikasleei oso zaila egiten zaie euskara ikastea, izan ere, beraien ama hizkuntzatik oso ezberdina egiten zaie.

Galdetegia erantzun dutenen artean, %26,4k noizbait D eredua aukeratzea pentsatu izan duela adierazi izan du. Baina beraien nahia ez da gauzatu honako arrazoiengatik: “eguneroko joan-etorriak dakartzan arazoengatik”; “seme-alabei ikasketetan euskaraz laguntzeko izango lituzketen zailtasunagatik”, “herrian ez da eskaintzen” edota “DBH buka-tzean, Erriberan erdaraz erakutsiko dieten ereduan sartu behar zutelako”.

Erriberan, ikastetxeetatik aparte, AEK-k, Helduen Prestakuntza Iraunkorreko ikastetxeek eta Hizkuntza Eskolak eskaintzen digute euskaraz ikasteko aukera. Prestakuntza Iraunkorreko ikasleen taldeetan oso oinarrizko euskara irakasten da, euskararen hastapenak. Tuteran, Cascanten, Castejonen eta Correllan daude taldeak eta 150 ikaslek adierazi zuten interesa kurtso hasieran. Herri ekimeneko euskaltegietan, hau da, AEKn 70 bat ikasle ari dira ikasten eta Erriberako hainbat herritan daude taldeak maila ezberdinetan. Azkenik, Tuterako Juderia plazan dagoen Hizkuntza Eskolan 36 ikasle ari dira momentu honetan euskara ikasten. Euskara ikasteko bideak eta zergatiak aztertzeko ikasleek betetzeko galdetegi bat egin dugu, eta era berean, elkarrizketa bat egin diegu Iñaki Vaquerori, AEK-ko arduradunari, eta Eztibaliz Hueteri, AEKn auto-ikaskuntza bidez ikasten ari den ikasleari.

Galdetegia euskara ikasten ari diren ikasleen erdiak baino gehiagok bete du. “Zergatik ari zara euskara ikasten” galderari gehiengoak, %68,2k, “Nafarroako hizkuntza da” erantzun du. Bestetik, ikasleen %50ek “Euskara hizkuntza oso interesgarria irudi-tzen zait” erantzun du. Eta azkenik, ikasleen %21,2k “euskara titulua edukitzea nahi dut” erantzun du. Hurrengo erantzunak honakoak izan dira, %10,6k “lan kontuengatik” eta %9,1ek “nire familia euskalduna da”. Gainera, %3k euskara ikastea beraien gustukoa delako ikasten dutela adierazi dute.

Jaso ditugun beste datu batzuk hauek izan dira: Ikasleen %98,5ek gomendatzen du euskara ikastea. Euskara erabiltzeko aukerarik duten galdetu diegunean, %40,8k “oso aukera gutxi du egunerokoan euskara erabiltzeko” eta %31,8k “gutxi”. Bukatzeko, ikasleen %97,2k euskara oso gustura edo gustura ikasten ari dela adierazi du. Bai Iñaki Vaquerok, bai Estibalitz Huetek euskara egunerokotasunean erabiltzea zaila dela aipatu dute egindako elkarrizketan, baina, era berean, aukerak badaudela gaineratu dute.