Nafarroa Oinez dendako koordinatzailea

Iosune Medina: "Dendaren irekiera ekitaldi xume baina hunkigarria izan zen"

10.12.2021 | 00:43
Iosune Medina: "Dendaren irekiera ekitaldi xume baina hunkigarria izan zen"

Datorren urteko Nafarroa Oinezen antolakuntza Tafallako Garcés de los Fayos Ikastolari egokitu zaio. Dagoeneko denda martxan daukagu.

tafalla – Garces de los Fayos Ikastolak antolatuko du datorren urteko Nafarroa Oinez. Hainbat jarduera eta ekitaldi antolatzen joango dira, lehena Tafallako dendaren irekiera izan da. Horregatik, Josune Medina, Nafarroa Oinez dendako kordinatzailearekin gelditu gara dendaren inguruan elkarrizketa bat egiteko. Berak lehendabizi komentatu digu denda ireki baino lehenago lokala egokitu behar izan zutela eta lan guzti hori auzolanean egin zela.

Zenbatgarren Nafarroa Oinez ospatuko da Tafallan?

–2022ko urriaren 16an Tafallan Nafarroa Oinez jaia ospatuko da. Tafallako Ikastolak aurrera eramaten duen 4. oineza izango da. Aurrekoak 1986. urtean(oinez edo hegaz beti euskaraz), 1997. urtean(lan ta lan auzolan), 2011. urtean(hamaika 11n) izan ziren.

Noiz inaguratu zen denda?

–Nafarroako ikastolen jaia aurkezteko ekitaldia Iruñean egin eta biharamunean, azaroaren 5ean, saltokia ireki zen . Hitzordu hori ere Erdian Erein, Oinez 2022ko logoa eta leloa aurkezteko baliatu zen.

Nola ospatu zenuten denda irekiera?

–Establezimenduaren irekieraren aurretik ekitaldi xume baina hunkigarria egin zen. 18:30etan Nafarroako enparantzan hasi zen eta ikastolako erraldoi eta dantzarien konpartsak, txistulariek, gaitariek, joaldunek, Tartalok, Basajaunak eta Akerbeltzek parte hartu zuten. Emanaldi labur baten ondoren, ikastolako hamarnaka familia, irakasle, ikasle, ikasle-ohi eta Tafallako zein Erdialdeko bizilagunak kalejiran ibili ziren Merkatu Plazan, Kale Nagusian, Lau Ertzetan eta Foruen Plazan barrena, dendaraino.Bertan, dantzari txikiek aurreskua dantzatu zuten eta, sinbolikoki, dendako giltzak Paula Arregui eta Aritz Azcarate Garces de los Fayos Ikastolako zuzendari eta lehendakariari, hurrenez hurren, eman zizkieten.

Nola kudeatzen da denda?

–Sei pertsona finko izango dira dendan, sortzen diren unean uneko premiei erantzuteko komisiokoen lagun-tza eskatuko da. Bi pertsona izango dira beti dendan daudenak.

Non eros daiteke materiala?

–2011ko edizioan bezala, Zangoza etorbidean. Tafallan ez ezik, Erriberriko Kale Nagusian ere salmenta-gune finko bat irekiko da.. Gabonetako kanpainari begira, Iruñeko San Anton kaleko 24. zenbakian dagoen lokala ere irekiko da. Horretaz gain urtean zehar hainbat ateraldi eginen dira herri ezberdinetan materiala saltzeko. Ateraldi hauek Ikastolako familien auzolanari esker burutuko dira.

Zer material mota saltzen duzue?

–Arropa eta produktu desberdinak ditugu salgai. Arropari dagokionez, mahuka motza eta luzeko kamisetak, legins eta hainbat motatako sudaderak ditugu. Gainontzeko gauzak oso egokiak izan daitezke opartitzeko: euritakoak, ur botilak, motxilak, erosketarako poltsak, txanoak... Gabonetan oparitzeko gauza gehiago jasoko ditugu. Ea Olentzero dendatik pasatzen den!

Prezioen aldetik zerbait komentatu nahi diguzu?

–0-3 urte bitarteko arroparik ez dugu ekarri garestiegi ateratzen zelako. Beste materialaren artean, prezio desberdinak daude, aurreko urtetan bezala.

Zein da dendako ordutegia?

–Tafallako dendan hau izango da: ostegunetan, 17:30etik 20:00etara; ostiraletan, 10:30etik 13:30era, eta arratsaldean, 17:30etik 20:00etara; eta larunbatetan, 10:30etik 13:30era. Iruñeko San Anton kaleko denda abenduaren 16tik urtarrilaren 8ra irekita egonen da goizez edo arratsaldez. Goizeko ordutegia 10:00etatik 13:30era izanen da eta arratsaldekoa 17:00etatik 20:00etara.

"Produktu desberdinak ditugu salgai dendan. Gabonetarako gauza gehiago ekarriko ditugu,

ea Olentzero etortzen den!?

noticias de noticiasdenavarra