"Nire bizitzan Akademiak eskatu dizkidan zereginei erantzuten saiatu naiz"
"Oso pozik" jaso du Pakita Arregik Euskaltzaindiaren izendapena. Izan ere, "zoriz" hasi zen euskal hezkuntzaren alorrean lan egiten, eta klandestinitatean aritzetik Euskal Herriko Unibertsitateko Ohorezko irakaslea izatera iritsi da. Gaur euskararen alde egin duen bidea omenduko dute
Donostia. Aresoko irakasleak harro ikusten du euskal gizartea egiten ari den lana. Izan ere, gaur egun euskara herritar askoren ahotan dago, bera irakaskuntzan hasi zenean ez bezala. Hala ere, oraindik bide luzea egin beharra dagoela dio.
Zorionak Euskaltzaindiaren eskutik jaso berri duzun bigarren izendapenagatik. 1967an euskaltzain urgazleen zerrendan sartu zinen eta hemendik aurrera ohorezkoen zerrendan izanen zara.
Mila esker zorionagatik. Niretzat ezustekoa izan da, ez nuen horrelakorik espero, baina gertatu denez, oso pozik nagoela aitortu nahi dut.
Orain dela 43 urte izan zenuen lehenengo izendapenak zure karreran eragina izan al zuen?
Ordurako euskararen munduan murgilduta nenbilen eta ez nuen beta handirik izan izendapen hark eskatzen zidanari erantzuteko. Baina Euskaltzaindiko bileretara noizean behin joaten nintzen. Hauek Donostian egiten ziren eta erakunde honek behin eta berriz aipatzen zuen euskara irakasteko irakasleen prestakuntzaren beharra. Hori zela-eta antolatu genituen euskararen lehenengo azterketak Joannes Etcheberry Andereño Eskolako ikasleen-tzat. Euskaltzainditik Patxi Altuna eta Joan Mari Lekuona izan ziren euskara eta euskal literaturako lanak aztertzen zituztenak. Geroago, apurka-apurka nire bizitzan Akademiak eskatu dizkidan zereginei erantzuten saiatu naiz. Euskaltzaindian ez naiz ohiko hizkuntzalari teorikoen edo analitikoen lana egiten ibili, nirea hizkuntza aplikatuaren esparruan izan da, euskara irakaste lanean eta bere ekoizpenen analisian. Euskararen alorrean urte sail baten jardun nintzen, eta unibertsitatean aritzeko aukera izan nuen: lehenbizi euskara eta euskararen didaktika ematen nuen, gero, doktoretza tesia eta abar egin behar izan nituen. Momentu horretan soziologia alorrean aritzeko aukera izan nuen eta han egin dut nire karrera.
Zure lehen pausoak aipatu dituzun eskolan eman zenituen. Zergatik bideratu zinen euskal hezkuntzaren alorrera? Zein izan zen zure lana?
Hezkuntzaren munduan lana egiteko erabakiaren aurrekariak nire familian jasotako ondaretik eta, gero, kristau mugimendu euskaldunetatik jasotakoa izan zen. Bertako liderrak eta batik bat mugimendu horietako taldekideak euskaldunak ginenez, eta herri honetan lana egin nahi genuenez, elkarrengan eragin handia izan genuen. Joannes Etcheberri, Andereñoen Erresidentzia, Ikastolarako andereñoak prestatzeko burutu zen, talde baten lanari esker. Talde honetako partaideak, Karlos Santamaria, Joxe Migel Zumalabe, Eugenio Agirretxe, Hiazinto Fernandorena, eta Joxe Murua ziren. Talde honek elkar lanean lortu zuen andereño gaien formaziorako antolakuntza. Hauen buruan zegoen ikastolan lan egiteko, orduko magisteri-tza ikasketaz aparte, herri honen kulturaz jabetzea beharrezkoa zela, euskara, historia, literatura, pedagogia berri bat eta garaikide ziren pentsamenduen joera nagusien informazioa ere ezagutu behar zutela. Bestalde, Ikastolako lanak eskatzen zituen metodoak eta bere inguruko trebeziak ikastola batean ikasten zituzten. Formazio horren antolaketa eta koordinaketa nire ardura ziren. Herrietako ikastoletako andereñoekin eta gurasoekin harreman handia izaten genuen, eta baita bileretako ordezkarien talde bateragilearekin ere. Hasi nintzenean zer egin behar zen ez banekien ere, ederki ikasi nuen lan horren zeregina: zer egin behar zen, norengana jo behar genuen, norekin elkartu behar genuen ikastolen sarea sortzeko...
Garai hartan Frankismoaren hodeiek iluntzen zuten Euskal Herria. Gogoan al dituzu eskolan lanean hasi zinen garaiko lehenengo urteak?
Ni ez nintzen ohiko ikastola baten aritu, nire ikastola andereñoen erresidentzia zen eta han geu ere errezeloz beterik bizi ginen. Bagenekien polizia batzuk ezagutzen gintuztela, seguraski ez zekiten zertan genbiltzan, baina beraien lagunak ez ginela bazekiten, guk ere bai haiek nor ziren, bazter guztietan ikusten genituen, horregatik, ahal genuen normalena ibiltzen saiatzen ginen. Geroago, Zabalegi Nekazari Eskolatik nekazari munduko aldizkari baterako artikulu bat idatzi nuenean, zentsura pasa behar izan zuen nire auzoan bizi zen euskaldun militar batengandik. Ikastolek okerrago pasa zuten, askotan, beti beldurrez bizi ziren. Egoera hau pixka bat baretu zen 1969an Elizak, concordatoak ematen zion ahalmenarekin, Ikastolei bere babesa eman zienean.
Urte hauetan guztietan zehar hamaika ikerketa lan egin dituzu. 1979-1980 urteetan, esaterako, Migrazio korronteak Euskal Herrian ikerketa-lana
Lan honen aurretik Donostiako Udaletxeak Udaleko zerbitzuen analisia egiteko ateratako lehiaketa bat irabazi genuen talde batek, eta ni, Donostiako Hezkuntzan, euskararen egoera aztertu nuen. Donostian, euskararen egoera eskasa agertzen zen. Eskola nacionaletan ikasleen kopuru handi bat etorkinen seme-alabena zen. Garai hartan Ruiz Olabuenaga soziologoa hasia zen etorkinek euskararen irakaskuntzan izan zezaketen eraginaren inguruan zenbait hipotesi egiten. Etorkinek eta euskara gaiak hainbat interpretazio sortu zituen eta giro horretan hasi nintzen migrazioei buruzko lan bat egiten. Lan hartan XIX. mendeko 50ko eta 60ko hamarkadetan izan genuen etorkinen egoeren berri jasotzen zen, garai hartan Euskal Herria Estatutik etorkin gehiena jaso zuenetako bat izan baitzen. Etorkinen gaiari buruzko lanak eragin zuten, nire ustez, eskoletarako Hizkuntza Ereduen planean. Esan beharrekoa da Hizkuntza Ereduak baino lehen, zenbait ikastola hasiak zirela etorkinen seme-alabak euskaratzen. Aipatu lan hau, errealitatearen ezagupenera hurbilpen bat egiteko egin zen.
Irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren artean, zein duzu gustukoen?
Gustukoena irakaskuntza dut, baina irakaskuntza txukun xamar egiteko, ikerkuntza egin behar da. Ikerkuntzak zutabe batzuk ditu eta hauek zure diziplinaren zutabeak dira, hau da, munduan beste soziologoek, historialariek... egin dutena. Hauek irakasten digute gure irakaskuntza zer edukiekin bete eta honetan nola zuzendu behar dugun. Hau oso garrantzitsua iruditzen zait ikasleak gizarteratzeko garaian.
Gaurko egunez, nola ikusten duzu Euskal Herriko unibertsitateetako irakaskuntzaren kalitatea?
Unibertsitatea, karrera batean, azkeneko urteetan irakaskuntzaren interesa jaitsi egin da, baloratzen diren elementuak ikasketa eta batik bat idatziak, nazioarteko aldizkari puntakoetan idaztea. Honek, nire ustez, ikaslearekiko erlazioa gutxitu, irakaskuntzaren interesa ahaztu arazi du irakaslearengan. Halere, nire iri-tzian ikaslea unibertsitatean ere gizarteratzen da, eta gizarteratze horren prozesuan irakaslea ere hor dago eragile gisa.