Hiztegi Batu Oinarriduna eta Lexikoaren Behatokia, Interneten
euskaltzaindiak kontsultagai dauden bi tresna lexikal berri zintzilikatu ditu webgunean
iruñea. Aste honetatik aurrera herritarrek Euskaltzaindiak bere webgunean (www.euskaltzaindia.net) zintzilikatu berri dituen bi tresna lexikal kontsultatzeko aukera izanen dute: Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.
Lehena Hiztegi Batuko forma bakoitza erabakitzeko erabili den dokumentazioaren berri ematen duen datu-base bat da. Tresna hau Hiztegi Batua landu denean egin diren txostenak, iritzi-emaileek edo euskaltzain osoek egin dituzten oharrak eta hartu diren erabakien zergatiak gordeta dauzkan datu-basea kontsulta daiteke HBO izeneko gune honetan. Bide beretik, Euskaltzaindiak hartutako erabaki lexikalen ibilbidea eskaintzen da bere osotasunean, baliabide berri honen bitartez.
Bigarrena, Lexikoaren Behatokia, ikerketarako eta kontsultarako testu-corpus bat prestatzea du oinarrizko lana, etiketatua eta linguistikoki anotatua. Corpus hori osa-tzeko, Akademiak hitzarmenak sinatu ditu zenbait komunikabiderekin -Berria, EITB, Argia eta Deiarekin (Euskaltzaindiak asmoa du komunikabide gehiagorekin ere bide bera lantzea), besteak beste- hauek egunero argitaratzen dituzten euskarazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jar di-tzaten. Bestalde, Lexiko Behatokiaren egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa Taldearekin garatzen ari da Akademia.
Gaur egun, zalantzarik gabe, hiztegia aztertzeko eta lan arauemailea egiteko, corpusetan oinarritu behar da, eta halaxe egin du Euskaltzaindiak azken urteotan. Testu klasikoak Orotariko Euskal Hiztegiaren corpusean ditu bilduta eta XX. mendeko lagin aski adierazgarria XX. mendeko corpus estatistikoan. Bi iturri horiek izan dira Hiztegi Batua egiteko oinarri nagusiak.