"Gure hizkuntza komunitatean aurrerapausoak eman dira, baina egoerak kezkatzeko moduan jarraitzen du"
Hizkuntza gutxituek bizi duten egoera ez da batere erraza. Hori dela eta, aurrera egin ahal izateko, hizkuntza komunitateek estrategia egokiak garatu behar dituztela dio Jon Sarasua irakasleak eta ikertzaileak, 'Jarraiduraz eta irekiduraz, han eta hemen' hitzaldian
iruñea. Gaur egun bizi dugun gizarte honetan, arrain handiak txikiena irensten duen honetan, indarrak atera, eta estrategia aproposak garatu behar ditugu, bidean aurrera egiteko. Hori dela eta, Jon Sarasuak munduan beste hizkun-tza gutxituak dituzten herriekin harremanetan ipintzea proposa-tzen du, "gure ezagutzak parteka-tzeko", eta, bide batez, beren esperientzietatik ere "ikasteko". Izan ere, azken 50 urteotan "gure hizkuntza komunitatearen bidean aurrerapauso batzuk eman dira, baina egoerak kezkatzeko moduan jarraitzen du".
Bizi dugun euskaltasunak munduko herriak ukitzeko zubi bat eskain-tzen duela diozu. Zehazki esanda, zeintzuk dira gure kulturak beste batzuekin harremanetan jartzeko ematen dizkigun aukerak?
Hasteko, edozein hizkuntza komunitatek bere nazioartekotasuna landu behar du. Nolabait ere, bere adarretako batek nazioarteko dimentsioa izan behar du, txikia behar bada, baina gure nazioarteko harremanetarako adar bat behar dugu. Nire esperientziatik abiatuta, adibidez, Bertsozale Elkarteak ere izan dezake, eta gainera izan du, nazioarteko dimentsio bat. Zertan? Nik uste dut baditugula helduleku batzuk, gure nazioartekotasuna garatzeko. Batetik, hizkuntza komunitate gutxitu bat gara, eta orduan munduko beste hizkuntza komunitate batzuetatik badugu zer ikasia, eta baita ere gure ibilbidetik zer erakutsia. Behar bada hortan datza momentu honetan, zen-tzu horretan, gure heldulekurik handiena. Azken 50 urteotan euskara batuaren prozesua, ikastolen sorrera, eta abar eraman ditugu aurrera; euskalgintza modernoa deitzen diogun berreskuratze prozesu partzial bat egin dugu, eta horrek hainbat estrategia, hainbat arrakasta, hainbat porrot eta hainbat ikasketa ditu partekatzeko, mundu mailan atzerako bidea egin nahian ari direnekin.
Aipatzen duzun zubi horrek, esaterako, Andeekin lotzen gaituela diozu. Zergatik batzen dituzu euskal kultura eta itsasoaren beste aldeako, Hego Amerikako, kultura?
Beno, nik uste dut ez dutela Andeak zertan izan. Momentu honetan, behar bada, Andeekin lotura historiko batzuk batzen gaituzte. Euskaldunok Ameriketan izan gara. Amerikako konkistan ere parte hartu izan dute hemengo seme batzuk. Gainera, nolabait esanda, gaztelania asimilatu izanaren ondorioz, gaztelania partekatzen dugu. Bestetik, Andeetan badaude behar bada Latinoamerikan dauden hizkuntza gutxituetatik euskararen tamainari eta euskararen egoerari gehien hurbiltzen zaizkion hizkun-tza batzuk. Nik uste dut herri Quechuarekin, Aymararekin, eta abarrekin badugula ideiak trukatzeko aukera, batez ere arrazoi historikoengatik eta praktikoengatik.
Bestetik, Iruñean eskaini zenuen hitzaldian nabarmendu zenuen euskal komunitatearen ajeak lodiak direla. Zer da bereziki ideia horrekin azpimarratu nahi izan zenuena?
Nik uste oraindik ere, nolabait, nortasunaren gramatikarik gabe gaudela. Gure ideologia moderno hauek ez digute ematen nortasuna kudeatzeko norabide edo argibide garbirik. Hor gabiltza iritzi politiko desberdinen gorabeheretan benetan bidea zein izango den asmatu ezinik, hizkuntza komunitate moduan zein den bidea, dagokigun bizitza garatzeko. Zentzu horretan, nik badut, beste askok bezala, kezka bat: gure hizkuntza komunitatearen bidean aurrerapauso batzuk eman dira, baina egoerak kezkatzeko moduan jarraitzen du. Beraz, zentzu horretan iruditzen zait badugula zer partekatu munduko beste hizkun-tzekin, eta badutela gure prozesutik ere zer ikasia, baina ez gaudela harrokerietarako. Hau da, oraindik bide bat dugu egiteko. Ildo horretan, gure buruan egiten ditugun zenbait gogoeta, adibidez, hegemonia guneak sortzearen garrantzia eta kantitateaz eta kalitateaz egiten dugun gogoeta eta abar, beste herri batzuekin partekatzeko balio dute.
Honen guztiaren atzean euskal identitatearen egoeraren ideia dago. Zure ustez, zein da gaur egun bizi dugun euskaltasunaren egoera?
Datu soziolinguistikoak eskuen artean hartuta, badakigu zein diren hizkuntza baten heriotzarako faktoreak, eta hizkuntza bat biziberritzeko faktoreak ezagutzen ditugu. Nik uste, objetiboki, euskarak gaitasunak dituela, leku ba-tzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, dagokion lurraldean dagokion hizkuntza garapena izateko. Nire iritziz, egoera kezka-tzekoa da, gai honek pentsatze eta goldatze berri bat behar ditu, alde batetik. Bestetik, ikuspuntu positiboago batetik, uste dut jakin behar dela baloratzen azken 50 urteotan, bereziki herri ekimenetik, eta gero baita Administrazioaren bultzada partzial batetik ere, lortu diren aurrerapenak. Nik uste dut orduan egoera anbibalente bat dela: aurrerapen ukaezina arlo ba-tzuetan, baina kezkatzeko moduko egoera arlo asko eta askotan. Hau da, bereziki azken urte hauetan hizkuntza politikan gidatzen gaituzten pertsonek ez dituzte fundamentu soziolinguistikoen gainean egindako politikak eraman.
Orduan, zure iritziz, zer egin beharko litzateke hizkuntza politika egokiago bat erabiltzeko?
Hasteko, behar bada, paradigma sendoago batzuetan funtsatu. Askotan erabiltzen dira balizko elebiduntasun orekatu baten paradigmak, errealitatean horrelakorik existitzen ez dela dakigunean. Iruditzen zait pentsamendu soziolinguistiko sendoago batean funtsatu behar dugula. Uste dut hori izan beharko litzatekeela egin beharko genukeen lehen gauza. Ondoren, hamaika gauza egin behar dira, baina ni ez naiz inor hori zerrendatzen hasteko.
Aipatzen duzuna Euskal Herri mailan euskararen egoerari bira bat emateko izango litzateke. Baina ideia hau hizkuntzak Nafarroan bizi duen egoeran oinarrituz, zer egin beharko litzateke herrialde honetan euskarak merezi duen lekua izan dezan?
Ni, batetik, ez naiz nafarra, eta bestetik, ez naiz ausartzen kanpotik horrelako begiratu bat egitera. Ez dut uste egin beharrekoa oso desberdina denik. Gure errealitatetik abiatuta egiten ari garen gogoeta, hizkuntza komunitateak ahalmen guneak behar dituela uste dugu. Euskarak botere guneak edo hegemonia guneak behar ditu, handik eleaniztasunera irekitzeko. Ahalmen gune bat izan daiteke komunikabide bat, eskola bat edo elkarte bat, beste askoren artean. Euskarari ahalmen guneak sortzeak dagozkio, hizkuntzaren lurralde metaforikoak izango direnak. Azkenean sare izatea dagokigu, hau da, euskarak sarea izaten jakin beharko du XXI. mendean. Gainera, hamarkada askotan sare minoritarioa izaten asmatu beharko du, eta hauek korapiloak izaten beharko dituzte, ahalmen guneak izan beharko dituzte.
Más en Cultura
-
I.Z. narra las edades de un cerezo a través de la fotografía, el vídeo y el audio
-
“Más allá de cómo esté jerarquizada su vida, uno tiene que sentirse protagonista de su propia historia”
-
Los Descartes abrirá el lunes 4 de agosto la nueva edición de 'Versionando'
-
Fundación Caja Navarra 'alimenta' a Archibaldo y a Archibalda