iruñea. Zer irakurri izateaz gain, Nafarroako zigiluek zer entzun eramanen dute Durangora. Han, Foru Komunitateko ordekaririk oparoena GOR diskoetxea izanen da. Eta Nafarroan sorturiko bi talde izanen dira protagonismo gehien izanen dutenak: Bizardunak eta Berri Txarrak. Horrekin batera, Mielotxin talde nafarra Cuando la beharra obliga bere azken lana aurkeztuko du Azokan.
Euskal talderik sasoikoena den Berri Txarraken azken argitalpena izanen da GOR-en berritasun nagusia Durangon. Denak ez du balio: Singles 1997-2007 bilduman Lekunberriko taldeak zigilu honetan izandako hamarkadako 22 abesti jaso-tzen dira eta Zertarako amestu? dokumentalarekin aurkezten dira. Horrekin batera, Bizardunak taldeak En Zugwang bere bigarren diskoa aurkeztuko du Azokan. Azkenik, GOR diskoetxeak urte honetan zehar plazaraturiko Electric Riders nafarren The trial, Laurobaren Egunarekin, Mantisaren disko izenkidea eta The Sparteensen Grandes éxitos del ayer diskoak eramanen ditu.
Horrez gain, Mielotxin taldeak Cuando la beharra obliga bere hirugarren lana aurkeztuko du Azokan. Entzun! aldizkari digitalak urtero bezala bere disko-liburu ederra aurkeztuko du. Eta Hesian talde sakanarrak ere Borrokatu eta irabazi eramanen du.
Mielotxin taldea astelehenean izanen da Azokan beren azken lana aurkezten, arratsaldeko 19.00etatik aitzinera. Lehenago Bizardunakeko lagunek En Zugwang albuma aurkeztuko dute, 15.30etan. Azkenik, %50era nafarra den Atom Rhumba astelehen gauean joko du Plateruena Kafe Antzokian Gargantuan Melee bere azken diskoa aurkezteko.