durango. Imanol Urbieta Beristainen musikari eta pedagogo zarauztarrak bart gauean jaso zuen 2010eko Argizaiola Saria Durangoko San Agustin Kultur Gunean. Euskalgintzak omenaldi sentitua eskaini zion, horrela, "umeen euskarazko kantutegiari egindako ekarpenagatik" bereziki. Ez da makala pilatutako merezimendua: hezkuntzaren eremuko disko eta liburu mordoska -70etik gora-, Oleskariak eta Naya taldeetako kidea, Xirula Mirula musika eskolaren sortzailea, Anton Abbadia saria (2007), EHU-Donostiako Orfeoia saria... Zerrenda osatugabe bat gehiago. Baliteke ordea irakurlearentzat esanahi handiagoa izatea beste lista xumeago batek. Gogoratzen Jon Brown indio txiki bat zen, Mac Mikel, Txiki-txiki-txikia eta Ranrroberra haur kantak? Bai horixe, horien guztien -eta beste askoren- sortzailea da Urbieta.
76 urte ditu gaur egun Imanolek, baina begi horien indarra irakaskuntza ogibide zuen garaietako bera da. Zabal-zabalik mantentzen ditu, bizi, argi, bihurri. Zahartzaroak eta luzean pairatutako gaitzak bastoia bidelagun izatera kondenatu dute. Hala ere "burua argi" daukala aldarrikatu du. Eta ez da gezurra: haurtzarora jotzen du, etengabe, heldu aroko galderei erantzun bat bilatu nahirik edo.
Argizaoila bezalako errekonozimenduak "esker onez" hartzen ditu Urbietak, baita umiltasunez ere: "Bakarrik ez dut ezer egin. Nire premioa denona da. Hau jarri ezazu, mesedez", eskatu dio kazetariari. Omenaldirik politena ordea, egunero jasotzen duena da. Ez baitira gutxi kalean diosala egin eta abesti hura edo bestea gogoratzen diotenak. "Oso ongi hartzen dut", aitortu du. Ikasle izandakoen "amak" aipatzen ditu Imanolek, baina baita haur izandako haiek ere. "Horietako batek zorion mezu bat bidali dit Internet bidez, bakeroz disfrazatuta, Mac Mikel kantatuz", kontatu du.
Adinean gora badoa ere, musika ezin du burutik kendu Zarauzko maisuak. "Ez dut sekula musika ofizio bezala ikusi", oharrarazi du, agian txikitatik horretan ari delako. Gauaren erdian, erdi lotan, melodiaren bat okurritzen bazaio, adibidez, "esnatu eta apuntatu" arte ez du atsedenik izaten. Ez hori bakarrik, lanean jarraitzen du egunero, pianoa lagun. Maiteminez eta Ez morroi ez nagusi izeneko pieza berriei bueltak ematen dihardu azken egunotan.
Zarauzko jubilatuentzako abesbatza ere zuzentzen du, eta talde horretarako ere sortzen ditu kantuak. Horrelako taldeei zuzendutako abesti bilduma bat osatzea darabil buruan gaur egun. Berriki, aiton-amonek beren bilobekin abesteko kanta bilduma -Aiton-amonekin kantari- bat ere aurkeztu du, Durangoko Azokako stand batean salgai izango dena.
Noizbehinka kazetarion galdera errepikakorrei erantzuteari ez dio uko egiten, solasean kafea hozten bazaio ere. Zarauzko malekoian paseotxo bat ematen saiatzen da, baita ere, eguraldia lagun duenean: "Getarira begira egotea beti izan dut gogoko", aipatu du. Umeren bat ikusten duenean, berriz, beti izaten dut irribarretxo bat hari eskaintzeko.