MAISU handi baten heriotzaren berri tristea ezagutzen den oro, mezu ugari zabaldu ohi da lau haizetara. Xabier Leteren kasua ez zen, atzo, gutxiagorako izan. Merezitako aitormena eta errekonozimendua jaso zituen kultura, euskara eta erakundeetako ordezkarien partetik. Aintzatespen horretatik guztitik, baina, zilegi da erreakzio horien artean ideia batzuk nabarmentzea, bere ibilbidearen laburpen gisara.

kantaria Askotan esan izan da Xabier Letek ez zuela ongi abesten, baina kantak entzuleengana iristen zirela, horretan dudarik ez da. 1960ko hamarkadan, artean 20 bat urte zituela, Julen Lekuona eta Joxean Artze ezagutu zituen, Zeruko Argian idazten zituen artikuluak zirela medio. Haien bitartez, Ez dok amairu taldeko sortzaileetako bat bilakatu zen. Hasiera batean besteentzako letrak idazten bazituen ere, gerora kantatzen hasi zen: Benito Lertxundi gaixotu zen batean, 1966an Seguran, gitarra hartu eta eszenatokira igo zenean, hain justu.

Ibilbide horretan, bakarka, Lourdes Iriondo eta Antton Valverderekin, disko ugari argitaratu zituen, baita abesti gogoangarri asko utzi ere. Nafarroa arragoa, Eta poeta, Gizon arruntaren koplak eta Xalbadorren heriotzean, batzuk aipatzearren. Belaunaldi askorengan txertatuta geratu diren kantak.

poesia Xabier Leteren poesiak bertsolaritzan zuen jatorria. Herriarengandik jaso zituenak herriari bueltatu zizkion sarritan, Txirritaren bertsoak -Valverde eta Lekuonarekin- diskoan, adibidez.

Baita ere, adituek azpimarratu izan dutenez, bere hasierako olerki eta letrek ikutu sozial garbia izan zuten, Egunetik egunera orduen gurpilean olerki liburua horren lekuko. Bigarren poema liburua, Urrats desbideratuak, Zentzu antzaldatuen poemategia eta Biziaren ikurrak etorri ziren, gero. Egunsentiaren esku izoztuak, azkenik.

konpromisoa 1983an Kultura zuzendari izendatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundian eta, bi urte beranduago, arlo bereko diputatu eta erakundeko bozeramaile bilakatu zen.

lourdes Lourdes Iriondo bikotearen presentzia eta itzala eta Xabier Leterena bana ezinak direla gogoratu zuten atzo askok. Ez dok amairu taldean ezagutu zuten elkar eta batera plazaratu zituzten zenbait disko. Emaztearen heriotzak, orain bost urte, eragin handia izan zuen bere bizitzan eta lanean. Bikotearen herrian, Urnietan bizi zen Lete larunbatean heriotza etorri zitzaion arte.

mina 1985ean gaixotasun larri bat diagnostikatu ziotenetik, gaitzarekin dema izan zuen Xabier Letek. Arrangura horrekin bizi izan zen azken urteotan eta horrek ere bere lanaren iluntasun eta lirikan ere eragin izan zuela diote adituek.