Durango. Orain dela ia hamar urte plazaratutako lanari, 7 kolore liburuari alegia, musika eta marrazki berriak erantsi dizkio Jon Arretxe idazleak. Hori dela eta, obra berri honen berrargitalpeneko luxuzko kolaboratzaileez inguratu da idazle basauritarra, bere aspaldiko ametsa gauzatuz. Francisco Ibañezen musika, Cristina Fernandezen ilustrazioak eta mundu mailan sekulako arrakasta duen Olatz Saitua sopranoak, beste askoren artean, Arretxeren azken lana borobildu dute. "Oso ondo portatu dira nirekin eta, hein handi batean, eurei esker lortu dut aspaldi buruan nuen proiektu hau aurrera eramatea", aitortzen du idazleak.

Zergatik aukeratu duzu momentu hau "7 kolore" liburuari musika eransteko?

Aspaldiko kontua zen proiektu hau. Aspaldiko ametsa eta ideia esango nuke nik. Orain dela hamar urte liburua idatzi nuenean, marrazki eta kolore aproposak sartu ziren baina neure buruan obra osoago bat imajinatzen nuen. Alde batetik, testua. Bestaldetik, ikusmenerako ilustrazioak eta, azkenik, entzumenerako musika horren falta somatzen nuen. Gertatzen dena da amets hori gauzatzea oso zaila zela, izan ere, nork argitaratuko dizu horrelako lan berezi bat gaur egun hain defizitarioa den musikarekin?

Kostata baina azkenean ametsa egia bihurtu da.

Bai, horrela da. Erein argitaletxeak aurten onartu dit proiektua eta kristoren poza izan da niretzat. Horretaz aparte, jende asko konbentzitu behar izan dut liburuaren berrargitalpen honi forma egokia emateko. Musikariak, konpositoreak, kantaria, pianista... oso ondo portatu dira nirekin eta, hein handi batean, eurei esker lortu dut ideia hau aurrera eramatea.

Liburuari musika jartzeaz gain, marrazkiak ere "ukitu" dituzu.

Bai. Marrazkiak goitik behera aldatu dira. Lan polita egin zen orduko argitalpenarekin baina hemen, adibidez, orrialde osoko marrazki berri pilo bat sartu dira. Gainera argitaletxeak askatasun osoa eman dio marrazkilariari -Cristina Fernandezek gaurkotu ditu jatorrizko liburuaren irudiak- nahi duena egiteko eta hori sekulako pribilegioa izan da.

Liburuaren aldaketa sakona gauzatu duzun arren, idazle batentzat garai batean idatzitako testuak sakratuak dira?

Ez, testua ere berridatzi egin dut baina ez da aldaketa sakonik eman. Narrazioak berberak dira baina pixka bat moldatuta. Urte batzuk pasatu eta gero berrirakurri ditut hasierako 7 koloreen letrak, izan ere, dagoeneko entzunda dituzu hamaika kritika eta iritzi ezberdin. Zentzu horretan, suposatzen da gero eta ofizio gehiagoz idazten duzula eta horri dagokio idazkien aldaketak.

Kirmen Uribe, Edorta Jimenez eta orain zuk zeuk. Literatura musikarekin atontzea idazleen etorkizuneko erronka ahal da?

Egia esan, ez dut horretan pentsatu. Badakit azken aldiotan jendea dabilela gauza konbinatuak egiten eta nire ustez, ideia ona da. Beti molde berberaren arabera gauzak egingo balira, baliteke momentu bat ailegatzea non irakurleak eta entzuleak aspertuta geratuko liratekeen.

Durangoko azokan ez dauden idazle eta musikalariak ez dira existitzen. Bat zatoz adierazpen honekin?

Nire lagun batek esaten duen legez, argazkian irtetzen ez dena ez da existitzen. Pixka bat exageratua da beharbada baina era berean egiaren zati handi bat darama esaldiak. Argazki hori izan liteke komunikabide batean irtetea edo Durangoko Azokan egotea. Niri hemen egotea asko gustatzen zait, tratu zuzena daukazu irakurleekin eta eurek asko eskertzen dute egoera hori.

Zure moduko idazle batentzat, zer suposatzen du euskal kulturaren eskaparatean egoteak?

Irakurleek nire luburuekiko duten iritzia jakitea asko gustatzen zait. Etorkizuneko lanerako euren ikuspuntua jakitea oso garantzitsua da idazle batentzat eta eurek ilusio handiz hurbiltzen dira gugana. Azkenean, guztiok irteten gara irabazten.

Musikaria ere bazara, ustekabean harrapatu zaitu Arriagako Nazioarteko Kantu Txapelketan 18 hegokorear aurkitzeak?

Bai, oso fuerte dabiltza Hego Koreatik. Lehen agian ez zuten hainbeste kantatzen baina kristoren ahotsak ari dira irteten azken aldi honetan. Nik opera kantatzen dut eta askotan lankideekin komentatu dut zer demontre pasatzen ari den herrialde honetan. Antzina tradizio handiagoa zegoen Italian edo Estatu Batuetan eta azken bolada honetan sekulako ahotsak irteten ari dira. Alde batetik, profesional handiak daudelako eta bestetik heziketa musikal hobea sortzen ari delako.