Durango. Zalaparta Landako Gunearen inguruan: "Foto, foto, Maialenekin, denok batera!", egin zuen garrasi ume batek, koadrilako beste hamabosten arrapalada izanik erantzun zuzena. Gaztetxo-engatik ez balitz izango, ilun xamar jarraituko zukeen Azokak...
Albiste batek astindu zuen asteburua; Xabier Lete hil egin da.
Bertsolaritzaren ikuspuntutik erreferentzia handia da Lete; bai bertso zaharrak beste inork ez bezala kantatu zituelako eta baita doinu asko eman dizkiolako bertsolaritzari.
Eta, bereziki, zertan markatu zaitu zu?
Nik, pertsonalki, asko mirestu izan dut bertso zaharrak kantatzeko zuen modua eta, batez ere, bere letragile eta poeta alderdia. Euskarazko letragile onenetakoa izan da, onena ez esatearren. Kristoren ondarea uzten digu eta zorte handia da hori, nahiz eta pena handia sentitu.
Laboa lehenengo eta Lete orain.
Badirudi zubi honek zerbait duela gure mitoak hiltzeko...
Batzuk badoazen moduan beste batzuk datoz, behintzat.
Bertsozale Elkarteko eskelan ageri den bezala guk jarraituko dugu bere doinuak gure hitzekin biziberritzen eta bere kantuak gure ahotsekin. Bere tradizio beraren eta bide beraren parte sentitzen naiz ni, maila berdinera iritsi gabe, noski. Baina bertsolarion egitekoa bide beretik doa: euskarazko kulturgintzan tradizioari eutsi baina baita berritu ere.
Urte berezia izan da aurtengoa zuretzat; hamabi hilabete txapela buruan.
Oso urte ederra izan da, bai. Behin txapelketaren ondorengo zurrunbiloa igarota asentatzen zaizu eta konturatzen zara ohoretxo hori zuk daramazula lau urtetarako.
Hausnartzeko denbora izan duzu?
Bai, eta gogoeten ondoren beste poz batekin begiratzen zaio txapelketari: ederra izan zen! Momentuko zurrunbiloak ez dizu uzten hainbeste disfrutatzen, erreakzioa baino ez zen, erantzun beharra. Baina orain, pixkanaka pausatzen doa oroitzapen hori eta poza eta barea ematen dit. Baina bizimodu aldetik ez da ezer aldatu, eta ez nuke nahi.
Domekan, Azoka egunean, amaitu zen Plazatik plazera egitasmoa. Zuk ere parte hartu zenuen, zer nolako esperientzia izan da?
Saio bat egin nuen nik eta ederra izan zen, nahiz eta lehenagotik ere eginda geneukan Nazioarteko Inprobisatzaileen Topaketarik.
Uruguai eta Kubatik etorri dira aurtengo inprobisatzaileak.
Hala da eta horrelakorik ezagutzen ez zutenentzat liluragarria izan da ikustea ezaguna duten jardun bat ulertzen duten beste hizkuntza batean. Bi hizkuntzen arteko elkarrizketa, parez parekoa, bata bestearen gainetik egon gabe, gauza ederra da, bereziki Euskal Herrian.
Askotan bilatzen den hizkuntzen arteko harreman naturala lortu duzue. Aurreiritzirik ez zegoelako?
Komunikatzeko gogoa geneukalako. Elkar ulertzea posiblea da inor inoren gainetik jarri gabe, baina kontutan hartu behar da hegoamerikarrak zirela. Desberdina li-tzateke Euskal Herriko erdal hiztunak balira, egoera desberdina li-tzateke eta ez parez pareko jarrera: beraien partetik ezintasuna legoke eta geuretzat, azken batean, inposizioa li-tzateke kasik. Baina kasu honetan ederra izan da, euskal herritar erdaldunentzat eredua. Eta bertsotara heltzeko bidea izan baldin bada norbaitentzat, bikain.
Iparraldeko Xilaba Xapelketa amaitu da orain gutxi. Jarraitzerik izan al duzu? Zer iruditu zaizu?
Ezin izan nuen finalera joan, baina beraiekin hitz egin eta oso pozik zeuden, izan den mugimenduagatik eta maila ere hobetu delako. Horretaz gain, jendearentzat erreferen-tzia berria izan daitekeen Odei Barroso bat ateratzea interesgarria da bertsolaritzarentzat. Gero bakoi-tzak bere lanaren arabera epaituko du, baina iparraldearen egoera soziologinguistikoa ikusita inportanteak dira horrelako festa handiak eta oinarria lantzen segitzea.
Iparraldea Amets eta Sustrai soilik ez den moduan, Bizkaia ere ez da Elortza eta Iturriaga bakarrik. Aldaketa ziurtatuta dago.
Ziklikoki pasatzen den gauza da eta frogatzen du bertsolaritza ez dagola izen bakar batzuen eskuetan. Gipuzkoako Txapelketa berrekin zenean, eta Peña, Andoni eta Sebastian atera ez zirenean, bazirudien umezurtz geundela; zalantzan zegoela maila nahikoa izango zen. Baina, azkenean, lortu zen. Eta Bizkaian ere berdin gertatuko da: izen berriak heldu dira finalera eta erakusleiho ederra da transmisioa nola gertatzen ari den ikusteko. Oinarrian egindako lanaren seinalea da, oso pozgarria.
Faboritorik al duzu?
Horiek esatea karga bat izan daiteke beraientzat ere, eta ez nik diodalako. Baina badaude balore seguru batzuk: Etxahun, Estiballes eta Enbeita, adibidez. Era berean bertsolari emergente baino gehiago direnak ere badaude: Miren Amuriza edo Jone Uria, esaterako.
Ametsek, Xapelketa aurretik, bere buruarekin zintzo kantatu gura zuela esan zuen eta Xabi Paya, iaz, damututa agertu zen Amurizari bota zion komentario batengatik. Politikoki zuzena izan behar da bertsolaria? Bere idealei zor zaio?
Oso galdera zaila da hori, norberak aukeratu behar duelako bertsoetan zer bilatzen duen. Eta ni Ametsekin bat nator: nire iri-tziekin fidela den bertsokera bilatzen dut. Baina kasuistika oso zabala da, fikzioa ere hor dagoelako. Hala ere, bakoitzak baloratu behar du zenbateraino kantatu dezakeen transgresore, politikoki ez zuzen eta, askotan, mingarria izan daitekeena.
Bertsolaria beti fikzioa eta errealitatearen arteko mugan.
Hala da. Fikziozko paper bat da, baina rol horretatik kantatzen ari dena bertsolaria bera da. Beraz, ez da guztiz aktore lana, anbiguoa da, esaten duzuna nola jasoko den oso delikatua baita. Hala ere ez daude interpretazioa eta zintzotasuna elkarren kontraesanean, baina zaila da muga.
Sorkuntza eremu guztietan ematen den dikotomia. Atxagak esan zuen ez zitzaiola Miranderi barkatu behar "Haur besoetakoa" liburu ona izate hutsagatik. Ez al da hori sortzaileak bere askatasunaren kontra egitea?
Alde batetik dago sortzailearen balizko askatasuna eta, bestalde, norberak, sortzaile gisa, bere buruari ematen dion funtzio soziala. Jendaurrean kantatzen duenak badu, nire ustez, ardura sozialik, eta kreazio artistikoaz gain badagoela iritzi maila ardurarik ere.
Mundu ikuskera bateri lotua bizi duzu bertsolaritza, beraz?
Nik behintzat bai, argi daukat. Halere, noski onartzen dudala dibertitzeko, txantxetarako eta surrealismorako lekua egotea, baina oso debate luze eta zaila da fikzioaren eta iritzi pertsonalaren arteko muga hori.