Síguenos en redes sociales:

Juul haur hauteskude literarioaren 14. edizioak baditu garaileak

nafaroa eta eae-ko ikastoletako aurrek euren liburu gogokoenak aukeratu dituzte Edizio honetako idazle sarituak Duquennoy, Waliño, Martinez de Lezea, Kinney eta Osoro izan dira

Juul haur hauteskude literarioaren 14. edizioak baditu garaileak

iruñea. Aste guztian zehar Nafarroa zein Euskal Autonomi Erkidegoko ikastoletan ospatu den Juul hauteskunde literarioaren 14. edizioak badauzka garaileak dagoeneko. Aurtengo edizioan 53 izan dira parte hartu duten ikastolak, liburuen kategorian 15.745 eta ilustratzaileenean 8.360 boto bildu direlarik.

Aurten, aurreko edizioetan bezala, sei izan dira bozkatutako kategoriak. A kategorian, 3 eta 6 urte bitarteko Haur Hezkuntzako ikasleenean, Jacques Duquennoyren Mamu tren, mamu tren liburua suertatu da garaile, Juan Kruz Igerabideren Jonasek arazo potolo bat du eta Felipe Ugalderen Amets handi bat-ek bigarren eta hirugarren postua lortu dutelarik, urrenez urren.

Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrek (6 eta 8 urte bitartekoak) Josu Waliñoren Hortza galdu du Jonek lanari eman diote garaipena euren botoen bidez. Bigarren postua Harkaitz Canoren Itsasoa etxe barruan liburuak lortu du eta hirugarrena Mikel Tellagorri idazlearen Mari Ttipia. Zugarramurdiko akelarrean-entzat izan da.

Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako (8 eta 10 urte bitartekoak) ikasleak biltzen dituen C kategoriako garailea Toti Martinez de Lezea izan da, Nur eta etxe sorgindua lanaren eskutik. Honen atzetik, Bat Pat. Estoldetako munstroa, Roberto Pavanellorena; eta Nur eta alfonbra hegalaria izan dira, azken hau ere Martinez de Lezearena.

D kategoriari dagokionez, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek Jeff Kinneyren Greg. Gizajo baten egunkaria lanari eman diote garaipena, bigarren postua Mikel Valverderen Rita Robinson eta hirugarrena Karlos Santistebanen Hamaiketan igerilekuan liburuek lortu dituztelarik.

Derrigorrezko Bigarren Hezkun-tzako ikasleak, 12 eta 16 urte bitartekoak, izan dira E kategorian bozkatu dutenak. Hala, Jasone Osoro idazlearen Ezekiel lanak eraman ditu boto gehien. Kittano, Joxantoni Ormazabalena; eta Ortzadarra Sutan, Fernando Morillorena, izan dira bigarren eta hirugarren postuan gelditu direnak, urrenez urren.

Azken kategorian, I kategorian, ikasleen ilustratzaileen lanak baloratu dituzte euren botoen bidez. Emandako 8.360 boto baliagarrien ondorioz, Juan Luis Landa ilustratzailea irten da garaile, Toti Martinez de Lezearen Nur sailaren irudien egilea. Mikel Valverde, Jokin Mitxelena, Eider Eibar, Patxi Gallego eta Jeff Kinney izan dira hurrengo postuak lortu dituztenak.