KRISIA metafora bat da, baina ez dakigu oraindik zer irudikatzen duen. Metafora antzua da, beraz: bere baitan deus biltzen ez duen oskol alferrikakoa. Metafora ororen antzera, beste zerbaiten oihartzuna xuxurlatzen digu, beste zerbaiten peskizan jartzen gaitu, beste norabait garamatza. Ez dakigu, ordea, zertan den beste zerbait edo norabait hori. Eta izua sortzen digu ez jakiteak, isla zehatzik gabeko egonezin sarkorra.

Oraindik hurbil ditugun bai-urteetako zorpetzea salatzera ohitu gara, aitortza mantra sendatzaile bihurtu nahirik. Opportune et inopportune onartzen dugunez, denok bihurtu ginen -nor bere neurrian, baina denok aberats berri aseezin- narotasun zoroaren mirabe, ameskeriaren meneko inozo baina ez horregatik errugabe?

Erabatekoa dut nik, ordea, beranduko damu horrekiko susmo txarra: orduan bezain arin eta burugabe murgilduko ginateke berriz ere, kriskitinka, antzeko egokiera begibistan sumatu orduko.

Damua, zinezkoa eta eraginkorra izatekotan, norberaren ebaluazio autokritikoaren konpainia noblean letorke, sistema kudeatzen omen dutenen barrabaskeria nabarmenen aurkako aldarri sutsu bezain alferrikakoen longaina lasaigarrian bilduta baino erosoago, eta jatorrago, eta zintzoago.

Zeren, onar dezagun behingoz, gutariko bakoitzaren handinahitik bazkatu baita handikien espekulazio burbuilatsua.

Izan ere, era askotako burbuiletan bizitzen ohitu ginen baialdian, eta ez da horietan txikiena kulturgintzaren zerua urtetan zeharkatu duena. Berezia da, ordea, kultur burbuila dei genezakeen hori, hor barrena bortizki husten ari direnen aldean, eta berezitasun horren aitzakian erabiliko dut hemen desburbuila hitz sasikoa.

Kulturgintzaren desburbuilak, beraz, alderantziz funtzionatzen du: ez da diru-gosez hanpatzen, norberaren eta gizarte osoaren eder-nahiaz baizik. Ez du kultur kontsumo-eskaeraren gehiegiak elikatzen, gure gizartearentzat nahi genukeen kultur gose ametsezko baten araberako eskaintzak baizik. Eztanda egindakoan, ez du gizartearen ongizatea kolokan jartzen, ongizatearen beraren adiera funtsezkoena baizik, gizakiaren gogo-betetasuna alegia, edo, nahiago bada, gutariko bakoi-tzak ezagutu dezakeen zorion puskarik zehatzena.

Desburbuilak bizi gaitu krisi garaiko kulturgintza honetan, eta gizarteak -ez bakarrik haren kudeatzaile politikoek; ez gaitezen behingoagatik mozoloak izan- kupidatsua nahi lukeen baina destaina apenas disimulatzen duen irriño batez begiratzen digu kultur industrietan ari garenoi, kontsumoaren murrizketak kalteturikoen zerrendan gure tokia aipatzen dugunean. Izan ere, ekoizten duguna ez da inongo lehentasun-sistematan sartzen. Eta horrek badu, nire ustez, iturburu garbia: denbora luzeegia eman dugu erregearen biluztasunaz kezkatuta eta, aldi berean, haren menekoon biluztasuna eredu etiko-estetikotzat har-tzen. Bestela esanda, kultur kontuetan eskuzabal jokatzea eskatzen genion erregeari, haren oparotasunak estal zezan herritar bakoitzarengandik espero ez genuen ordain kabala.

Kulturgintzan badakigu, beraz, zeren metafora den krisia.