'Nur' nagusi Juul ikastolen hauteskunde literarioan
nafarroako eta eae-ko 51 ikastolatako botoak bildu dira bozketaren 15. edizioan Martinez de Lezearen sailaz aparte, Sung Na, Ibarrola, Kinney, Osoro eta Uriberen lanak izan dira bozkatuenak
Iruñea. Nafarroako eta Euskal Autonomi Erkidegoko ikastolak biltzen dituen Juul hauteskunde literarioak argi utzi du, aurtengoan ere, Haur Hezkuntzatik Batxilergorainoko ikasleen zaletasun literarioak. Ikastolen Elkarteak antolatutako bozketaren 15. edizio honetan Il Sung Na idazlearen Brrr Neguko liburua, Begoña Ibarrolaren Koxkor kale txakurra, Toti Martinez de Lezearen Nur eta Dortoken uhartea, Jeff Kinneyren Greg. Gizajo baten egunkaria, Jasone Osororen Ezekiel eta Kirmen Uriberen Mussche suertatu dira garaile liburuen sei kategorietan; ilustratzaile sailean Juan Luis Landa izan delarik bozkatuena.
51 ikastolek hartu dute parte aste osoan zehar zabaldu den bozketan. Denetara, 14.915 boto bildu dira liburuen sailari dagokionez eta 8.610 ilustratzaileen kategorian.Urtez urte gero eta indar gehiago hartzen doa Juul eta horren adierazleetako bat aurten ohiko sei kategoriei bat gehiago batu zaiela da, hau da, Batxilergoko botoak biltzen dituena.
A kategorian, 3 eta 6 urte bitarteko Haur Hezkuntzako ikasleenean, Il Sung Na idazlearen Brrr Neguko liburua suertatu da garaile, Magali Le Hucheren Joxe Migel basoko oreina eta Michael Grejnieceren Nola dastatu ilargia? liburuek lortu dituztelarik, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuak.
Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrek Koxkor kale-txakurra liburuaren alde bozkatu dute, bigarrena egin duen Mario Ramosen Neu naiz azkarrena eta hirugarren postuan geratu den David Mckeeren Elmer-en gainetik. Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako 8 eta 10 urte bitarteko ikasleak biltzen dituen C kategoriako garailea Toti Martinez de Lezea izan da aurtengoan ere, Nur eta Dortoken uhartea lanaren eskutik. Martinez de Lezeak hirugarren postua eskuratu du sail berdin honetan Nur eta irlandar gnomoa-rekin, eta Unai Elorriagaren Zizili izan da bigarren bozkatuena.
D kategoriari dagokionez, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek iazko garailea hautatu dute edizio berri honetan: Jeff Kinneyren Greg. Gizajo baten egunkaria. Martinez de Lezearen Nur eta Dortoken uhartea-k bigarren egin du sail honetan ere, eta hirugarrena Elorriagaren Zizili izan da. Bi hauek izan dira sail desberdinetan bozkatuenetarikoak izan diren bakarrak.
Derrigorrezko Bigarren Hezkun-tzako ikasleak, 12 eta 16 urte bitartekoak, izan dira E kategorian bozkatu dutenak. Hala, Jasone Osoro idazlearen Ezekiel lanak eraman ditu boto gehien, iazko garaipena errepikatuz. Suzanne Collinsen Gose jokoak ospetsua izan da boto gehien eraman dituen bigarren lana eta hirugarren postua Jon Eugi Aierdiren Piraten uhartea izan da.
Batxilergoko ikasleek, euren aldetik, Kirmen Uriberen Mussche lana aukeratu dute liburu onena bezala, Jon Arretxeren Ostegunak eta Jasone Osororen Tentazioak bigarren eta hirugarren egin duten bitartean.
Ilustratzaileen kategorian, iaz bezalaxe, Juan Luis Landa ilustra-tzailea suertatu da garaile, Toti Martinez de Lezearen Nur sailaren irudien egilea. Mikel Valverde, Jokin Mitxelena, Jeff Kinney, Eider Eibar eta Estibalitz Jalon izan dira, hurrenez hurren, haren ondoren boto gehien bildu dituztenak.