iruñea. Gaur eta bihar arratsaldean jokatuko dira Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako lehenengo itzuliko azken saioak. Hauen ondoren jakingo da, azkenik, nortzuk osatuko dituzten finala erabakiko duten azken hiru saioak. Lehenengo hitzordua Oiar-tzungoa izango da gaur, arratsaldeko 17:30ean. Aitor Sarriegi, Jon Maia, Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Lizaso eta Odei Barroso izango dira Elorsoro kiroldegiko oholtzara igoko diren sei bertsolariak. Bihar Murgian jokatuko lehenengo itzuliko azkena izango den laugarren finalaurrekoa, ordu berean, eta Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Xabier Silveira, Unai Agirre eta Fredi Paia arituko dira bertso borrokan.

Gaurko saioari dagokionez, 2009ko finalean kantatu zuten bi bertsolarik kantatuko dute lehen aldiz Txapelketa Nagusiko edizio honetan: Aitor Sarriegi eta Jon Maia. Gainerako laurek kanporaketetan lortu zuten txartela: Agin Laburuk Markina-Xemeigo saioa irabazita, eta beste hirurek lortutako puntuazioari esker.

Hasiera batean txartelen salmenta agortu egin zela adierazi bazen ere, autobabes plana errebisatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen bulegoak baimena eman du 1.500 lagunentzako aforoa izateko, denak eserita.

Horiek horrela, hainbat egunez etenda egon zen sarrera salmenta berriro martxan jarri zen ostegunean. Azken sarrerak dira salgai jarri direnak, horiek amaituta ez da gehiagorik izango. Entzule guztiak eserita egongo dira Elorsoro kiroldegian, beraz aurretik zutikako sarrera erosi duten pertsonek saioa eserita ikusteko aukera izango dute, erosia duten sarrera baliatuta.

Oiartzunen irabazten duen bertsolaria finalaurrekoetarako bigarren itzulirako sailkatuko da zuzenean. Hain zuzen, azaroaren 23an Donostian jokatuko den saioan kantatuko du. Gainerako bertsolariek finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioen zain egon beharko dute.

Igandeko saioari dagokionez, 2009ko Txapelketako finalean egondako Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze aurtengo edizoan lehenengoz arituko dira. Gainerako lau bertsolariek kanporaketetan lortu zuten finalaurrekoetarako txartela: Beñat Gaztelumendik Altsasuko kanporaketa irabazita eta Silveira, Agirre eta Paia lortutako puntuei esker. Murgian irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 30an jokatuko den Mauleko finalaurrekorako.

Joan zen asteburuko bi saioetan bezala, kasu honetan ere bertsolariek hurrengo lanak osatu beharko dituzte: binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zor-tziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko mo-tzean; eta kartzelako lana, banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.