Jolasa, abenturak eta umorea, historia ikasteko
donostia - Hemendik aurrera, haur eta gazteek Euskal Herriko historia modu dibertigarri batean ikasteko aukera izango dute Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia proiektuari esker. Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean sortutako egitasmo berria ezagutza liburu batek, bederatzi liburuk -dagoeneko hiru argitaratu dira- eta galdera-erantzunen mahai joko batek osatzen dute, eta gainera, atari digital bat, abestia eta trailer bat ere baditu proiektuak.
Lur eta Amets anai-arrebekin, euren amona Andererekin eta Baltaxar katuarekin bidaia bat egingo dute haur eta gazteek, eta Historiaurretik hasi eta gaur egunera arte, garai bakoitzeko istorioak ezagutuko dituzte. “Eduki historikoetan zorroztasuna bilatu dugu eta modu dinamiko batean kontatu nahi izan dugu”, adierazi zuen atzo Antxiñe Mendizabal proiektuaren koordinatzaileak. Gainera, “historia handiak” ez ezik, herri xeheko kontakizunak ere kotuan izan dituzte, eta emakumea presente egon da garai guztietako istorioetan. “Irudimena, jolasa eta umorea erabili ditugu umeengana errazago iristeko, eta proiektu dinamiko eta partehartzailea egiten saiatu gara”, gaineratu zuen.
Eduki liburua, “proiektuaren muina”, gazteei zuzenduta dago, eta zor-tzi gai aztertzen ditu bertan. Juanba Berasategi arduratu da proiektua irudiz betetzeaz, eta egoera historiko bakoitzeko momentu adierazgarriak biltzen saiatu dela azaldu zuen.
Bestalde, Uxue Alberdi eta Unai Elorriaga aritu dira haurrentzat ipuinak idazten. “Zorroztasun historikoa eta sinesgarritasuna uztartzen saiatu naiz, eta gainera, gaur egun bisitatu daitezken lekuetan kokatu ditut abenturak, haurrentzat polita izan daiteke eta toki horiek ezagu-tzea”, esan zuen Alberdik. Adibidez, Historiaurreko ipuina Ekaingo kobazuloan kokatu du, eta erromatarren garaikoa, Baztanen.
Bestalde, mahai joko “mardula” egin dute, familian aritzeko, eta www.luretaametshistorian.eus atarian, jolasak eta parte hartzeko proposamenak daude, abestiaz eta trailerraz gain. “Etorkizunean, aurrera jarraitzeko moduko proiektua da”, aurreratu zuen Mendizabalek.
Ezagutza liburua. Gazteentzako egina dago eta zortzi gai ditu, Historiaurretik gaur egunera arte.
Ipuinak. Bederatzi abentura liburu egingo dira, baina hiru daude kalean orain: Historiaurrekoa, Ekainen kokatua; erromatarren garaikoa, Baztanen; eta Erdi aroan Tuteran izango dira.
Mahai jokoa. Familia guztiarentzat, galdera-erantzun jolasa.
Atari digitala. Jokoak eta parte hartzeko proposamenak bilduko ditu.
Abestia. Xabier Zabalak egina eta Eñaut Elorrietak abestua.
Trailerra. Atarian ikusgai dago, eta etorkizunean filmea edo telebista seriea bilakatuko da.