Eta ‘Goenkale’ bukatu egin zen
Telesail mitikoaren azken hiru atalak primizian eskaini ziren atzo, Irudienean. Zaleekin batera, bertan izan zen azken denboraldietan aktore lanetan aritu den belaunaldi gazteena
durango - Denak omen du bere amaiera. Baita Goenkalek ere. Amaitu. Goenkale. Ez gara bi hitz horiek esaldi bakarrean entzutera berehalakoan ohituko. Baina bai, ETB-1eko telesail beteranoak agur esango du betiko, abenduaren 21ean pantaila txikian eskainiko den azken atalarekin. Durangoko Azoka, ordea, aurreratu egin zen, eta atzo primizian eskaini zituen azken hiru atalak.
Bi hamarkada iraun duen ibilbide emankorrean zale ugari pilatu ditu Goenkalek, eta horietako askok ez zuten Durangoko zita pasatzen utzi. Sentimentu kontrajarriek bat egin zuten Irudienean: kuriositateak, emozioak eta, noski, baita tristurak ere. Hala, bati baino gehiagori malkoren batek ere ihes egin zion Euskal Telebistako telesail izarra ikusten emandako uneak gogoratzean.
Zaleekin batera, azken urteetan Goenkaletik igaro diren zenbait aktore ere bertaratu ziren. “Zu zein denboralditan egon zinen ba?”, galdetzen zion batek beste bati. “Ni, hamaseigarrenean”, erantzun zion, barrez. Izan ere, memoria ariketa sakona egin behar da telesailetik igaro diren profesional guztiak gogoan gordetzeko.
Gaztea izanagatik, Goenkaleko beteranoetako bat dugu Joseba Usabiaga, Tximista. 2001ean, 18 urte zituela hasi eta 30 urte bete arte egon da. “Nire gaztetasun osoa bertan eman dut. Oraindik kalean Tximista izaten jarraitzen dut”, zioen. Ugaitz Alegriaren ibilbidea askoz laburragoa izan da, baina penaturik mintzo zen Ondarroako aktorea: “Gauza on guztiak bukatu egiten dira bizitza honetan, zer egingo diogu!”. Goenkaleren arrakastaren gakoa “istorioen gertutasuna” izan dela iritzi zion Alegriak. “Hasieratik, jendea identifikatu egin zen gertatzen zenarekin. Ikusleak bere burua ikusi izan du istorioetan. Hori izan da bere arrakastaren gakoa”, nabarmendu zuen.
Aktoreez gain, Irudienean izan ziren hainbat urtez Goenkaleren aktore-zuzendaritzan jardun duen Itziar Gomez eta baita Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia ere. “Goenkale gure altxorra da -nabarmendu zuen Iturbek-. Aktore eskola aparta izateaz gain, euskarari eta ikus-entzunezkoen alorrari bultzada itzela eman die. Bukatu da Goenkale, baina etorriko dira berriak”, gehitu zuen Euskal Telebistako zuzendariak.
Zaleen epelean Asko dira hasieratik Arraldeko bizilagunen gora-beherak jarraitu dituztenak; beste zenbait, ordea, gerora zaletu dira. “Kapitulu guztiak ikusi ditut!”, zioen Durangoko Anak, harro. “Tira, bakarren bat galduko nuen? baina ez ziren dozena bat baino gehiago izango!”, gehitu zuen. “Goenkale, edo biziki maite duzu, edo gorroto duzu. Ez dago tartekorik. Eta ni lehen multzokoa naiz, zale amorratua”, zioen Algortako Iñakik. Zalantzarik gabe, belaunaldi guztietako jendea erakartzen jakin izan du Goenkalek, baita gazteenak ere. Horietako asko harekin hazi dira, Zornotzatik Durangora gerturatu zen Xabi, kasu. “31 urte ditut, eta 21 daramatzat Goenkale ikusten. Ez dut bizitza bera gabe imajinatzen”, zioen.
Bere zaleen atsekaberako, ordea, Euskal Herriko afalosteetan lekua egin duen Arralde desagertu egingo da pantailatik. Dena den, bere horma eta kaleen artean eman diren une eta bizipen asko eta asko betirako iltzatuta geratuko dira askoren gogoan, gehienon memorian. Izan ere, gutxi-asko, nork ez du ba Goenkale maite?
Más en Cultura
-
Especial David Lynch en la nueva edición de 'Golem Verano'
-
Kultur 2025 arranca este fin de semana con jazz, pop actual y circo contemporáneo al aire libre
-
Subastan un conjunto de guiones inacabados del legendario David Lynch
-
El talento joven recorrerá los 'Rincones y recovecos' de la Ciudadela de Pamplona