iruñea - Juankar Lopez-Mugartzak (Iruñea, 1961), Maiatz argitalpen taldearen eskutik argitaratu duen olerki liburuaren sorkuntza prozesua definitzeko hitz bat aukeratu beharko balitz, hori askatasuna litzateke. Arima animalia, izan ere, barnetik eta inolako zentsura edo presiorik gabe hondu du idazleak, atzo Iruñean egindako aurkezpenean azaldu zuen bezala. Instintuari soilik egin dio men, bertan jositako olerkiak betetzen dituzten animali arimadunei jarraiki.
Naturari eta lurrari hertsiki lotutako piezak bildu ditu Mugartzak lan honetan. Alta, liburua bi ataletan banatu du; alde batetik, Arima animalia-ren bueltan idatzitako olerkiak bildu ditu, non gizabanakoaren barreneko sen basatia izan duen hizpide eta protagonista; eta bertzetik, Maiatz aldizkariarekin urtetan izandako kolaboraziotik loratu diren testuak josi ditu. Denak ala denak, izpiritu beraren isla agertzen dute: gizakia eta lurraren arteko lotura. “Animaliak islatu ditut, gure instintua halakoa delako, animaliak garelako”, azpimarratu zuen Mugartzak atzo. “Nire poesiak lurrarekin lotzen saiatzen naizela konturatu naiz”, azaldu zuen egileak. “Animaliak lurra betetzen dutenak, lurrari zentzua ematen diotenak dira”.
Bai azala bai orrialdeetan zehar agertzen diren ilustrazioak Agurtzane Anduetza artistak sortutakoak izan dira. Jaiotzez iruindarra eta egun Zugarramurdin bizi den ilustratzailearen lanak lotura zuzena dauka Mugartzaren poesiarekin, adierazi zutenez. Maiatzen eskutik Arima animalia ilustratzeko proposamena ailegatu zitzaionean, Anduetzari izenburua bera “magikoa, indartsua” iruditu zitzaion, eta “lehenengo sentsazioek” iradoki ziotenari jarraituz sortu zituen marrazkiak. “Liburu honetan dena da instintua, dena da animalia”.
Luzien Etxezaharreta liburuaren Maiatz aldizkariko editoreak azaldu zuenez, Mugartzaren lanak “klasiko handiekiko erreferentzia ugari ditu”, Axular edo Lizarraga bertzean ber-tze. “Poesia garaikidea da, munduko kultura desberdinetatik edaten duena, baina aldi berean herri kulturan sustraitzen dena”.
Maiatz aldizkaria 1982 urtean abiatu zen Maiatz, Baionan, euskal literaturaren esparruan sortzen ziren lanei oihartzuna emateko asmoz. Sei hilabetean behin plazaratzen den aldizkaritik andana izan dira bertan argitaratu duten egileak: Itxaro Borda, Antton Luku, Aingeru Epaltza, Ur Apalategi... Aldizkariaren 48. alean hasi zen Mugartza bere lanak argitaratzen, eta ordutik agertutakoetako aunitz bildu ditu oraingo argitalpenean.
“Askatasun handia izan dut liburua jorratzerakoan”, azpimarratu zuen. “Maiatz edo Hatsaren poesia bezalako aldizkariarengatik ez balitz, liburu hau ez zen plazaratu izango. Asmo komertzialak tartean daudenean, oso zaila da argitaratzea. Idatzi dezakezu, baina kajoi batean gelditzen badira idatzitako horiek frustrazio sentsazioa pizten zaizu”. Etxezaharretaren aburuz, “aldizkari batek lagundu diezaioke idazle bati ausartzen, eta garrantzitsua da hori”. “Gaur egun bakoitza indibidualismoan lerratzen da eta horretara bultzatua da, eta bat-batean idazle handi bat izatera. Eta hori ezinezkoa da”.