iruñea - Maskaradako dantzari fin hura, nor zen? Zenbat dantzari zuberotar zendu ote ziren 1914ko gerran? Galdera hauei eta beste askori eran-tzuten saiatzen da Jean Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe, Zuberoa, 1953) dantzari, abeslari eta txistularia gaur, Iruñeko Karrikiri dendan arratsaldeko 20.00etan aurkeztuko duen Ai-tzina Pika liburuan.

Hainbat ikerketaren emaitza den lana Sü Azia elkarteak argitaratu zuen orain hilabete batzuk.

Musikaria izateaz gain dantzaria ere baden egile zuberotarra, Euskal Herriko dantza eta musikaren inguruan ikertzen osatu du liburua. Zuberoako 180 dantzari eta musikariren pasarteak, argazkiak, kontakizunak jasotzen ditu bertan, baita Xabier Itzaina, Jean-Claude Larronde, Marcel Gastellu eta Geneviève Marsanek eginiko ikerketak ere.

Jean Mixel Bedaxagar txistulari eta kantari gisa da ezaguna gaur egun. Azken aldian Zuhainpeko Soinuak ikuskizunean parte hartu du Mixel Etxekopart edota Juan Mari Beltran bezalako musikariekin. Bakarlari bezala ere hainbat disko plazaratu izan ditu, tartean ditu bakarlari gisa, azkena Belatxa izenekoa, 2015 urtean. Dantzari, txirula jotzaile eta kantaria da Bedaxagar. Zuberoako maisuengandik (Etxahun-Iruri, Attuli, Pette Napoleon...) ikasitako kantatzeko manera errespetatuz baina bere estiloa emanez, ahozko tradizioaren ordezkari nagusietako bat da ere bada artista zuberotarra. Bere ibilbide oparoan, bost disko argitaratu ditu: Xiberoa (1983), Otea lili denean (1995), Bedaxagar (1996), Auñamendi (2009) eta Belatxa (2015).

Pastoralen egile eta zuzendari bezala ere ibilia izan da, tartean 1988an Urdiñarben taularatutako Agosti Xaho pastorala.