iruñea- Pamiela argitaletxeak, 2018ko Etxepare Sariketako irabazlea izandako Cosimoren katiuskak liburua aurkeztu zuen atzo. Dani Martirenak idatzi eta Ana Ibañezek ilustratutako bilduma gailendu zen Nafarroako toki-entitateetako euskara zerbitzuek argitaletxe nafarrarekin elkarlanean antolatzen duten lehiaketara aurkeztu ziren 19 lanen artean, ekainean jakinarazi zenez.
Cosimo eta parke txiki bat dira Martirena eta Ibañezen ipuineko protagonistak. Cosimok zuhaitz batean eraiki du etxola, eta hortik inguruari erreparatzen dio. Egileek Italo Calvinoren Il barone rampante liburu ezagunaren erreferentzia erabili eta gaurkotu dute, Cosimo haurrari baliabide berriak eman dizkiote eta, gizartean kokatuz, edertasunaren aldarrikapena zabaldu dute, atzo egindako aurkezpenean argitu zuten bezala.
Aurtengo edizioan, Leire Bilbao, Leire Salaberria eta Asun Agiriano izan dira epaimahaikide Etxepare sarian. Azpimarratu zutenez, “gogoetarako kontakizuna” da Cosimoren katiuskak. “Testuak poesia du, umorea eta jolasa: hi-tzekin jolasten du idazleak, irudiekin marrazkilariak. Biek album ilustratu baten ezaugarri nagusiak bikain erakusten dute, hau da, irakurlea adi egotearena eta heldu baten konpainia ezinbestekoa izatearena, xehetasun guztiak harrapatzea nahi baditugu”. Halaber, lan “indartsua” dela ere adierazi zuen epaimahaiak, bai marrazkiei bai testuari dagokionez. “Teknikoki ausarta, guztiak du zeresana, eta horregatik eskaintzen du irakurketa ugari; arriskatzen duen obra bat da, euskal idazle eta ilustratzaileen maila ondo baino hobeto erakusten duena”.
Ez da lehenengo aldia Martirena eta Ibañezek elkarlanean sortutako lan bat plazaratzen dutela. Auto-ekoizpenaren bidetik, izan ere, bi liburu argitaratu dituzte: Hankaz gora du amak mundua (Liburu iletsuak, 2015) eta Jonek Jone izan nahi du (Liburu ile-tsuak, 2017).
Etxepare 2019 sariketa, abian Antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez, haurrentzako bilduma ilustratuen Etxepare sariketaren 2019ko ediziora aurkezteko epea irekita dago jada, 2019ko maiatzaren 17a arte. Lanak euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dira. Halaber, lehiaketan bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean parte hartu ahal izango da.