Atsotitzek fresko eta bizirik mantentzen dute euskara, eta esaera zahar horiek dira Oskia Karrerak begiz jo dituenak bere bigarren liburua osatzeko. 90 esaera eta 100 argazki inguru bildu ditu argazkilariak Atsotitzak argazkitan bilduman. Abenduan, 53. Durangoko Azokan izango da tolosarra eta liburua eskuragarri izango da auto-ekoizleen postuan.

“Askotan beste hizkuntza batzuetara jotzen dugu euskarak esaera eta esamoldeak izango ez balitu bezala. Hauen erabilera aldarrikatu nahian eta euskarari freskotasuna ematen diotela iruditzen zaidalako, bigarren liburu honetarako erabili ditut”, azaldu du Oskia Karrerak. Orain urtebete pasatxo Eskuekin esaten dizut argazki-bilduma kaleratzearekin batera erakusketa zabaldu zuen Aranburu Jauregian.

Lizardi Kultur Elkartean aurkeztu duen proiektuarekin, aldiz, hizkun-tzari erreparatu nahi izan dio. Argazkilariaren hitzetan, atsotitzak “herriaren izaera eta jakinduria trinkoa islatzen dute, eta freskotasuna ematen digute”.

Orain 400 urte atsotitzei buruzko lehen lana argitaratu zen, baina sakonena Gotzon Garatek osatu du, Euskal Herriko zazpi probintzietako baserrietan jasotako 14.000 esaera zahar baino gehiago bilduz. Oskia Karreraren iritziz, ordea, horietako asko eta asko zaharkituta geratu dira gaur egungo bizimoduari dagokionez. Santutegiarekin edo baserri munduari oso loturik dauden esaerak dira gehientsuenak. “Horregatik, nire liburuxka baliagarria izan daiteke euskara ikasten ari diren horientzat, gure bizimoduan erabili ditzakegun esamoldeak aukeratu baititut, egunerokotasuneko egoerak erakusten dituztenak, euskara hauspotzeko helburuz”, azaldu du liburuaren egileak.

Txapela buruan, ibili munduan; Nolako egurra, halako ezpala; A ze parea, karakola eta barea; edo Zer egingo dugu bada? Hil arte bizi bezalako atsotitzak irudi bidez atondu ditu Oskia Karrerak.

Tolosako Lizardi Kultur Elkartearen babesa jaso du proiektu honetan. Adierazi dutenez, elkartearen ardatzak dira “kultura eta euskara”, eta nahiz eta gaur egun kulturaren arloan “nahi beste ekintza” ez dituzten antolatzen, Tolosako sortzaile eta ekintzaileei babesa emateko prest dago elkartea.