“Laja gazteak soinua zuen amets, eta odoleraino sartu zitzaion trikitiaren oihartzuna; gaur maisuen maisu dela esango nuke soinua jotzen eta gizatasunean”, dio Iriondok, 2016ko azaroan argitaratutako Laja, trikitixaren zubia liburuan. 1944. urtean jaio zen Garmendia Azkoitiko Laja baserrian eta aitarengatik jaso zuen zaletasuna. Gurasoek soinuarekin zuen gaitasuna ikusita, irakasleekin -Elgetarekin eta Sakabirekin, lehenik; eta Joxe Mari Altuna musikariarekin, gero-, aritzea adostu zuten. Gerora, Garmendia izango zen gazte trikitilari askoren erreferente, “arian-arian trikitixaren zubia eraiki zuen, zaharretatik belaunaldi gazteetara heltzeko, joera eta estilo ezberdinetan”.

plazagizona Hamahiru urte zituela jo zuen estreinakoz erromeria batean, dozena bat pieza bakarrik zekizkiela. Han hasi zuen 60 urteko ibilbidea, plazaz plaza. Urte horietan guztietan, ordea, erromerien errealitatea asko aldatu zen. Horrela uste zuen Garmendiak eta horrela jaso zuen Iriondok: “Garai batean guk ezagutu genituen erromeriek ez zuten oraingoen antzik. Gure aurrekoak ere ezberdinak izango ziren zentzu askotan. Besteak beste, herri eta auzo txikietan egiten ziren, eta inguruko gazte jendea bildu ohi zen. Soinujole gutxi zen garaia ezagutu genuen guk, eta orain alderan-tziz gertatzen da, soinujole asko baina erromeriak eta dantzariak urri samar, beharbada”.

Batzuetan -hasieran, bereziki- bakarrik baina, besteetan, beste musikariekin ibiltzen zen plazaz plaza, garai bakoitzean “eskura zetorkion” panderojolearekin. Horien artean, Egañazpi, Iturbide, Alustiza eta, Landakanda, noski.

Ramon Zubizarreta Landakandak eta Garmendiak Azkoitiko 2016ko Andramaixetako txupinazoa bota zuten. Txupinazoa aitzakia hartuta, komunikabide honek egindako elkarrizketan, bikoteak gogoratu zuen elkarrekin lehen aldiz Arraten jo zutela, panderojolearen “lehengusu baten koinataren bodan”. “Halaxe, bata bestearekin txundituta geratu eta handik Lasturrera joan ginen gero, despedida batera”, kontatu zion Landakandak Iriondori.

Ezkontza eta despedida hura izan ziren 40 urteko ibilbidearen hasiera. Bitartean, lau disko atera zituzten elkarrekin, lehenengoa, 1977. urtean, “Madrilgo estudio dotore batean” -IZ Estudioak-. Urte horretako Kilometroak festaren ondoren, Madrilera Seat 133 txiki batean joan ziren. Lajak aurreko egunean ikastolen aldeko festan lan egin ondoren, lo pasa zuen bidaia guztia. Bikotearen lehen grabazio hura arrakastatsua izan zen, beste hirurak bezala. Bigarren LPa atera zutenean, trikitilari eta panderojolea “hilean egunak baino emanaldi gehiago” egiten hasi ziren.

Zubizarretarentzat ere Garmendia belaunaldien arteko zubia izan zen: “Ez dakit esan beharko nukeen, baina niretzat besteengandik maila bat gorakoa izan da Iñaki. Soinujole handia, dotorea, ona”.

Trikitilariak, bere aldetik, lehen lana Landakandarekin diskoa kaleratu baino lehenago grabatu zuen, hiru urte lehenago, hain zuzen ere. Imanol Iturbide panderojolearekin, Donostiako Edigsa/Herri Gogoan estudioetan izan zen grabazioa eta hark, gerora etorriko ziren guztiek bezala, “sekulako arrakasta” izan zuen.

txapelak Iriondok gogoratu duenez, Trikitilarien I. Txapelketa Donostiako Trinitate plazan ospatu zen, 1970. urteko irailaren 13an, arratsaldez -goizez, Kontxako bandera jokatu zen-. Lehiaketa irekia bazen ere, soinujole gipuzkoarrek bakarrik eman zuten izena, horien artean, Garmendiak, txapelketazalea ez omen zen arren. Halakoak gazte jendearentzat aproposagoak zirela uste zuen.

Lehiaketaren epaimahaia ez zen nolanahikoa. Xabier Lete kantari eta poetak, Joxan Artze txalapartari eta poetak, Jose Mari Altuna musikariak eta Jon Azpillaga bertsolariak osatu zuten tribunala, eta Sakabi eta Egañazpik jantzi zuten txapela. Lajak, aldiz, soinujole onenaren saria irabazi zuen.

1971.etik aurrera, ordea, “zazpi urtetan txapelari buruan eutsi zion Lajak, panderojole ezberdinak laguntzaile zituela”. Horietatik, Landakanda bikote zuela 1978, 1979 eta 1982. urteetan lortu zuen lehen saria. Inoiz egin ez zuten Australiarako bidaia irabazi zuten azken lehia horretan.

Handik aurrera, Garmendiak ez zuen inoiz trikitia utzi -Landakandak osasun arazoengatik panderoa jo-tzeari utzi zion epe batez- eta 2009an, Mikel Alustiza pandero eta abeslariarekin estudioko azken lana kaleratu zuen, Non zutarra, han adarra.