uztailaren 11n, 12an eta 13an

Ehun artista baino gehiago izango dira Bilbao BBK Liven

09.02.2020 | 15:33
Bilbao BBK Live uztailaren 11n, 12an eta 13an ospatuko da.

BILBO. Ehun artista baino gehiago izango dira Bilbao BBK Liven. Jaialdiaren XIV edizioa uztailaren 11n, 12an eta 13an ospatuko da Kobetamendin. BBK Livek 12 agertoki izango ditu eta horietatik 7 Kobetamendiko jaialdiaren eremuaren barruan egongo dira.

Agertoki NAGUSIA: Estatu osoan eskainiko duen kontzertu bakarra gurean egingo du The Strokes taldeak, rocka mende honetan indarberritu izanaren erantzuleak; Liam Gallagher, zalantzarik gabe, historian eragin handienetakoa izan duen abeslari bat; Rosalía, nazioarteko jaialdi nagusietan arrakastak metatzen ari den artista; Weezer taldea Estatuan ikusteko aukera bakarra aurten; Suede, britpop estiloaren aitzindariak, inoiz baino gaurkotasun handiagoarekin, eta Hot Hip taldeak itxiko ditu larunbatean agertoki honetako emanaldiak, jaialdiko ikuskizun dibertigarrienetako bat izateko itxura guztia duen emanaldiarekin. Vetusta Morla jaialdira dator berriro, forma-egoera ezin hobean; eta Brockhampton hip hop kolektiboa, iraultza eragiten ari dena agertoki Nagusian aurkeztuko duen bere proposamen urratzailearekin.

BESTEAN agertokia ?beti "bestean" esaten baitiogu agertoki honi?, eta bertan arituko dira Thom Yorke Tomorrow's Modern Boxes taldekoak, Radiohead taldeko buruaren proiektu paraleloarekin; The Good, The Bad & The Queen, Damon Albarn-en superbanda; Nils Frahm kontzertu berezi batekin; Suede disko berriaren aurkezpenarekin eta kritika oso onak jaso dituela; Idles, azken urteotan gehien eskatu izan den taldeetako bat zergatik den frogatzeko; The Blaze, une honetako proiektu elektroniko kitzikagarrienetako bat, eta Vince Staples, urban estiloko erritmoak jaialdira ekarriz.

Agertoki TXIKIA, artista eklektikoenen emanaldietarako; hala nola The Voidz, Julian Casablancas-ek The Strokes taldearekiko paralelo duen proiektua; Slaves, urratzaileak eta aurreikusi ezin direnak; Mueveloreina eta Pony Bravo une dantzagarrienetarako. GORA! agertokia, karpan, Nicola Cruz eta Yaeji artisten zuzeneko set oso bereziekin. Errealitate gordina Sleaford Mods bikote post punkaren iragazkitik igaro ondoren; Jonathan Bree enigmatikoak; HVOB taldearen show zaindua, bisual ikusgarriekin; Cut Copyren maisutasuna eta, larunbatean, amaitzeko, 2Many DJs.

FIRESTONE, banda hasiberrien sorta onenarekin: Delaporte, Baiuca, Lester y Eliza, Georgia, Perro edo Boy Azooga.

BASOA jaialdiko elektronikaren magiaz beteko da berriro ere, eta mugikorra deskonektatzea gomendatuz, naturarekin berriz konektatzeko eta ezerk arreta galarazi gabe dantzatzeko proposamena egingo digute, besterik gabe musikaz eta konpainiaz gozatuz. Lehen gaua LGTBI gau berezia izango da; honako artista hauek parte hartuko dute: Honey Dijon, Midland, Octo Octa, Courtesy eta Ketiov. Laurent Garnier nabarmendu nahi dugu ?DJ set oso bereziarekin datorrelako?, baita Todd Terje eta John Talabot ere; azken horrek eremu honetako emankizunak itxiko ditu aurten ere, iazko emanaldi gozagarriaren ondoren.

LASAI jaialdiaren balkoia da, Bilboko ikuspegi esklusiboez gozatzeko erritmo mantsoan. Ostegunean programazio berezia izango dugu nazioartean oso ezaguna den Red Light Radio irratiarekin, eta zuzenean emango da. Larunbatean, John Talabotek hautatuko DJen txanda izango da.

Beste hiru izen gehitu zaizkio artisten zerrendari: Charlotte Adigéry, mundu guztiaren ahotan egoten hasi den artista, bere pop koloretsuari esker eta Dewalae anaiek (Soulwax/Two Many Djs, beren Deewee zigiluarekin) produzitutako 'Zandoli' diskoaren kalitateari esker; The Intergalactic Republic of Kongo, afro-punk estiloko esperimentua, sortzez marokoarra den Mike Title musikari, artista bikain eta bisionarioa buru izanik, eta aurten bitan ikusi ahal izango ditugu oholtza gainean, Bereziak atalean eta jaialdian; eta Alien Tango, soinuen ustekabeko nahasketa bat, non sintetizadoreak, sitarrak, akordeoiak eta anime sampleak uztartzen diren.

Ordutegiak prest daude jada, eta jaialdiaren bitarteko ofizialetan kontsulta daitezke. Ildo beretik, nabarmendu behar dugu Slaves taldearen emanaldia ostiraletik ostegunera aldatu behar izan dugula, jaialdiarekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik.

Musikaz gain, gerturatzen direnek elikadurarekin lotutako gustu eta premia guztietarako foodtruck-en eskaintza aurkituko dute; janaria saltzen duten 25 postu inguru egongo dira, jaialdiaren merchandising esklusiboa salduko duen postu bat, baita artisten eta diseinatzaile independenteen bildumen postuak ere. Jaialdiak bat egin du plastikoa murriztearen eta gure planeta zaintzearen aldeko borrokarekin, eta aurten ere, edalontzi birziklagarriak alokatzeko sistema jarriko du martxan; horretaz gain, hondakinak behar bezala kudeatzeko edukiontziak ere egongo dira.

Aurreko urteetan bezala, doako autobus-zerbitzua eskainiko da eremura iristeko.

AKELARRE

Jaialdiko kanpalekuan ere musika ona izango da nagusi Akelarre programazioarekin; aurten, lehenengo iristen direnei ongietorria egiteko festa berezia egongo da ilunabarrean, Nicola Cruz-en DJ Set batekin, 20:30etik aurrera. Jaialdiaren hiru egunetan, kanpalekuaren erabiltzaileek antolatzaileek egunez egun ezagutzera emango dituzten ezusteko jardunez gozatzeko aukera izango dute 12:00etatik 20:00etara bitartean.

BEREZIAK

Aurten ere, jaialdiak Kobetamendiko mugak gainditu eta hiriaren erdigunera jaitsiko da, bilbotar guztien eta egun horietan gure artean egongo diren eta Bilboko kaleetan barrena egunez ibiliko direnen gozamenerako. Askotariko programazioa eskainiko dugu, jende guztiarentzako modukoa, 4 agertokitan banatuta: Isozaki dorreak Carrefour, Albiako lorategiak Cinzano, Areatza Heineken eta BBK areatoaren pareko agertokia, Kale Nagusian.

Programazioa ostegunean hasiko da Mastodonte taldearekin; Asier Etxeandia aktoreak Enrico Barbarorekin batera sortu duen proiektu goraipatua eta arriskatua da Mastodonte, eta Kale Nagusian bertan egingo dute emanaldia.

Horretaz gain, Anni B Sweet artistak bere laugarren albuma aurkeztuko du; Cariño sasoi honetako talde berri garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da, beren abesti freskoei, lotsagabekeriari eta espiritu gordinari esker; Gimnástica nortasun handiko taldeak rock alternatiboaren irmotasuna, musika elektronikoari egindako keinuak eta misterio-kutsuz inguratutako melodiak uztartzea lortu du; Los Hermanos Cubero, beren zauriak eta beren bihotzak zabalduz; Lorena Álvarez, bere balioaniztasun artistikoari esker folka berrinterpretatuz; Mujeres, musika alternatiboaren munduko rock talderik handienetako bat; Ortiga taldeak berbena arte bihurtzeko dohaina du; Pony Bravo taldearen 'Guru' laugarren disko desiratua; The Intergalactic Republic of Kongo taldeak doinu elektronikoak perkusio afrikarraren bitartez bideratzen ditu, punk estilotik gertu dagoen estetika batekin eta gizarte modernoari buruzko gaietan sakontzen duten letrak eginez; eta Venturi hiruko madrildar gaztearen 'Mi estúpida opinión' lehen diskoan gaztetasuna esku bakarrekin zapaltzen denean ateratzen den amorru eta samurtasun guztia gitarra sendoen eta melodia onen bitartez adierazten da.

BILBAO BBK LIVE EXPERIENCE!

Jaialdiko musika-programazioaz gain, aurtengo berrikuntza Bilbao BBK Live Experience! izango da, hau da, jaialdiaren eskumuturrekoak esperientzia errepikaezinak bizitzeko aukera emango du. Kultura-etxe, museo eta dendek jaialdiarekin bat egin dute eta, horri esker, egun hauetan gure artean izango direnek bizi ahal izango duten esperientzia ahaztezina izango da.

Eskumuturrekoa izateak deskontuak lortzeko aukera emango du bai dendetan, bai Museo Guggenheim Bilbao museoa, Arte Ederren Museoa eta Athletic Club Museoa bisitatzeko.

ERASO SEXISTARIK GABEKO JAIALDIA

2017. urteaz geroztik, Jaialdia antolatzen dutenek eraso sexisten aurkako borrokarekin bat egin dute eta, azken urteetako edizio hauetan, Bilbao BBK Live jaialdirako prebentzioko eta sentsibilizazioko kanpainak aurkeztu izan dira. Bilboko Aste Nagusian gizartean hainbeste zabaldutako "Ez beti da Ez. No es no" mezua baliatuko dugu geuk ere, errespetuan eta askatasunean oinarritutako harremanak eta jokabideak izan daitezen nagusi gure hirian izango dugun ekitaldi garrantzitsu honetan ere.

Gaur goizeko prentsaurrekoan, Udalak herritarrei, oro har, eta, bereziki, emakumeei begira jartzen dituen baliabideen berri eman dugu, betiere errespetuan eta askatasunean oinarritutako harremanen aldeko sentsibilizazioa eta inpaktua sortzearren. Bilbao Bbk Live jaialdian zabaltzeko diseinatu den askotariko materialean, eraso bat jasanez gero edo erasoren bat ikusiz gero zer egin behar den eta zer telefono-zenbakitara deitu behar den zehazten da.

Aurreko urteetan bezala, jaialdiaren kartela egokitu egin dugu "EZ beti da EZ" / "NO es NO" mezuarekin, eta eraso sexistak nola identifikatu eta horien aurrean nola erantzun jakinarazten duen informazio-liburuxka 4 hizkuntzatan berrargitaratu dugu: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Liburuxka horrek bertsio digitala eta deskarga daitekeen bertsioa izango ditu, eta eraso sexistak zer diren argitzen du, neskei eta mutilei bideratutako mezu zuzenekin.

Bilboko Udalak gogorarazi nahi du emakumeen aurkako sexu-erasoak salatu egin daitezkeela eta, halaber, herritar guztion inplikazioa eskatu du emakumeen eta gizonen artean berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko harremanak izatearen aldeko konpromiso aktiboari eustearren.

noticias de noticiasdenavarra