BILBO. “Hirugarren Milurtekoa” atalean (Algortako Geltokia plaza, 19:00etan), zaleek Aishinka emakumezkoen ahots-taldearen saioaz gozatu ahal izango dute.

Madeleine Peyroux (1973, Athens; Georgia) jazz munduko abeslaririk arrakastatsuenetariko bat da, baita 90eko hamarkadako prodijiorik handienetakoa ere. Haren musikan, hainbat kantari handien eragina antzeman daiteke, esaterako Ella Fitzgerald, Edith Piaf, Marianne Faithfull eta Patsy Cline eta Billie Holidayena eta, izan ere, azken horrekin alderatzen dute sarritan. Peyroux Brooklyn, Hego Kalifornia eta Paris artean hazi zen. Azken hiri horretan hasi zen abesten, latindarren auzoan aritzen ziren kaleko taldeekin bat eginez. Gero, Lost Wandering Blues & Jazz Band taldeko kide egin zen, eta bira bat egin zuen Europa osoan, zenbait urtean.

Ameriketako Estatu Batuetara itzuli zenean, Dreamland harrigarriarekin egin zuen debuta 1996an. 200.000tik gora kopia saldu zituen, eta bat-batean egin zen ospetsu. Zortzi urte agertokietatik kanpo eman ondoren, 2004an bigarren lana eman zuen argitara: Careless Love, eta horri esker kritikarien ahots gogokoenetako bat izatera igaro zen.

Urte horretan Got You On My Mind ere argitara eman zuen, William Galisonekin egindako duetoa, alegia. Horren ondoren, honakoak iritsi ziren: Half The Perfect World (2006), Bare Bones (2009), “Standing On The Rooftop (2011), The Blue Room (2013), Keep Me in Your Heart for a While (2014) eta Secular Hymns (2016). Orain arte kaleratutako azkeneko lana Anthem da (2018), zeinetan ospe handiko musikariek hartu duten parte, hala nola Bob Dylan, Bruce Springsteen, Brian MacLeod eta Patrick Warren. Elkarrekin munduaren egoerari buruzko begirada ospela, poetikoa eta batzuetan filosofikoa islatu dute.

Talde Lehiaketan Marc Martín Triok parte hartuko du. Hirukotean jazz generoaren ezarpen formalak ezin hobeto uztartzen dira gazteriaren freskotasun eta trebeziarekin. “Hirugarren Milurtekoa” atalean, berriz, Aishinka zazpikotea izango da protagonista. Emakumezkoen ahots-talde hau 2016. Urtean sortu zen, Bulgariako kanta tradizionalen bidez, jazzaren inprobisazioaren askatasunarekin berrikusita, musika transmisioa esploratzeko asmoz. Zazpikoteak Belgikako Lovainako Jazzaldiko B talde lehiaketa irabazi du aurten.

Lindy Hop

Goizean, 12:00etatik aurrera, New Yorken 20 hamarkadan sortutako Lindy Hop dantza-estiloa ikasteko eskola irekia izango da Algortako Geltokia plazan, 12:00etatik aurrera, Helena Golab dantzariaren eskutik. Horren ondoren, 13:00etan, euskal musikarik osatutako bandaren saioa izango da. Horretan swing musikaren standard ospetsuenak joko dituzte. Dantzari batzuk ere parte hartuko dute, publikoa dantzarazteko asmoz.