Joxemari Iturralderen Xerazade partikularra Dafne Zorregieta Rondaall deitzen da. Urte luzez Mexikon bizi izan zen holandarra du ama eta aita, berriz, euskalduna. Dafne, aldiz, Luzea hirian jaio zen, Jamaikan. Luzea ere bada protagonistak Euskal Herriraino, “gure zulo beltzeraino”, egiten duen bidaia. Tolosarrak Donostian aurkeztu zuen Jamaikako neska bere azken eleberria, Harkaitz Canorekin batera.

Iturralderen nobela Mila gau eta bat gehiagorekin antzekotasun handia du, bereziki, ahozko tradizioari dagokionean. Horrela imajinatu zuen autoreak orain dela hiru urte proiektua hasi zuenean. Batak zein besteak kateatutako istorioak kontatzen dituen emakume bat dute protagonista -aitortu zuenez, “erronka” izan da idazlearentzat gizon baten perspektibatik emakume sinesgarri bat sor-tzea-: Jamaikako neska “istorioak kontatzearen aldeko erreibindikazioa da”. “Dafnek istorioak kontatzen ditu bere burua salbatzeko modu gisa, baina ez gainetik bizitza kenduko dion errege bat duelako, baizik eta bere bizitzeko modua delako”, azaldu zuen Iturraldek.

Bere aldetik, “gaur egungo Xerezade moduko” hori deskribatzeko Eleonor Rigby abestiari erreferentzia egin zion Canok. The Beatlesen kanta bezala, pertsonaia “argi-itzalez” beterik dago: “Letra iluna, melodia argia”.

“Naziotasun likidoan” kokatzen du Dafnek bere burua. Ez da hemengoa, ezta hangoa ere. Bere arbasoen sustraiez elikatzen da errealitate berria sortzeko, bere bidean aurrera egiteko, “solvitur ambulando”. Euskal Herrira bidaia egiten du pertsonaiak, “patua da”. “Zulo beltz batean bizi gara”, adierazi zuen idazleak euskal sortzaileei buruz: “Nahi eta nahi ez, beti buka-tzen dugu Euskal Herriari buruz hitz egiten. Ez dut ezagutzen euskal idazlerik hori egiten ez duenik”.

Lauzpabost kontakizun luzek gorpuzten dute eleberria. Tartean oso laburrak diren “mordoska” bat ere badaude, “bi esaldietan kontatzen diren proto-ipuinak”. Horien bitartez “garai asko zeharkatzen” dira eta nobela bera genero batetik bestera aldatu egiten da. Autoariketa memorialistiko batetik, forma “nobeleskoago” batera salto egiten du; handik, “peripeziaz” beteriko abentura batera; bira berri batean, “western barojiano” edo “detektibe kutsua” duen eleberri baten antza hartzen du; “mutatis mutandi”.

“Irakurlea bira noiz etorriko zain egongo da”, aurreratu zuen Canok eta gehitu zuen Jamaikako neskan Iturralderen aurreko eleberrietan dauden elementu asko topa daitezkela. “Irakurle abentureroa izatea eskatzen du, protagonista bezala”, esan zuen lasartearrak, nobelaren “estruktura bereziari erreferentzia eginez.

“Ez da liburu filosofiko, historiko edo soziologikoa”, argitu nahi izan zuen Pott bandaren sustatzaile izandakoak, “poliedrikoa da”. Tolosarrak literaturgintzaren maxima bat ekarri zuen gogora: bi nobela mota daude, dagoen lekutik kanpora joan nahi dutenen istorioak kontatzen dituztenak edo, kontrara, etxera edo iturburura bidaia buelta egiten dutenak. Orain arte, bere burua lehenengoen artean kokatu izan du; azken honekin, ordea, argi dago bigarrenen artean dagoela.

Aurreko lanekin alderatuta, ETAk armak uzteko borondatea adierazten duen momentu berean bukatzen da eleberria. Ez da Iturralderengan estilo berria, bere eleberriak, tematika ezberdinak lantzen badituzte ere, kronologikoki “kateaturik” baitaude: Izua hemen (1989) liburuan Gerra Zibilaren osteko garaiak kontatzen ditu eta Kilkirra eta roulottea (1997) Franko hiltzen den egun berean hasten da, esaterako.

Egilea. Joxemari Iturralde.

Argitaletxea. Pamiela.

Orrialdeak. 231.

Salneurria. 16 euro.