donostia - Pasai San Pedroko Albaola Itsas Faktorian egiten ari diren nao San Joanen erreplikak aurrera jarraitzen du. Itsasertzeko arotzak orduan egiten zen bezala (XVI. mendeko modura) ari dira eraikitzen ontzia eta bekea edo muturra amaitzen ari dira egunotan.

Beke hori brankako kroskotik ateratzen den ontzi-muturra da eta ezinbesteko pieza da hainbat lanetarako; oihal zebadera lantzeko adibidez, edota aingurak altxatzerako orduan ere lanleku printzipala da. Antzina itsas guduetan ere erabiltzen zen abordatzeko pasabide gisa eta lasaitasun-uneetan, berriz, komun lanak ere egiten zituen.

Pasaiako ontziolatik azaldu dutenez, San Juan jatorrizko ontziaren lanetan eraikitzaileek fantasiaz egin duten pieza bakarra omen da eta arku bat irudikatzen du gezi eta guzti.

Beke edo mutur horrek latinez hegaztiaren mokoa esan nahi duen beccusi zor dio izena. Frantsesez bec itzultzen da eta ingelesez, berriz, beak. Egia esan, ontziaren elementu honek antza handia du hegazti baten mokoarekin. Muturra amaitutakoan, hurrengo asteetan zehar karela jarriko diote brankako gazteluari atxikita.

Albaolan 2013an hasi ziren San Joan itsasontziaren erreplika egiten. Baleontzi hau Pasaiako ontzioletatik itsasoratu eta kanadar kostaldean hondoratu zen Labradorreko penin-tsularen kostaldean. Hasiera batean, ontzia 2016ko Kulturaren Europar Hiriburutzarekin bat itsasoratzeko asmoa zegoen, baina hainbat ustekabekok atzerapena eragin zuten. On-tzia antzinako eran berregiteak sekulako lana dakar eta horregatik atzeratu da haren uretaratzea data jakinik gabe. Inolaz ere, Pasaian 2018ko maiatzaren 17tik 21era bitartean ospatu zen itsas jaialdiaren aurkezpen ekitaldian, Albaolako presidente den Xabier Agotek esan zuen jendaurrean San Joanaren uretaratzea 2020. urtean egiteko asmoa dagoela, Pasaiako badiak bigarren aldiz jaialdi hura ospatzen duenean.

Bost urteko ibilbide honetan, baleontziaren eraikitze lanak zertan diren ikustera 250.000 bisitari etorri dira jada itsas faktoriara.