iruñea - Joan zen astean Euria aurrerapena estreinatu ondoren, Kaskezur talde nafarraren lan berria Badok euskal musikaren atarira iritsiko da gaur; eta irailaren 16an plazaratuko da gainontzeko plataforma digitaletan. Aniztasuna, konplexutasuna eta esperimentazioa dira Ihesi doaz animaliak-en zeinu nagusiak, orain artean talde nafarrak plazaratu duen diskorik landu eta garbiena.

Diskoa berako Atala estudioan grabatu da Iñigo Irazokirekin; eta Joseba Irazoki, Miren Narbaiza (MICE) eta Ibai Gogortzaren (Borrokan) kolaborazioak biltzen ditu.

2017an argitaratutako Azpisugeak (Mukuru Records) lanarekin, bide berri bat zabaldu zuen taldeak soinuari dagokionez, hein handi batean Ibai Gogortza ekoizlearen esku hartzeari esker. Talde-kideek adierazi bezala, Ihesi doaz animaliak disko berrian, aintzinetik irekitako bide horri heutsi bakarrik ez eta are gehiago barneratu da taldea, “The Cure edo Sonic Youth taldeak gogoratzen dituen soinu ilun eta sakonagoetan murgilduz, baina izpi argitsu eta doinu bizigarriak galdu gabe”. 10 abestiz osatutako diskoa Badok atarian aditu daiteke gaurtik, eta irailaren 16an plataforma digital nagusietara jauzi eginen du.

Aurreko lanarekin bai publikoaren bai kritikaren babesa jaso ondoren, bere unerik egonkorrenetako baten aurkitzen da taldea, eta dagoeneko disko berriaren aurkezpen birako lehenengo kontzertuak iragarri ditu: ostiral honetan izango da lehenengoa, Donostia Festibaleko eszenatokian; eta irailaren 26an Bilboko Kafe An-tzokian arituko da.

Hamaika urteko ibilbidea 2008an eman zituen lehen pausoak Kaskezurrek, “Baztango bailararen lasaitasuna, haien noise eta rock soinuekin aztoratzea” erabaki zutenean. Hasieratik 4 partaidek osa-tzen dute taldea, gaur egun Ion, Mikel, Imanol eta Iñigok segitzen dutelarik; 2 ahots, 2 gitarra, baxua eta bateria formatuan beti.

2013an, Ilgora (autoekoizpena) argitaratu zuen, taldearen soinua aldatu eta, aldi berean, euskal eszena alternatiboaren ateak ireki zizkion diska. Aurretik, rock klasikoaren eta psikodelian ausnartzen duten Gure Jokua (Labatelkueyo Records, 2010) eta Itzulera? (autoekoizpena, 2008) lehendabiziko lanak argitaratu zituzten.

Azpisugeak lanak (Mukuru, 2017) harrera ona izan zuen bai kritikaren bai publikoaren aldetik, eta Euskal Herriko musikaren eszenan berezko lekua finkatzea ahalbidetu zion taldeari, hainbat hedabidetako urteko diska onenen zerrendetan sartuz.

Iragarritako kontzertuak. Donostia Festibala (ostiralean), Kafe Antzokia (Bilbo, irailak 26), Elizondo (irailak 27), Bera (urriak 18), Txintxarri (Iruñea, urriak 25)...