Síguenos en redes sociales:

‘Etxe honetan’ haurrentzako bilduma argitaratu du Pamielak

Etxepare sariaren irabazlea da Aintzane Usandizaga eta Asier Iturralderen lana

‘Etxe honetan’ haurrentzako bilduma argitaratu du Pamielak

iruñea - Asier Iturralde Gaston ilustratzaileak eta Aintzane Usandizaga idazleak sortutako Etxe honetan bilduma plazaratu berri du Pamiela argitaletxeak. Lana, Nafarroako 22 toki entitatek, Galtzagorri Elkartearen eta bildumaren argitaratzailearen lagun-tzarekin antolatzen duten Etxepare Sariaren 13. edizioaren irabazlea izan zen, ekainan iragarri zuten bezala. Iturralde eta Usandizagaren lanak bi protagonista nagusi ditu, etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitatxi euskaldun eta moderno bat, eta honen egunerokotasuna eta errutina hankaz gora paratzera datorren iloba txikia.

Aitona-iloba baten arteko harremana Egileek atzo bildumaren aurkezpenean azpimarratu zuten bezala, etxetako arauak, egunerokotasuna eta umorea dira istorioaren gako nagusiak. Iruñako Udalak antolatzen duen Biko-Teka bilduma ilustrazioak egiteko tailerrean ezagutu zuten elkar, gogoratu zuten bezala, eta hortik sortu zen Etxe honetan. Usandizagak idatzitako narraziotik abiatuta eraiki zuten bilduma. Idazleak azpimarratu bezala, “erronka bat” izan zen istorioak kontatzeko modu berri horri ekitea. “Testua eta irudia, azken batean, eskutik doaz, eta Asierren ilustrazioek gaitasun narratibo handia daukate, xehetasun askorekin”. “Liburu-objektuen maitale gara bai Aintzane baita ni ere”, adierazi zuen ilustratzaileak, bere aldetik, “eta horregatik liburuko atal desberdinei garrantzia handia eman diegu”. Izan ere, narrazioari ekarpenak egiten dizkioten bestelako ilustrazioek bilduma osatzen dute.

Lehiaketaren epaimahaiko kideek sariren irabazlea iragarri zutenean adierazi bezala, “edonori ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte autoreek, umorea maisuki erabiliz eta irribarrean lehen minututik sorraraziz”. Aurtengo edizioan epaimahaikide aritu dira Etxepare Sarian Leire Bilbao (idazlea), Leire Salaberria (ilustratzailea) eta Idoia Sobrino (liburuzaina).

Pamiela argitaletxeko Carmen Elvirak azpimarratu bezala, Etxepare bezalako sariketak “eskaparate politak dira egileentzat”, eta “beharrezkoak dira horrelako lanak plazaratzeko”. 2006an hasi zuen bere ibilbidea sariketak, eta urte guzti hauetan 13 lan argitaratu dira bere eskutik.

2020ko Etxepare Sariketa, abianJoseba Otondo Baztango alkateak iragarri zuen dagoeneko sariketaren hurrengo edizioa abian dagoela eta lanak aurkezteko epea 2020ko maiatzaren 8ra arte irekita dagoela. Haurrei zuzenduriko album ilustratuak aurkeztu ahal izanen dira sarira, euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen direlarik. Epaimahaia haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute, eta udal mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute. Sari bakarra emango da, 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Lana, gainera, Pamiela argitaletxeak plazaratuko du.

Etxepare saria Nafarroako 22 toki entitatek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen dute: Agoiz, Antsoain, Atarrabia, Barañain, Baztan, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Esteribar, Galar Zendea eta Garesko Udalek eta Bortzirieteako Euskara Mankomunitateak.