iruñea - Iritsi da 2019ko Bertsoaroa. Azaroaren 5ean hasi eta 26ra arte, zortzi emanaldi eskainiko ditu Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatzen duten zikloak. 1991an abiatu zen lankidetza hori, eta horren fruitu da aurtengo eskain-tza ere, 29.ena. Beste behin ere, bertsolaritza bere aniztasunean eta kalitate gorenean hurbilduko du zikloak Iruñera.

Ohi bezala, bertsogintza ardatz duten askotariko emanaldiak bilduko ditu aurtengo egitarauak ere, bertsoa publikoarengana molde ezberdinetan gerturatzeko asmoz. Oraingoan, gainera, bi estreinaldi jasoko ditu zikloak. Lehena, Gorria, Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Exebarrieta dantzariaren proiektua da, bertsolaritza eta flamenkoa lotzen dituena. 2018ko Lanku beka irabazi zuen proiektuak (orduan, Tan takatan izenarekin), eta Iruñekoa izango da publiko aurreko lehen emankizuna. Bigarren estreinaldia Urpekakariak haur antzerkiarena izango da. Lierni Hernandez eta Eneko Arrate aktoreek gorpuztuko dute Ane Labakak eta Miren Amurizak idatzitako istorioa.

Aurreko urteetan bezalaxe, punta-puntako bi bertso jaialdi ere izango dira (zikloa ireki eta ixteko), eta baita bertsolari gazteen saio bat ere. Gainera, Koldo Izagirrek Bertsoaren harria bere azken liburua aurkeztuko du, bi bertsolariek lagunduta. Eñaut Agirre eta Unai Agirre anaiek, gainera, bertso musikatu sorta bat ekarriko dute, Iruñera egokitutako Auskalo zeinek jarriak emanaldiarekin, musikariak lagunduta, eta haurrentzako bertso tailer bat ere izango da.

Gurutze Plazatik Nafarroako Antzerki Eskolara Aldaketa nagusia bertso jaialdien kokapenari dagokiena da: aurten, Gurutze Plazako Instituaren ordez Nafarroako Antzerki Eskolan egingo dira bi bertso jaialdiak (San Agustin kalean). Bertako bi emanaldietarako gonbidapenak jaso beharko dira aretoan bertan, emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik, eta bukatu arte. Gonbidapenak beharko dira ere Kondestable Civivoxeko areto nagusiko bi emanaldietarako (hauek ere ordubete lehenagotik). Zikloko saio guztiak doakoak dira, salbu eta haurren-tzako bi emanaldiak, 3 euroko sarrera izango dutenak.

Bertsoaroa 1987. urtean sortu zuten Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak, euskal kulturaren arte horren etorkizuna eta transmisioa bermatzeko. Ordutik, urte akabera izaten du urtero hitzordu jaialdiak. - M.M.