donostia - Jon Maia eta Oihana Iguaranek lortu dituzte asteburu honetan jokatu diren bi saioetan finalaurrekoetarako lehen txartelak. Maiak larunbatean Eibarren izan zen nagusi, eta Iguaran, atzo, Azpeitian. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari final laurden bakarra falta zaio fase hau ixteko.

Asteburuko lehen saioa Eibarko Coliseo Antzokian ospatu zen, eta Jon Maiak lortutako 475 puntuen atzetik, Jokin Uranga (467,5), Unai Muñoa (451), Gorka Maiz (441), Mikel Tapia (424,5) eta Felix Zubia (423,5) sailkatu ziren.

Igandean, berriz, Iguaranek 485,5 puntu eskuratu ditu, Iñigo Mantzizidor (484), Nerea Elustondo (476,5), Alaia Martin (475), Amaia Iturriotz (463,5), eta Iñaki Gurrutxagaren (421) aurretik. Iguaran eta Maia abenduaren 1ean Tolosan jokatuko den finalaurrekoan ibiliko dira, sailkapenez sartuko diren beste lau bertsolarirekin batera.

Final-laurdenak larunbat honetan amaituko dira Azkoitian, eta bertan Ander Lizarralde, Ane Labaka, Ane Zuazubiskar, Beñat Gaztelumendi (egungo txapelduna), Maialen Akizu, eta Mikel Artola arituko dira. - N.G.