Kultur eragileentzat Azokan saldutakoa urte guztiko fakturazioaren %22a da

Gerediagak agindutako ikerketaren arabera Landako gunean jazotzen den kultur plazaren eragina 5,8 milioi eurokoa da

17.12.2019 | 17:47
Durangora hurbildu ziren bisitariek milioi bat euro baino gehiago xahutu zituzten iazko Azokan liburuak erosten.Argazkia: Oskar González

Gerediagak agindutako ikerketaren arabera Landako gunean jazotzen den kultur plazaren eragina 6 milioi da

Durango - Letrentzako berebiziko garrantzia duen Durangoko Azokaren eragina lehen aldiz neurtu da zifren bidez. Emaitza adierazgarrienen artean, nabarmentzekoa da kultur eragileentzat azokan saltzen dutena urteko fakturazioaren %22a dela batez besteko. Bestetik, Landako gunean jazotzen den kultur plazaren eragin ekonomikoa 5.848.000 eurokoa da. Bisitariaren profilari dagokionez, hirutik bi 45 urtetik beherakoak dira, batezbesteko 77 euro gastatzen dituzte eta haien motibazio nagusia "euskara eta euskal kulturari bultzada ematea" izaten da. Gerediaga Elkarteak eta Siadeco Ikerketa Taldeak aurkeztu zituzten atzo datuak, iaz bisitariei egindako 710 inkestetan eta 109 eragileri egindako galdeketan oinarrituta. Datorren urtera arte ateak itxi ostean, atzo, 54. edizioaren balorazio "oso ona" egin zuen antolakun-tzak, 120.000 bisitari jaso direla aipatuz. Egunik jendetsuena ostirala izan zen, jai eguna.

Azokaren balio kualitatiboari 2015ean hartu zitzaion neurria lehen aldiz eta Siadecoko kide den Juanjo Allurrek atzo aurkeztutako zifrek osatu egiten dute lehen neurketa hori. Adierazi zuenez, 2018ko salmentetan Durangoko Azokak izandako pisua ezberdina izan zen eragile motaren arabera, nahiz eta batez besteko fakturazioa urte guztiko %22koa izan. Pertsona fisikoen eta autonomoen kasuan, %34koa izan zen; irabazi asmorik gabeko elkarteetan, %36koa; enpresa pribatuetan, %11koa; eta erakunde publikoetan, %1ekoa. "Eragin ekokomiko ona duela uste dutenek -%58,6a- saltzeko leku ona dela nabarmendu dute, ikusgarritasuna ematen dietelako", azaldu zuen Allurrek, izan ere Azoka ezagutzera emateko plaza garrantzitsua izaten da. Gainera, gero eta gehiago saltzen dutela adierazi zutenak (%19a) gero eta gutxiago saltzen dutela uste dutenak (%14a) baino gehiago izan ziren. Alde negatiboen artean erakusmahaien prezioa aipatu zuten.

Bestetik, eragin ekonomikoari dagokionez, iaz 5.848.000 eurokoa izan zela azpimarratu zuen, "zuzeneko, zeharkako eta induzitutako" ekoizpenak aintzat hartuz. Neurketa honek, bisitariek Landakotik kanpo (kafetegi, jatetxe...) edota garraioan egiten dituztun gastuak kontuan izaten ditu. Azokan bertan egindako gastuari dagokionez, bisitariek 1.737.000 euro xahutu zituzten iaz: %60a liburuetan eta %30a diskoetan (%10a papertegian, jolasetan, ikasmaterialean...). Allurren esanetan, bisitari bakoitzak batez besteko 49 euro gastatzen ditu Landakon eta 28 euro Azokatik kanpo. Guztira, 77 euro. Nabarmentzekoa da Landakon 100 euro baino gehiago gastatzeko aurreikuspenaz joaten dela %10a eta gehien xahutzen dutenak arlo publikoan lan egiten duten 36 eta 45 urte bitartekoak direla (65,5 euro batezbesteko). Gainera, Allurren hitzetan, "Azokaren eragina ez da mugatu behar lau egunetara, bisitari batek baino gehiagok dio Azoka bukatutakoan liburu bat erosten duela Azokaren eraginez".

Sidecoko kideak bisitariaren profilari dagokionez azaldu zuenez, azpimarratzekoa da bisitarien gehiengo zabala 45 urtetik beherakoa dela: 26-45 urte bitartekoak dira bisitarien %47 eta 18-26 urte bitartekoak dira %20a (16 urtetik beherakoen daturik ez da jaso). Gehienak emakumeak dira, eta Bizkaia (%48) eta Gipuzkoatik (%37) datoz batez ere. Hamar bisitaritik bederatzi euskaldunak dira. Azokara hurbiltzeko zergatien artean, "euskara eta euskal kulturari bultzada ematea, euskal kulturarekin lotutako giroaz gozatzea eta euskal kulturako produktuen berri izatea" aipatu zituen Juanjo Allurrek. Gainera, bisitari askorentzat "ohitura izaten da, zubiaren planetan sartzen den zerbait delako".

Etengabe entzun "Azpimarratu nahiko genuke datu ekonomikoak jakitearen garrantzia, baina Azokaren aberastasuna zenbakietan baino gehiago neurtu ezin den balioan dago", adierazi zuen Arantza Atutxak, Gerediaga elkarteko kudea-tzaileak, datuak jakitera eman ostean. Zentzu horretan, Azokaren "erakuslehio izaera" nabarmendu zuen: "Euskal sortzaileek eta euskal kulturak egunotan duen ikusgarritasuna ez du inork zalantzan jartzen". Atutxak kultura kontsumoaren aldaketei erantzuteko moldatu beharra azpimarratu zuen. "Horretarako, etengabe entzuteko jarrerarekin jarraituko du Gerediagak. Bereziki, gazteengan arreta jartzen", ezagutarazi zuen. Bestetik, bisitariaren esperientziari begira, "aparkalekuaren arazoa konpontzeko eta garraio publikoa hobetzeko ahaleginak egingo ditugu hurrengo edizioetan."

Gerediaga Elkartetik aurtengo edizioaren "oso balorazio ona" egin zuten. "Emankorra, orekatua, oso jendetsua, anitza eta baikorra" bezala definitu zuten. Bisitari kopuruari dagokionez, edizio "jendetsua" izan dela adierazi zuten. Horrela, 120.000 bisitari pasa dira Landakotik lau egunetan zehar. Egunik jendetsuena abenduaren 6a izan zen, 39.000 bisitarirekin. Ikasleen Eguna ere oso jendetsua izan zela aipatu dute; baina batez ere goiza, arratsaldea jende kopuru aldetik lasaiena izan baitzen. Bestetik, doako lanzadera zerbitzua 5.700 lagunek erabili dutela nabarmendu zuten, eta webguneak 38.800 bisita jaso dituela. Gero eta gehiago dira Landakora hurbildu aurretik programa kontsultatzen dutenak.

Labur labur

Saldu

Fakturazioa. Ikerketaren arabera, eragileentzako batez besteko fakturazioa urte osoko %22a da. Baina ezberdintasun asko daude: autonomoentzako %34koa da eta erakunde publikoentzako, %1ekoa.

Eragina

Ekonomikoa. Guztira 5.848.000 euroko eragin ekonomikoa izan zuen 2018ko Azokak. Bisitariek, Landakon, 1.737.000 euro gastatu zituzten: %60 liburuetan eta %30 diskoetan.

Bisitariak

Profila. Gehiengoa 45 urtetik beherakoa da: 26-45 bitartekoak dira %47a eta 18-26 bitartekoak %20. Bizkaia (%48) eta Gipuzkoatik (%37) datoz batez ere. Eta hamar bisitaritik bederetzi euskaldunak dira.

Erosi

77 euro. Bisitariek batez beste 77 euro gastatzen dituzte: 49 euro Landakon eta 28 euro Durangon. Askok, Azoka bukatutakoan liburu edo disko gehiago erosteko asmoa dutela diote.

Generoa

Emakumeak. Bisitari gehiago emakumeak dira (%59), liburu gehiago erosten dituzte euskaraz urtean zehar, gehiago irakurtzen dute eta garraio publikoa gehigo erabiltzen dute.

Lo último Lo más leído