iruñea - Galderak egiteko beharra du Benito Lertxundik. Ez edonolakoak, baizik eta, geldiaraztetik urrun, gauzak behin eta berriz kinkan jartzea eta bidean aurrera egitea ahalbidetzen dioten horietakoak. Bere burua zalantzan jar-tzeko, barrenetik deseraikitzeko eta berreraikitzeko gaitasuna dauka. Etengabe biziberritzen da. Eta berritze horretan mantentzen da gaur egun arte, akaso horrexegatik hain zuzen ere. 1960ko hamarkadan ekin zion musika bizibideari eta 18 disko baino gehiago plazaratu ditu ordutik; azkena, iaz bere zigilu propioarekin argitaratutako Ospakizun gauean. Gaur, Baluarte antzokian, harrera beroa eginen dio beste behin Iruñeak. Horretan ez, horretan ez dago inolako zalantzarik.

Ospakizun gauean diskoarekin zatoz Baluarteko eszenatokira, dagoeneko urtebeteko ibilbidea izan duen lana. Nola sentitzen dituzu abestiak egun?

-Guzti hau norberaren gauza izaten da eta bakoitzak bere gora-beherak izaten ditu urtean zehar. Zuzeneko emanaldietan, batzuetan oso ongi, emanaldiaren barruan zaudela sentitzen duzu, eta besteetan nolabaiteko gortina bat nabaritzen duzu aurrean. Psikologikoa dela uste dut. Kantuei dagokienez, momentu bat ailegatzen da pixkat aparkatzeko beharra sentitzen duzula, freskatzeko. Aurreneko aldietan, kantuak berriak direnean, gehiago sentitzen dituzu, pultsua hartzen diezu. Gero, ohitzen zarenean, pultsu hori galdu egiten da. Orain, hori bai, errazago ateratzen dira.

Musikaren austeritatea, ahots grabearen protagonismoa, letren garrantzia... Disko honetan ez dira falta dagoeneko berezko zeinu dituzun osagai horiek.

-Bai. Bakoitzak berarekin darama-tzan konstante horiek beti agertzen dira, jarraitzen nauenak diskoan aurkituko ditu. Nire diskografia ikusiz gero, oso erraza da konturatzen ere aldiro-aldiro tonuak jaisten ari direla, iluntzen bezala. Hori oso naturala izaten ari da, adinak ahotsaren tinbrea aldatzen duelako. Kantuak egiteko garaian ere horrek baldintzatzen nau. Baditut kantuak, garai batean lau tonu gorago egiten nituenak. Hori ikaragarria da...

Betiko gauza horiek mantentzen dira, beraz, baina zer dakar berritik?

-Denok aldatzen goaz eta nik badaramatzat urte batzuk jada horretan. Mundu honetara etorri eta inguru egituratu batean erortzen gara. Kontzeptualki, garaian garaiko gauza horiekin bizitzen gara. Nire kasuan, nahiko libreki bizitzea gustatu izan zait, gauzak berrikustea. Zure buruari galderak egin ahala, pentsamoldea aldatzen doa edo, pentsamoldea baino, norberaren pertzeptzio librea. Ni asko aldatu naiz urte askotan barrena, asko daramat gauzak berrikusten. Horren eskutik, nolabaiteko irakurketa berriak egin ditut eta kantuak egiteko garaian islatzen dira. Azken disko honetan hori gehiago areagotu dutela uste dut: mundu psikologikoa eta pertzeptzioak, errebeldia puntu batekin baina erregistro barean.

Guzti honek zerikusia dauka Munduak ez du bakerik abestian aipatzen duzun askatasunaren kontzeptuarekin?

-Bai. Abesti horretan diodana, niretzako bistan dagoen zerbait da: mundua beti dabil oker egiten eta bestea zapaltzen, eta era berean bakearen diskurtsoa darama. Kontraesan bat da. Bakea ezin da bilatu eta aurkitu, bilatzen duzunean urrundu egiten baita. Gauza da zer egiten duzun bizitzan, hau da, gauzak egoki egiten direnean eta zapalketarako bokaziorik ez duzunean, kultura hori zugan ez dagoenean, bakea berez dagoen zerbait da. Egoera natural bat da. Beti gogoratzen naiz William Blaken esaldi batekin: "Gure pertzeptzioaren atean garbiak badira, gauzak diren moduan, xume-xume agertuko lirateke gure aurrean, bila joan gabe".

Ezinbestekoa da xumetasuna?

-Gauza sakonak beti xumeak dira, ez dira barrokoak, ez dira konplikatuak, ez dira korapilatsuak. Xumetasun hori da, ezinbestean, sakontasuna. Ez dago gauza xume bat baino sakonagorik. Gauza da: zer egiten dut? Zer jorratzen dut? Hain zuzen bake eza jorratzen baldin badut, nola arraio esango dut gero bakea nahi dudala? Hori da esan nahi dudana kantu horretan.

Azken abestietan nagusitzen den beste ideietako bat desikastearen beharra da. Zer desikasi eta zertarako?

-Hain zuzen, horretaz ari naiz. Kultura menperatzaile bat barneratu dugunean gure egunerokoan, hasteko, gure buruak dira menpera-tzen eta kateatzen ditugunak. Espazioa kentzen diogu gure buruari, arnasa kentzen diogu, txiki bilaka-tzen dugu. Paretak eraikitzen dizkiogu, espazio eza eraikitzen dugu. Gauzak epaitu gabe begiratu behar dira, aurretik erabakirik hartu gabe, eta orduan soilik ikusten da gauza bera. Orduan, zure buruari galdetzen diozu: honek lagundu edo oztopatu egiten nau? Oztopatzen badu, desikasi egin behar da, ahaztu. Guzti hau, hogeita bi urte inguru nitueneko esperientzia batean oinarritzen da.

Zer nolako esperientzia?

-Oraindik ez nintzen Ez dok Amairun ere jotzen hasia. Beste askok bezalaxe, nik ere banituen joera batzuk, sinesmen edo sineskeria batzuk, printzipio batzuk, eta abar. Bat-batean, batere ahaleginik egin gabe, halako zirta bat sentitu nuen, indar berezi bat, nerbio berezi bat, guzti horri ausardiaz eta jabetasunez begiratzeko. Orduan konturatu nintzen desikasi egin nuela, erabat. Une horretatik aurrera banekien ordura arte egiten nituen gauza asko ez nituela berriro egingo nire bizitzan. Horixe da hain zuzen desikastea.

Desikasteak ausardiarekin lotura zuzena dauka, beraz?

-Inguruak bultzatutako egoera batean zaudenean, eta konturatzen zarenean egiten dituzun gauzak arau edo dogma batean bilakatu direla, iristen da momentu bat galdetu beharra diozula zure buruari: Nik zer zor diot inori honetan egoteko? Uste dut jakin-min kontua dela. Adimen kontua. Izan ere, adimena, edo adi da, edo ez da adimen. Nola galduko dut nik hain baliotsua den zerbait? Autoritatean bilakatu behar da bakoitzaren adimena, ez beste inor. Gauzak garbi ikusten dituzunean, beldurra zenion horri beldurra galtzen diozu. Gauza asko saldu dizkigute gauza beldurgarri eta oker bezala, eta ez dira hala. Kontrakoa. Hori da, niretzat, askatasunaren kultura. Hori da, nolabait esateko, zuhaitzaren enborra.

Galderak egiteko gaitasunak, beraz, izugarrizko garrantzia dauka.

-Sistema totalitarioen etsairik handiena da galdera. Galderak dena garbitzen du. Galderarik ez dagoen bitartean, dena da onartzea, datorren bezala, ahuleziaren jarrera da. Galderak zalantza ekartzen du eta hori ez zaio komeni totalitarismoari. Pertsona batek bere buruari galderak egiten dizkionean harrobi ikaragarri batekin topo egiten du, gauza guztiak jarri daitezkeelako kinkan.

Zalantzarik ez duen pertsona arriskutsua dela erraten da...

-Alienazioaren gaiztokeria da. Zalantzarik ez izateak frustrazioa ere ekartzen du, ez baitzara oso pertsona osatua, halako erdi-purditasun bat ekartzen du, gaitz bilakatzen da. Osasuna, askatasuna da. Askotan aipatzen da mundua salbatzearen ideia. Mundua bakarrik salbatu dezake sentsibilitateak, eta sentsibiltatearen erro nagusia askatasuna da. Askatasunik gabe ezin da sentsibilitaterik egon. Egon daiteke, akaso, sentsibleria... Baina sentsibilitatea beste gauza bat da, adimena da.

Kontzeptu guzti hauek pisu nabarmena daukate zure lanean, letrak musikaren gainetik daudela ere erran daiteke. Zein da poesiari ematen diozun garran-tzia?

-Mota askotako kantuak egin izan ditut, baina akaso datorren tokitik natorrelako, beti eman diot garrantzia letrari. Artearen eta musikaren munduan gauza asko egin dira, eta garai batzuk egon dira, pop giro betean adibidez, lehendabizi musika egin eta gero letra jartzen zitzaiola. Niretzako bide okerra izan da hori, arrazoi askorengatik. Hasteko, kantariak beti zerbait esan behar duelako: ez dut esango zer, bakoitzari atera-tzen zaiona, baina beti esan behar du zerbait. Esandako hori ozenki esan behar du, garbi gelditu behar da. Esan behar dudan horri garrantzia eman nahi badiot, musika ezinbestean hortik abiatu beharko da, hitzek, berez, badaukatelako musikari nolabaiteko bidea irekitzeko ahalmena. Hori da nire-tzat inportanteena. Letra bat idazten dudanean, lau edo bost doinu desberdin egiten dizkiot, eta batekin eta bestearekin nola fun-tzionatzen duen frogatzen hasten naiz. Musikak, nire iritziz, ez du ezer ezkutatu behar. Entzuleak, irakurtzen balego bezala jaso behar du letra, erraz, garbi. Letra, nire-tzat, kantuaren arima da. Gero gorpuztu egiten da kantua, eta zetazko oihalez ere jantzi dezakezu, baina sakonean dagoena letra da.

Musika, letraren erranahia azpimarratzeko?

-Nik gauza asko onartzen ditut, hi-tzik gabeko musika asko dago eta zoragarria ere bada. Askotan zuk zeuk jartzen dizkiozu hitzak musikari, edo giro bat asmatzen duzu musikak iradokitzen dizun horretan oinarrituz. Baina kantari batek, kantari den neurrian, garrantzi-tsua den zerbait kontatu behar du. Aurrean duenarentzako ere garrantzitsua izango den zerbait. Hori, nolabait esateko, nire musikaren arrazoia da. Horri zerbitza-tzen diot. Nola egin zerbitzu hori? Nire ahalmenen arabera, mezua argi eta iluntasunik gabe iritsaraziz, edo horretan saiatuz behintzat.

Iruindarrek gogotsu espero zaituzte gaur, beti bezala, harrera beroa egiteko prest. Zuretzat ere berezia izanen da?

-Iruñea plaza oso hurbila izan da beti niretzat. Lagun asko ditut bertan eta Nafarroa ere asko jorratu dut nire kantuekin. Nafarroa oso inportantea izan da nire ibilbidean eta oso presente dago nire bizitza eta ikuspegietan. Nafarroari ikaragarrizko estimua diot. Beti egin zait oso etxekoia bertako giroa, etxekoa sentitu izan naiz Iruñean. Gayarren izan, frontoian izan, Baluarten izan... Beti da toki oso aproposa eta egokia.