‘Denboraren orbainak’ diskoa plazaratu berri duzue. Soinu aldetik inoizko disko indartsuena, akaso?
Bai, egia esan estudioko lan potente bat dago diskoaren atzean eta horren errudun edo erantzule da Iker Bengoa, diskoaren ekoizlea izandakoa. Oso gustura gelditu gara emaitzarekin, are gehiago ikusita azkeneko urtea nola joan den: taldea berriro martxan ipini, diskoa konposatu, denbora atera… Eta azkenean, emaitza ikusita, oso pozik gaude.
Itzulera berri bat da, urte askoren ondoren datorrena. Nola bizitzen ari zarete Latzenen aro berri hau?
Ilusioz gainezka, egia esan. Beti gustuko izan dugun gauza bat izan da musika egitea eta jendaurrean jotzea. Baina orain ez ditugu 20 urte, badaukagu bizi esperientzia bat, eta denborarekin gauza batzuk erlatibizatzen eta beste batzuk gehiago apreziatzen ikasten duzu. Hori dena kontutan edukita, kristoren ilusioarekin eta indarrarekin gatoz.
Arrakasta modu desberdinean ulertzen da denborarekin?
Arrakasta hitza ez dakit gurekin doan, baina egia da jendearen harrera poztasun handiarekin hartzen dugula. Beste heldutasun batekin hartzen eta kudeatzen dituzu gauzak.
1993-99 urteen arteko fase horretan oso ezagunak egin zineten, ordukoa da Laztana abestia, zalantzarik gabe jende askoren bizitzako soinu bandaren parte den kantu bat. Ez da erraza horrelako kantu bat egitea, ezta?
Egia esan harro egoteko arrazoi bat bada baina, bestalde, gure esku ez dena egon. Lehenengo diskoa atera zenean, 1996an, ez zen sekula singlea edo guk bultzatu nahi genuen kanta izan. Guk azkartasuna eta potentzia nabarmendu nahi genituen garai hartan. Balada bat egin behar zen eta hala egin genuen, baina bultzatu nahi genituenak beste kantuak ziren. Gerora ikusi da Laztana izan dela nabarmendu dena, bi akorde entzun eta jendeak errekonozitzen duen kantu horietako bat, ezkontzatan eta guzti entzuten dena… Pozik egotekoa da, baina ni askotan lotsatu ere egiten naiz, eta lotsatu diot zentzu onean, azken batean ez dugulako ezer berririk asmatu, kantu bat da.
1999an taldearen ibilbidea eten egin zen eta urte batzuk beranduago itzulera txiki baina esanguratsu bat izan zenuten, ‘Infernuko ateetan’ izeneko kontzertu birarekin. 2007-08 artean izan zen hori, eta zuzeneko diskoa grabatzeaz gain ikus-entzunezko bat ere grabatu zenuten. Nola gogoratzen duzu garai hori?
1999an utzi genuenean, arrazoi pertsonal-familiar batengatik izan zen, taldearekin zerikusi zuzenik ez zuen arrazoi bat. Sentsazio txar batekin gelditu ginen, ez genuelako taldearen ibilbidea ongi itxi. 2007an bueltatu ginen, kontzertu batzuk eman eta taldearen zuzeneko on batzuekin amaitzeko. Horregatik jaso zen dena bideoz, baita zuzeneko disko batean ere. Lehenengo zikloaren itxiera zen, eta horren ondotik taldea lozorroan sartu zen, baina behintzat sentsazio onarekin joan ginen.
Behin betiko amaiera bat bezala hartu zenuten?
Bai, horrela izan zen. Kontzertu bira horren ondoren jendea deika aritu zitzaigun leku desberdinetan jotzeko, baina guk oso argi geneukan horretara mugatu behar ginela. Bidean eskaintza tentagarriak egon daitezke, baina gure kasuan aurretik dena hitz eginda, adostuta eta itxita utzi genuen.
Argi gelditu zena jendea Latzen gogoz zegoela zen, eta hala izaten jarraitzen du. Egia da heavy metalak oso publiko fidela duela berez, baina zuen kasuan musika generoa gailentzen duen zerbait dela errango nuke…
Izan daiteke, denetarik dago gure jarraitzaileen artean. Egia da metalean edo heavyan denok garela odoleko anaia-arrebak ia… Ni neu, kontzertu batzuetara joaten naizenean, jendea begiratzen dut eta batzuetan pentsatzen dut: “Hau ia zaharra jaio zen”. Kar-kar... Beti ikusten duzu jende berdina kontzertuetan. Baina egia da generoa gailentzen duen jende asko batu dela Latzenen mundura ere.
Eta zergatik uste duzu gertatzen dela?
Egia esan, ez dakit. Askotan publikora etortzen zaizu heavyak ez diren beste talderen baten kamiseta daraman jendea, eta esaten duzu: “Talde hori gustatzen bazaizu, Latzen gustatzen zaizu?”. Baina bakoitzaren gustuak norberarenak dira, ez naiz horretan sartuko eta horretarako egin dira musika eta koloreak.
Goazen disko berriarekin, ‘Denboraren orbainak’. Esan dugun bezala, Iker Bengoarekin grabatu duzue Silverstar estudioetan. Zer moduz joan da grabaketa fasea?
Gozamen eta tentsio arteko orekan ibili gara. Data hor zegoen, bete beharreko egutegi bat, baina disfrutatu dugu estudiora bueltatzearekin, kantu berriekin… Izugarrizko ilusioarekin bizi izan dugu. Iker Bengoak kanpoko ikuspegia eman dio kantuei, bestalde. Hori dena koktelera batean sartuta, oso esperientzia aberasgarria eta ilusionagarria izan da aldi berean. Indartsua, datozkigun kontzertuetara begira ere.
Latzenen oinarria mantentzen da, baina aldaketa batzuk ere sumatzen dira soinuan. Zertan erranen zenuke aldatu dela?
Kantu batzuk dira bere garaia atzean utzitako ideia batzuetatik hasitako kantuak. Adibidez, 99an egin behar genuen diskorako prestatzen ari ginen kantuetako batzuk, taldea bat-batean gelditu zenez, egin gabe gelditu zirenak. Hortik hasi ginen pixka bat errebisatzen eta ikusten zeintzuk ziren baliagarriak. Latzen kutsua horrela mantendu da. Eta kantu berriak egiterakoan ere, guk berdinak izaten jarraitzen dugu. Egia da badugula taldekide berri bat, Yerko Ortiz gitarrista, baina Joxe, Aitor eta ni hasieratik gaude. Ikerrek, ekoizle moduan, esaten zigun: “98ko Latzen hori 2025era ekartzen saiatuko naiz, bai kantuen egitura aldetik bai soinu aldetik ere”. Eta uste dut hein handi batean lortu dugula hori.
Diskoari izena ematen dion ‘Denboraren orbainak’ abestia instrumentala da, diskoaren erdian kokatuta dago baina kontzertuak irekitzeko horietako baten itxura hartzen zaio, ezta?
Bai, hau adibidez %100 Yerkorena da, gitarrarekin jolasten hasi eta azkenean minutu eta erdiko intro antzerako bat egin zuen. Arnasa hartzeko balio du disko honetan. Eta bai, kantu hau izango da kontzertuak irekiko dituena. Gero, errepertorioa egiteko orduan hartzen dugu kontutan kantua nolakoa den, Aitorren ahotsa, bateriaren erritmoa… Arnasa hartzeko noizbehinka.
Zeharkatzen gaituen garaiaren inguruan mintzatzen diren abestiak egin dituzue, tartean Dogma.
Bai, batzuk gure bizipenetan oinarrituta daude eta beste batzuk, argi dago, kritika egiteko kantuak dira. Dogma, zehazki, gure testuinguruan zein mundu mailan elizak egindako sarraski eta minaren salaketa bat da.
Orokorrean, zeren bueltan hitz egiten dute zuen kantuek disko honetan?
Lehenengo musika egiten dugu beti, eta gero musikaren gainean doinua eta letra sortzen joaten dira. Letrak Aitorrek eta nik egiten ditugu, baina beti premisa batekin, kalean gertatzen diren gauzen inguruan edo jende asko identifikatuta sentitu daitekeen horren inguruan hitz egitea.
Hamar kanturekin osatu duzue diskoa. Kontzertuan abesti gehiago joko dituzue?
Lehenengo bi diskoak aspaldikoak dira, baina jende askorentzako berriak dira, aldi berean. Jende askok ez gaitu zuzenekoan ikusi, beraz mix bat egingo dugu lehenengo bi diskoen eta azkeneko honen artean. Maketako kantu bat ere joko dugu. Denetara, ordu eta berrogeita bost, berrogeita hamar minutu inguru arituko gara. Izerdia botako dugu, ilusioarekin batera. Gure helburua da gu hustu eta jendea betetzea, eta hori lortzen badugu nik gustura egingo dut lo.
Kontzertu bira Nafarroan hasiko da eta ondoren Euskal Herriko beste lekuetan ariko zarete, Bilbon, Azpeitian, Biarritzen… Etxeko kontzertuetarako sarrera guztiak ez badira, ia guztiak agortu dira dagoeneko.
Bai, egia esan niretzat ere sorpresa izan da sarrerak agortu izana. Horrek presio eta beldur pixka bat ere gehitzen du, baina jendearen erantzuna zer nolakoa den ikusita, kristoren indarra ematen du entseatzen jarraitzeko eta taula gainera igotzeko.
Kontzertu gehiago egonen dira, iragarritakoez gain?
Bai, irtengo dira, horretan dabil gure bulegoa lanean, udaberria, uda eta gainontzeko urtea planifikatzen. Asmoa ez da astebururo jotzea, gauza da gure neurrian jotzea, jendea erre gabe, gu erre gabe. Azkenean hau ez da gure ogibidea, guk baditugu gure egunean zortzi orduko lanak, familia, umeak… Eta hori uztartzea ez da erraza izaten. Modu honetan, gustura gaude. Eta Nafarroara eta Iruñera itzuliko gara, ziur.