IRUÑEA - Duela ia lau urte plazaratu zuen Miren Gorrotxategik (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981) bere lehenengo eleberria, 33 ezkil izenburupean, Agustin Zubikarai bekaren lagun-tzarekin. Landa eremuko herrixka batean, baserri giroan kokatzen da trama, lurpetik azaleratzen diren giza hezur batzuk ditu abiapuntu. Hezurrak nola, eleberriko protagonista den familiaren sekretuak ere azaleratzen joaten dira, irakurketan aurrera egin ahala. Tentsioa, misterioa, hilotzak, ikerketa... Genero beltzaren ohiko tresnak erabiltzen aski ongi badakiela erakutsi du Gorrotxategik bere estrainekoan.

2016an argitaratu zenuen 33 ezkil. Ordutik bide oparoa egin du, harrera beroa izan du bai irakurle bai kritikaren aldetik.

-Bai, orain jada distantzia pixka batekin, baina gogoratzen

dut ateratzekotan zenean banuela beldur hori, ze harrera izango

zuen bai kritikaren aldetik bai publikolaren aldetik. Eta izan

duenarekin ezin gusturago, jaso dudan erantzuna oso positiboa

izan da alde guztietatik, eta 111 Akademia sarietarako izendatuta

egon zen eta kaleratu eta berehala film bat egiteko proiektua

ere agertu zen. Inoiz imaginatuko ez nuen dimentsioa hartu zuen.

Imanol Rayok zuzenduko du filma, Hil kanpaiak izenburupean. Norainoinplikatu zara proiektuan?

-Grabaketak uda amaiera aldera egin zituzten, iraila amaiera

eta urrian, eta filmaketan izan nintzen lehenengo astean, nire

fikziozko mundu hori kokatu ahal izan nuen. Harrezkero ez dut

gehiago jarraitu, orain beste fase batean dago, muntaia, soinua

eta guzti horretan dabiltza buru-belarri. Haria ez da berdina,

erran dezagun liburuan oinarrituta dagoela baina ez dela erreprodukzio

fidela inondik ere. Gogoz nago emaitza ikusteko.

33 ezkil, argi eta garbi genero beltzean kokatzen den nobela da. Hala ere, ulertua dudanez, generoaren hautua ez zen aurreikusi zenuen zerbait, ezta?

-Idazketaren helburuan gehiegi hausnartu gabe abiatu nintzen.

Idazteko ariketa bat zen, besterik gabe, eta aurrera egin ahala

forma har-tzen joan zen. Ustekabean agertzen diren hezur batzurekin

hasten den istorio honetan, jorra zitekeen bide bat izan zitekeen

genero beltza, noski. Amaitu nuenean, generoz aldatzeko gogoa

neukan eta pentsatu nuen "Beno, bigarren bat egiten badut ez

dut uste genero honetakoa izanen denik". Azkenean, idazten hasi

eta berriro bide berdinera bideratu naiz.

Bai irakurle bai idazle harrapa-tzen dituen genero bat delako, akaso...

-Bai, agian hori da. Niri harrapatu nau behintzat, saiatu nahiz

beste zerbait egiten baina... Nik esango nuke datorrena beltz-beltza

ere ez dela, gris iluna dela esanen nuke, baina badauka generotik.

Lehenengo eleberrian baserriaren testuinguruan kokatu zenuen trama. Bigarrenak ere izanen du ku-tsu hori?

-Ez. Oraindik prozesuan dago eta ezin dut gehiegi esan, baina

hasiera batean Nafarroago upategi batean kokatuko da. Landa eremutik,

hala ere, badu.

Zenbat daukate zure lanek desagertzen ari den mundu baten aldarrikapenetik?

-Bigarren honek ez dakit, baina lehenengoak, dudarik gabe,

asko dauka horretatik. Gurasoak baserrikoak ditut eta belaunaldien

arteko etena nabarmena da, bai haiengandik gurera, bai baserriei

dagokienez ere: Haiek bizi izan zituzten baserriek ez dute ezer

ikustekorik gaur egungo baserriekin. Asko aldatu den giroa eta,

orokorrean, mundua da.

Pertsonaiak eraikitzerakoan, ezinbestekoa da euren iluntasuna nabarmentzea?

-Denok dugu alderdi ilun bat, alderdi gris bat. Hortik tira

behar da. Nire kasuan behintzat, bai aurreko eleberrian bai orain

idazten ari naizen honetan, pertsonaia guztiek daukate alde ilun

bat edo, behintzat, ezkutuan dagoen alde bat. Bigarren nobelan

horrekin ari naiz jokatzen: Zenbat dakigu ondokoei buruz? Zenbateraino

ezagutzen ditugu? Zer da alfonbrapean gelditzen den guzti hori?

Zure lehenengo eleberrian, pertsonaia nagusia gizonezkoa izan arren, emakumezko pertsonaiei pisu berezia eman zenien, ezta?

-Nahiko modu naturalean gertatu zen zerbait izan zen. Agian,

idazlea eta pertsonaien artean distantzia pixkat jarri nahi nuen,

sobera ez inplikatzeko. Horregatik, hasiera batean pertsonaia

nagusia gizonezkoa izatea erabaki nuen, Nestor. Baina gero, idazten

ari nintzen heinean, protagonismoa hartzen joan zen emakumea,

Nestorren ama. Bigarren nobela honetan, guzti hori alde batera

utzi eta protagonismoa zuzenean emakume bati eman diot.

Tradizionalki genero oso maskulinoa izan de horri buelta eman eta emakumezkoek protagonismoa irabazten ari direla dirudi azken aldian...

-Bai, agian bai. Emakume idazleak nobela beltzean ere gero

eta gehiago dira eta ikuspegia aldatzen ari da, mundua aldatzen

ari den moduan.

Genero beltzak ia ezinbestean kritika soziala eskutik daramala errango zenuke?

-Nik uste dut baietz. Beltzak ere, beltz bakarrik izate horretan,

ez dakit zenbaterainokoa duen bidea. Nik uste dut badela literaturaren

fun-tzioetako bat kritika soziala. Nik hala erabili nuen lehenengo

nobelan, beste hainbat istorio kontatzeko bide gisa hartu nuen

generoa. Askotan gertatzen den zerbait dela uste dut.

Nobela beltza oso genero zehatza da, definitua nolabait. Zein dira, zure iritziz, eleberri beltz batean sekula falta ezin diren elementuak?

-Oso orokorra den arren, misterioa dela esanen nuke. Hilotzak

ere, neurri batean, ezinbestekoak dira baina ez dakit zenbateraino.

Hala ere, niri behintzat, detektibea erdigunean duen genero prototipo

horretatik aldentzea gustatzen zait.

Erreferentzia zehatzik badituzu literatura alor honetan?

-Ez. Ez da, gainera, gehiegi irakur-tzen dudan genero bat.

Denetatik irakurtzea gustatzen zait. Gainera, eredua nik ez dut

literaturan bakarrik aurkitzen: izan daiteke zineman edo bestelako

arteetan. Oso zabala da inspirazioa. Egunkaria irekitzea bakarrik

nahikoa izaten da askotan literatura beltzerako gaiak aurki-tzeko...

Zer erranen zenioke genero hau azpi-genero bezala gutxiesten dutenei?

-Ez dudala hala denik uste. Kritikaren aldetik hala onartua

izan da, azpi-genero gisa, ikuspegi elitista batetik. Herriari

iristen zaion genero bat dela iruditzen zait, publikoak hori

eskatzen du, beraz, agian oinak lurrera jeitsi eta literatura

zer den edo zer ez den eztabaidatu beharko genuke. Jendea literaturara

gerturatzea gero eta zailagoa zaigu: irakaslea naiz eta badakit

gaztetxoek berehalakotasuna bilatzen dutela. Ikus-entzunezkoa

den munduan, literatura gero eta arrotzago ikusten dute. Masa-kontsumokoa

bada ere, gaztetxo zein helduak nolabait lotzea lortzen badu,

zergatik gutxietsi? Horrek badu bere meritua...

Gurean ere gero eta indartsuago den generoa dugu, ezta?

-Bai, literatura beltza gero eta gehiago idazten da euskaraz

baina esanen nuke oraindik gutxienekoa dela. Badago tartea oraindik.